Entrevista
Dylan Inglis
Euskara, euskalkiak eta hitanoa maite dituen ingelesa

«Euskararekin hainbeste denbora pasa badiat eta ikasi badiat jendearengatik dek»

Giza Antropologia ikasten du. Ingalaterrako herri txiki batean bizi da eta zortzi hizkuntza hitz egiten ditu, tartean euskara, euskalkiz eta hitanoz jantzia.

Dylan Inglis Markinan, 2019an egindako irudian.
Dylan Inglis Markinan, 2019an egindako irudian.

Ingalaterrako hego-mendebaldean dagoen herri txiki batean jaio zen Dylan Inglis, 1998ko abuztuan, eta bertan hazi eta hezi zen. Bristol da bere etxetik gertuen dagoen hiri esanguratsuena, baina Euskal Herritik gertuago dirudi bertako metropolitik baino.

Zortzi hizkuntza hitz egiten ditu, Giza Antropologia ikasketak egiten ditu eta astero bertsotan aritzen da online, AEBetan duen lagun euskaldun batekin. Badu zer kontatua euskarazko hitanoaren defendatzaile sutsua den gazte ingeles honek.

Elkarrizketa hika egin nahi izan du eta horregatik, bere hitzak ere berak esan dituen moduan bildu eta argitaratu ditugu. Agian ez da euskaraz idazteko modu zuzenena, baina hain zuzen ere artikulu honen funtsa Inglisek euskarari buruz duen ikuspegian oinarritzen da. Ez da soilik euskaraz egiten duen ingeles bat, euskara ulertzeko eta erabiltzeko duen modua ere bereziak dira, eta hori bere hitzetan islatzen da.

Musika, literatura, bertsoak

Hainbeste hizkuntza jakinda ohe ondoko mesanotxean hizkuntza desberdinetan idatzitako liburuak izaten ditu, baina batez ere frantsesez irakurtzen du Inglisek. «Frantsesez filosofia asko irakurtzen diat, gaztelaniaz eleberriak gehiago, eta euskaraz badiat ‘Eraztunen Jauna’ mesanotxean, zeren euskarazko itzulpenak gustatzen zaizkidak, euskara lantzeko beste modu bat bilatu behar baitek horrelako liburu bat itzultzeko».

Euskarazko literatura «benetan deskubritzea falta» zaiola aitortzen du, baina ez da horrela musikarekin: «Euskal musika bai, egunero entzuten diat, asko, izugarrizko aberastasuna zegokela iruditzen zaidak, ia-ia euskal kantari eta musika talde guztiak ezagutzen dizkiat. Azken aldian Olatz Salbadorren disko berria entzun diat, Izaro ere bai, eta xiberotarrez abestutako abestiak, Xiberoots maite diat».

Konfinamenduak Euskal Herrira etortzeko aukera atzeratu badu ere, ekain aldera txertoa jarriko diote eta horren ostean hegazkina edo ferrya hartu eta Euskal Herrira itzultzeko asmoa du. Edonola ere, Euskal Herriarekin harreman iraunkorra du. «Twitterren aski aktiboa nauk, dena euskaraz egiten diat, hortaz lagun batzuekin eta ezezagun batzuekin ere aritzen nauk berbetan».

Horrez gain, Inglisek bertsotan egiten du astean pare bat aldiz Boisen (AEB) bizi den Donostiako lagun batekin. «Egia esan, oraindik ez diat aurrez aurre ezagutu, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteari esker jarri gintuan harremanetan eta bertsotan hasi gintuan; horrela, euskara pixka bat praktikatzen diat. Aurrez, Lekeitioko neska batekin hasi ninduan bertsotan online, Aissa Intxaustirekin. Hasieran hiruak biltzen gintuan, baina orain biok bakarrik aritzen gaituk, zeren Aissa jada beste maila batean zegok, gu hasi berriak gaituk».

Ingelesa eta eskoziarra

Aita eskoziarra eta ama ingelesa ditu, baina bere esanetan, «betidanik Ingalaterran bizi izan nauk, nik erranen nikek ingelesa naizela baina eskoziar pixka batekin». Bere familiako izenaren jatorriak duen zergatia ere azaldu digu Inglisek: «Antza nire familia duela mende batzuk Ingalaterratik Eskoziara joan zian eta ‘ingelesak’ deitzen zitzaien, baina Eskoziako azentuarekin, alegia ‘ingus’ ahoskatzen zuten, baina familiakoei gustatu egin zitzaien eta izentzat hartu zuten».

