Amalur Artola
Amalur Artola Kulturako koordinatzailea / coordinadora de Cultura

Zinema eta arte eszenikoetako emakumeak, ukatzen zaien erakusleihoari hozka

Zineman eta arte eszenikoetan dabiltzan emakumeek ez dituzte euren kide gizonezkoen aukera berak. Euren lanak ez dira erakuslehio bererea iristen. Eta, bigarren planoan egoteko hezia izan zarenean, kosta egiten da zure lekua erreklamatzea. Horretarako ari da lanean (H)emen. Erakusleihoa zartatzeko.

(H)emen elkarteko zenbati bazkide. ((H)EMEN ELKARTEA)
(H)emen elkarteko zenbati bazkide. ((H)EMEN ELKARTEA)

Zinemagintzan eta arte eszenikoen alorrean dabiltza emakumezko profesionalek osatzen dute (H)emen elkartea. 250 bazkide dira orotara eta guztiek helburu berari jarraitzen diote: beirazko sabaia hautsi eta euren kide gizonezkoek dituzten aukera berak izan nahi dituzte. Ez gehiago ez gutxiago: berberak. Berez konplexua den sektore batean dabiltza, kontaktuak izateak eta inertziek pisu handia duten eremuan, eta erakuslehio nagusietara iristeko oztopoek bidea bi bider zailago egiten dute: «Datuek erakusten dute emakumeen partehatzea gizonena baino askoz txikiagoa dela, baina emakumeak, egon, badaude. Kontua da ez direla ikusgarri egiten, ezta hauek egindako lanak ere», jarri du azpimarra Miren Manias, EHUko irakasleak. (H)emen elkarteko zuzendaritzako kide da Manias, Olatz Behobide aktore eta zuzendaria, Tessa Andonegi antzezlea eta Lara Izagirre zuzendari, gidoigile eta zinema zuzendariarekin batera. Zinemagintzan zein arte eszenikoen alorrean lantaldeak «ezagunen artean» osatzen direla diote, eta zirkulu itxi horietan gizonezkoak dira nagusi. «Lan gutxi egiten da emakumezkoen bila joateko», dio Maniasek.

(H)emen-ek 250 profesional biltzen ditu. Antzezleak, ekoizleak, eremu akademikoan dabiltzanak, zinema zuzendariak, gidoigileak, argazki zuzendariak... dira, eta euren beharrak berberak ez badira ere elkarteak eztabaidarako eta partekatzeko espazio bat ematen die. «Perspektibak trukatzeko batzen gara, bakoitzari zer gertatzen zaion aztertu eta konpartitzeko, hortik identifikatzen ditugu aurrerantzean emango ditugun pausoak». Iritzi trukaketa hauek topaketa, ikastaro edota happy hour formatua izan dezakete, baina bada data bat bazkideek gorriz markatua izan ohi dutena: batzar orokorra: «Gogoeta sakonago bat egin eta proposamen berriak ateratzen dira beti, bizi bizi gaudela sumatzen dugu eta horrek esaten digu ondo ari garela. Medioei eta administrazio publikoari begira ere erreferente bat da (H)emen, eta emakume guzti hauek daude aterki honen pean daude babestuta. Hori da (H)emenek bere bazkideeei ematen diena», ziurtatu du Maniasek.

Alice eta Aukera: bi zutoin

Elkarlan horretatik proiektu eta egitasmo bana erditu dira: Alice eta Aukera. Lehenak Alice Guy-Blaché zinemagile frantziarrari zor dio izena: mila filme baino gehiago zuzendu bazituen ere zinemagintzan ezezagun handi bat da, eta, Alice programaren helburua, azkar esanda, halakorik berriro ez gertatzeko oinarriak finkatzea da. Datu bilketa eta ikerketa sakonak egitea, legeetan eragitea (diru-laguntzen kuotetan emakumeen presentzia erdira igo nahi dute), curriculumetan eragitea (zinemagintza eta arte eszenikoen alorreko emakumeen datu basea sortu dute; aitzindariak izan dira horretan) eta iraultza hori feminismotik egitea («iraultza hau feminismotik egingo baita, edo bestela ez da egingo», ziurtatu du Maniasek) dira 2024.urterako beteta egotea nahiko luketen helburuetako batzuk.

