NAIZ

Errondoko Auzo Etxeak kaleratze mehatxua jaso duela ohartarazi du bere 4. urteurrenean

Kaleratze mehatxua jaso dutela ohartarazi dute Errondoko Auzo Etxeko kideek eta manifestazioa egin dute gaur arratsaldeko 19.00etan. Aste honetan bere 4. urteurrena ospatzen ari dira San Inazio auzoko gune autogestionatuko kideek.

Errondoko Auzo Etxearen kontrako desalojo mehatxua salatzeko manifestazioa. (Errondoko)
Errondoko Auzo Etxearen kontrako desalojo mehatxua salatzeko manifestazioa. (Errondoko)

Errondoko Auzo Etxeak, San Inazio auzoko gune autogestionatuak, kaleratze mehatxua jaso duela ohartarazi du ostegun honetan ohar baten bitartez. Jakinarazi duenez, 5an izango da desalojoa eta horren aurrean antolakuntza politikoaren beharra azpimarratu du.

Duela 4 urte ekin zioten proiektuari hainbat bizilagunek hainbat urtez erabilerarik gabe zeraman Eroskiren lokal bat okupatu zutenean. Eroskik okupazioa salatu zuen eta orain arte bide judiziala hartu du auzia.

Oharrean Errondoko Auzo Etxeak kolektibo ugari barnebiltzen dituela azaldu dute, eta espaziorik geratzeak, kolektibo gorien jardun politiko zein kulturala etetea edo oztopatzea dakarrela. Adibidez boxeo, rokodromo edo zirko taldeak bere jarduera eten beharko luketela ohartarazi dute.

Gainera, «San Inazioko antolakuntza politikoaren kontrako eraso gisa» ulertzen dute Errondokoko kideek desalojo mehatxua, «baina ikuspegi zabalago batetik, antolakuntza politiko ororen kontrakoa ere bai».

Errondoko Auzo Etxeak Eroski egin du kaleratzearen erantzule eta poliziak izango duen jarrera salatu dute: «Beste behin, kapitalaren legea baliatuz, kaleratu nahi gaituzte. Kaleratze hau, Poliziaren bidez gorpuztuko da. Denok dakigun bezala, instituzio honek prozesu hauetan duen papera ez da ausazkoa, moral kapitalistaren ikur nagusienetakoa den jabetza pribatua zaintzea euren funtzioa baita. Eta printzio horren defentsa, beste behin modu gordinean egingo dute, indarraren monopolioa erabiliko baitute antolakuntza politikoaren kontra».

Kaleratze mehatxuaren aurrean Errondoko Auzo Etxeko kideek antolakuntza politikoaren beharra azpimarratu dute. Hilabete honetan lanean jarraituko dutela adierazi dute, «jardun politiko eta kulturala aurrera eramateko beharrezko dugun espazioa defendatzeko».

Sarrikotik abiatutako manifestazio batek desalojo mehatxua salatu du San Inazioko kaleetatik.

4. urteurrena

Errondoko Auzo Etxeak bere 4. urteurrena ospatzen ari da aste honetan hainbat ekimenekin. Astelehenean Ahoztar Zelaietaren ‘Zaldibar: zona zero’ liburuaren aurkezpena egon zen; asteartean ‘Ultraeskuina eta klima aldaketa: Proposamen antifaxista ekologismotik’ Sukar Horia taldearen eskutik; eta atzo elektrizitate tailerra Zirikatzen taldearen eskutik.

Ostiralean rokodromo saioa egongo da 9.00etatik 13.00etara eta Auzo Jam + Freestyle sesioa 17.00etatik 21.00etara.

Larunbatean, apirilak 3, Boxeo master class-a egongo da 10.00etatik 12.00etara; Itziar Moreno presoaren artelanen erakusketa 13.00etatik 14.00etara; eta Esna eta Zoroen Kluba taldeen kontzertua 17.00etatik aurrera.

Igandean kalejira egingo dute eguerdian Errondokotik Sarrikoko parkera. Bertan eskaintza kulturalak egongo dira arratsaldean zehar.