Eskoziarekin duen harremana zein den ere azaldu du Inglisek: «Haurtzaroan makina bat aldiz egon gaituk eta oso toki polita dek, toki guztiak gaelikoz dituk aitaren eskualdean eta hizkuntzarekin ere bazegok lotura, nahiz eta egun galduxeago dagoen. Zoritxarrez, ez diat gaelikoa hitz egiten, hori noizbait konpondu beharko diat, aitak ere ez zian hitz egiten, zeren berak ikasten zuenean ez ziaten irakasten, bere ondotik hasi ziren gaelikoa irakasten, baina ordurako berak galdu zian aukera».

Ingelesa, frantsesa, gaztelera, txinera eta euskara ongi hitz egiten ditu Inglisek, horrez gain, georgieraz, italieraz eta katalanez «moldatzen» da, eta noizbait aitarekin batera gaelikoa ikasteko asmoa ere badu. «Badaukagu halako plan bat noizbait gaelikoa ikasteko».

Euskarazko lehen hitzak Heletan

Nerabezaroan Frantziara egin zituen bidaietan hainbat lagun egin zituen, eta frantsesa maite zuenez, ikastea erabaki zuen. Gero, unibertsitatean txinatar anitz ezagutu zituen eta txinera ikasteari ekin zion. «Hamar ikasletik bat baino gehiago txinatarrak ziren eta hizkuntza interesgarria egin zitzaidan, gainera, duela hiru urte aukera sortu zitzaidan Txinara juteko eta han lau hilabete egon ninduan txinera praktikatzen eta bidaiatzen, txinatarrak oso abegikorrak dituk», gogoetatzen du.

Euskara ikasteko hautua ordea, ia ustekabean egin omen zuen. Lehen aldiz 2015. urtean izan zen Euskal Herrian. Bere ama idazlea da, historialaria, eta Inkisizioak Euskal Herrian izan zuen eraginaz idatzi nahi zuen. «Orduan oporretara joan gintuan Heletara, han bi aste eman genizkian eta handik ibili gintuan. Oroitzen nauk euskaraz hitz batzuk ikasi nituela eta jendeak ongi hartzen zuela, nahiz eta bakarrik hitz bat esan euskaraz eta gero frantsesera pasa, euskaraz lehen hitza emate horrek elkar eragina itxuraz aldatzen zuen», oroitzen du Inglisek.

Bi urte geroago, 2017an, urte sabatikoa hartu zuen. Lehen aldiz bere bizian berak nahi zuena egiteko atea parez pare ireki zitzaion, «eta horrela, ia axolagabeki», lehenago txinera ikasi zuen bezala beste hizkuntza bat ikas zezakeela otu zitzaion. Orduan otu zitzaion euskara ikas zezakeela.

Lehenik bere kabuz hasi zen ikasten. Honela oroitzen ditu hastapenak: «Asko ikasi nian etxean eta bi hilabetera barnetegi batera joan ninduan Zornotzara. Iritsi eta hasieratik B1 mailan sartu ninduan. Han beste bi hilabete eman nizkian eta, ederki, sentitu nian euskaldundua nintzela eta etxera oso pozik bueltatu ninduan, iruditu zitzaidan aurrerapauso politak eginak nituela eta ez zela horren zaila, askok dioten bezala».

Euskalkien xarma

Orduan ez zekien euskalki desberdinak zeudenik. «Irakasleak haien artean berbetan ari zirelarik ez nian ulertzen, zeren bizkaitarrez ari zien, eta oraindik maila apala neukan hori ulertzeko». Hitanoak hasieratik erakarri zuen ikaslea, baina lehenik euskara ikasten jarraitu edo jada ikasitako hizkuntza gisa bertan behera uztea erabaki behar zuen.

Horrela, jada euskara ikasita, euskalkiak ikasteko erabakia hartu zuen. «Nahi nian segitu ikasten eta aberasten, gustura nengoelako; beraz, euskalkiak ikastea hurrengo urrats logikoa izan zen niretzako». Ondorioz, lehenik bizkaiera ikasi zuen, baina ia aldi berean baztandarrez eta zuberotarrez ere ikasi zuen.

Euskalkiak ikasteko bere kabuz bildu behar izan zuen informazioa. «Uste diat zegoen guztia topatu diatela, adibidez, bizkaiera ikasteko bazegok, Labairu edo Bizkaia irratia, egiten dizkitek saioak euskara hobetzen, baztandarra ikasteko Pello Salaburu euskaltzainak txosten potolo batzuk egin ditu baztandarraren inguruan eta horiek goitik behera irakurtzen ari ninduan nire denbora librean, eta xiberotarra ikasteko, Xiberoko Boza irratia izan diat erreferentzia».

