NAIZ

AEBek eta Europar Batasunak presio egin diote Errusiari Navalnyren osasunagatik

AEBk Errusia egin du Alexei Navalni oposizioko liderrari gerta dakiokeenaren erantzule eta hilez gero «ondorioak» izango direla ohartarazi du; eta Europar Batasunak oposiziogileari «konfiantzazko mediku profesionalentzako berehalako sarbidea» eman diezaiola eskatu die Errusiako agintariei.

Alexei Navalni, otsaileko irudi batean. (Kirill KUDRYAVTSEV / AFP)
Alexei Navalni, otsaileko irudi batean. (Kirill KUDRYAVTSEV / AFP)

Alexei Navalni Errusiako oposizioko liderrak ia hiru aste daramatza gose greban espetxeratzeko baldintzak salatzeko. Horren aurrean, AEBk eta Europar Batasunak presio egin diote igande honetan Errusiako agintariei.

Izan ere, larunbat honetan, bere aholkulariek Navalniren osasunak okerrera egin duela eta bere bizitzaren beldur direla jakinarazi zuten.

Jake Sullivan AEBko Etxe Zuriko Segurtasun Nazionaleko aholkulariak igande honetan Errusiako agintariei ohartarazi die Navalny hiltzen bada «ondorioak» izango direla. «Errusiako Gobernuarekin harremanetan jarri gara eta nazioarteko komunitatearen aurrean erantzule izango direla ohartarazi diegu», adierazi du Sullivanek.

Bestalde, Heiko Maas Alemaniako Atzerri ministroak Navalnyri «arreta mediko egokia» emateko eskatu dio Moskuri. «Bere osasunari buruzko albisteak kezka handiz jarraitzen ditugu», adierazi du Maasek astelehenean, Europar Batasuneko bere homologoekin gaiari helduko diola gaineratu aurretik.

Europar Batasunak Alexei Navalni oposiziogileari «konfiantzazko mediku profesionalentzako berehalako sarbidea» eman diezaiola eskatu die Errusiako agintariei, eta bere kezka «sakona» adierazi du.

«Errusiako agintariak Navalniren segurtasunaren eta osasunaren arduradunak dira espetxean, eta, beraz, kontuak eskatuko dizkiegu», esan du ohar batean Josep Borrell EBko Atzerri Politikarako goi ordezkariak.

Navalniren aliatuek protestak deitu dituzte datorren asteazkenerako Errusiako hainbat hiritan, disidentearen osasun egoera larria dela eta. «Bere egoera azkar jokatzera behartzen gaituzte, konpondu ezingo den kaltea saihesteko», ohartarazi dute.

Oposizioko burua urtarrilean itzuli zen bere herrialdera, Alemaniako hospital batean bost hilabete eman eta gero. Moskun lurreratu eta berehala atxilotu zuten, eta epaiketa azkar batean eta hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten.