Euskal presoen askatasuna aldarrikatu dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sortuk deitua eta «Askatasuna» lelopean, manifestazio jendetsuak egin dira Donostian, Bilbon, Iruñean eta Gasteizen larunbata honetan, Preso Politikoen Nazioarteko Eguna dela-eta. 

Preso Politikoen Nazioarteko Eguna dela-eta, ehunka pertsona Bilbo eta Donostiako kaleetara atera dira larunbat eguerdi honetan askatasuna aldarrikatzeko eta euskal presoak etxera ekartzea ahalbidetuko duten konponbide politikoak eskatzeko. Arratsaldean, berriz, Iruñean eta Gasteizen izan dira manifestazioak

Bizkaiko hiriburuan 12.00ak pasata hasi da manifestazioa Jesusen Bihotzetik. «Askatasuna» leloa zeraman pankartaren atzean, hiru lerrotan jarri dira ehunka pertsona covid-19 kutsatzeak saihesteko segurtasun-distantzia mantenduz. Bilboko kale nagusitik igaro dira «Euskal presoak etxera», «Independentzia eta sozialismoa», «Borroka da bide bakarra» eta «Jo ta ke irabazi arte» leloak oihukatuz eta ikurriñak eta presoen ikurrak bizkarrean zituztela.

Manifestazioa Plaza Eliptikora iritsi da, eta bertan 79 pertsona zeuden zain, zuriz jantzita eta eskuetan poltsak zituztela, Bizkaiko preso politikoak ordezkatzen. Poltsa bakoitzak preso baten izen abizena zuen. Beste hiriburuetako mobilizazioetan berdina egin dute.

Euskal presoak ordezkatzen zuten pertsonek pankartaren aurrean jarrita, manifestazioa plaza Biribiletik pasa da eta Arriaga Plazan bukatu da. Txalapartaren doinuekin sartu dira manifestariak plazara. Ondoren, Paul Lakak eta Arantza Garbaio preso ohiak egin dute irakurketa, aizkolari batek espetxe-politika irudikatzen zuen enbor bat hausten zuen bitartean.

Gatazka politikoa

«Lehenik eta behin, gure besarkadarik sentikorrena bidali nahi diegu Puerton, Mont de Marsanen, Lannemezanen, Darocan, Zaballan edo espainiar zein frantziar espetxe kriminaletan bahituta dauden euskal preso politiko guztiei. Ihesean eta deportazioan ditugun lagun eta burkide guztiei. Etxean eta gurekin behar zaituztegu, herri bat daukagu eta elkarrekin askatzeko», hasi da hitzartzea. Era berean, beste nazio eta herri zapalduetan askatasunaren alde jarduteagatik espetxeratuta dituzten preso politikoei animoak bidali dizkiete.

Bozeramaileek gatazka politiko bat dagoela gogoratu dute, «9.000 euskal herritar espetxera eraman dituena eta oraindik konpondu gabe dagoena».

«Era guztietara, ETAren jarduera armatua amaitu eta hamarkada batera, nola da posible oraindik preso politiko, iheslari eta deportatuak egotea? Nola da posible haiei guztiei oraindik salbuespeneko neurri politikoak aplikatzea? Erantzuna argia da; estatuentzat haietako bakoitza, aktibo garrantzitsua delako independentziaren aldeko borrokan. Eta horregatik dituzte gatibu, proiektu independentista kaltetzeko modu eraginkorra delako. Eta hori guztia estatuek aski ikasia dute» adierazi dute.

«Ahaleginak bikoiztu eta pitzadura handiago bat eragin»

Hala eta guztiz ere, «Espetxeetatik, kaletik eta erakundeetatik egindako borrokak» emaitzak ekarri dituela nabarmendu dute, eta blokeoa «haustea» lortu dela: «Azken hilabeteetan, espetxe-politika apur bat humanizatu da gerturatzeen bidez, isolamenduaren amaieraen bidez edo bigarren graduen areagotzearen bidez. Pitzadura bat eragin diogu espetxeko hormari baina oraindik benetako zuloa egiteko lan eta borroka handia egin beharra daukagu, espetxetatik, kaletik zein instituzioetatik».

Halaber, azpimarratu dute «ez dela lasaitzeko garaia», eta orain arte egindako ahaleginak «biderkatu» behar direla. «Orain, pitzadura handiago bat eragin behar diogu hormazar horri, presoak etxera bidean jarri nahi baditugu. Berandu baino lehen preso, iheslari eta deportatu politiko guztiak estatuen atzamarretatik askatu ahal izateko», adierazi du Paul Laka Sortuko kideak.

Eusko Gudariak abestuz amaitu dira  ekitaldiak.