Euskara eta euskaldunak

Euskara ikastea oso zaila dela diotenekin ez da ados Inglis, baina europarrentzat euskara ikasteak izan ditzakeen zailtasunak ere ikusten ditu. Europako hizkuntza gehienek subjektua-aditza-objektua hurrenkera jarraitzen dute, ordea, Inglisen iritziz, «euskaraz objektua eta aditza tokiz aldatzen dituk, baina hori mundu mailan oso ohikoa dek, kontua dek mendebaldeko Europan ez dagoela horrelakorik, baina mundu mailan bai, bazegok, eta asko».

Euskarak bitxikeria anitz omen ditu, baina honakoak azpimarratzen ditu Inglisek: «Euskalkien aldakortasuna gustatzen zaidak, eta horrekin batera euskaraz hitz egiteak Euskal Herriko lurrei lotzeko ematen duen aukera, edozein euskara erabilita ere lotura berezi bat sortzen dek jendearekin».

Jendearekin euskaraz hitz eginda sortzen den harremana dela eta, honako gogoeta egiten du Inglisek: «Nik azpimarratuko nukeena duk jendea, zeren azkenean euskara tresna bat dek jendearekin harremanetan sartzeko eta zalantzarik gabe euskararekin hainbeste denbora pasa badiat, eta ikasi badiat, jendearengatik dek, bai horien ondorioz eta bai horientzako; harreman oso polita sortzen dek».

Norbaiti bere jatorrizko hizkuntzan hitz egiteak pertsonen artean sortzen den harremanean duen eragina ohikoa da Inglisen aburuz, baina euskararen kasuan balio erantsia duela dirudi: «Frantsesarekin ere gerta daiteke, ingeles batek frantsesez egitea estimatzen ditek, baina euskaraz desberdina dek. Arraroa dek, zeren adibidez txinerarekin antzeko esperientziak bizi izan ditiat, baina frantsesa edo espainolarekin alderatuta, euskara diferentea izan dek. Agian euskaldunek atxikimendu desberdina dute haien hizkuntzarekin».

Bere ikasketa prozesuan ez omen du inoiz momentu zailegirik izan eta, ondorioz, ez du inoiz guztia bertan behera uzteko tentaziorik izan, baina aditzak ikastea zaila izan daitekeela aitortzen du. Bere ustez, «hori nire abiapuntua hizkuntza europarra delako da, nire ama hizkuntza georgiera balitz askoz ere errazagoa izango zuan».

Edonola ere, zailtasunak hizkuntza guztietan aurki daitezke. «Adibidez, gaztelera edo frantsesa ikasten niretzat zailtasun nagusia generoa izan dek, baina euskarari zailtasuna egozten dion arrazoi nagusia bere egoera soziolinguistikoa da, hizkuntza nagusia balitz ez nikek hainbesteko zailtasunik azpimarratuko», hausnartu du Inglisek.

Hitanoa, bakana munduan

Euskara eta euskalkiak ikastearekin nahikoa ez eta hitanoa ere oso ongi menderatzen du Inglisek. Zuberoako xuka ere ikasi du. Izan ere, bere esanetan hitanoa eta xuka bakarrak dira munduan eta haien erabilera sustatu behar da. Horregatik, erreportaje honetan agertzen diren bere esanak hitanoz mantentzea eskatu du. «Euskarak duen desberdintasun nagusia hitanoa dek eta pena ikaragarria iruditzen zaidak gutxi erabiltzea, ez diat ulertzen zergatik ez den irakasten eskoletan. Noski, toki euskaldunetako gazteek ezagutzen dute, baina adibidez Gasteizera edo Bilbora joan eta askok ez dakite zer den ere», nabarmendu du gazte ingelesak.

Ba ote da hitanoaren parekorik munduan? Honakoa erantzun du Inglisek: «Uste diat Afrika ekialdean badagoela beste hizkuntza bat hikaren antzeko zerbait daukana, baina bestela, ez zegok besterik munduan».

Hitanoaren defendatzaile suharra da, beraz, Inglis. «Hika zaharren artean non hitz egiten den ikusten badiagu ia Euskal Herriko eremu euskaldun guztietan hitz egiten dek, gutxi edo gehiago, orduan zergatik baztertu da?», galdetzen du. Bere iritziz hitanoa ez erabiltzearen arrazoiak «estigmarekin lotura zeukak, edo antzeko zerbait».

Zuberoa eta zuberera bereziki maite ditu Inglisek eta Baita Nafarroa Beherea ere, bertan hitz egiten den xuka ere ikasi du. «Alokatiboa dek, hika bezala, alegia, hika horren pean sailkatu daiteke, adibidez, ‘hori duk’ esateko, ‘hori duxu’ erabiltzen da». Horrela, ama hizkuntza euskara duen erreportariari hainbat azalpen ematen dizkio, ingeles batek, bertako euskaldun askok baino ezagutza zabalagoa baitu euskaraz eta euskalkiez.