Aukera, bere aldetik, bide luze horretan urrats bat gehiago emateko egitasmoa da: emakume zinemagileen bost proiektu hautatuko dituzte mentoretza programa baterako, eta horietako batek ekoiztetxe baten laguntza jasoko du proiektua aurrera eramateko.

(H)emen-en helburuak erdiesteko saretzea ere garrantzitsua da, eta Zineuskadi, Zinemaldia, Jaurlaritza eta euren eremuetan dabiltzan Euskal Herriko zein nazioarteko elkarteekin ere sortu dituzte harremanak. Eremu horietan, batez ere administrazioa jokoan sartzen denean, genero berdintasunek politikak hankamotz geratzen direla uste dute.

Genero berdintasunaren moda

«Badago lan egiteko interesa, baina susmoa dut izan daitekeela modan dagoelako genero berdintasuna bermatzearen kontua, eta, orduan, kuota betetzera joatean direla. Ze, ekintzetara pasa behar garenean, beti bada zerbait». Administrazioek atearen zirrikitu bat besterik ez diete zabaltzen: «Zenbaki batzuekin bagoaz beherago jartzen dizkigute, inbertsioetarako baldintza zorrotzak... eta guk administrazioa behar dugu aurrera egiteko. Orain gauden moduan, ez naiz ausartzen esatera 2024erako gure helburuetara iritsiko garenik». Pandemian sartu garenetik kultura jasaten ari den kolpeak zaildu egin du helburu horiek betetzea. «Covidak inflexio puntu bat suposatu du, sektore guztietan ari gara ikusten emakumea gogor zapaldua ari dela izaten. Guri ez digu balio kulturan zer gertatu den aztertu eta genero irizpidea hor sartzeak; genero ikuspegitik aztertu behar da zer gertatu den eta zeintzuk diren etorkizuneko erronkak», dio Maniasek. Zaintza lanen ardura hartu dutelako aukera profesionalak errefusatu behar izan dituztenetatik hasi eta lan eskaintzarik iristen ez zaien emakumeetaraino, ikerketaren oinarrian emakumeen errealitateak egon behar duela uste dute: «Ez badakigu zer dagoen noraezean bezala zabiltza, ez dakizu zeri egin behar diozun aurre. Hutsuneak covid-aren aurretik baino larriagoak dira orain. Eta hor administrazioak erren ikusten ditugu».

Errealitate horretara gerturatu da Zinemaldia azken bi urteetan, genero berdintasun txostenaren bidez; emakumezko profesionalei jaialdian ematen zaien espazioa neurtzeko sortutako lanabesa da txosten hau. «Txalogarria iruditzen zaigu, baina... 2021. urtean gaude. Apur bat berandu datoz». Zinemaldiaren ateak «behin baino gehiagotan» jo izan dituztela kontatu du Maniasek, «eta haiek Espainiako emakumeen ikus entzunezko elkarteetarajo dute. Bitxia egiten zaigu hori, hemen, Euskal Herrian, (H)emen egonda». Hori alde batera, txostena «inportantea» dela uste du Maniasek, «baina kontua da ez dela ezer egiten txosten horrekin: datuak hauek dira, ados, eta orain zer?».

Sail ofiziala ez da emakumeentzat

2020. urteko edizioari dagokion txostena aurkeztu zutenean, bi datuk bete zituzten titularrak: Perlak sailean hautatutako filmen %70 emakumeek zuzenduak zirela eta Horizontes Latinos sailean ere gizon baino emakume gehiago izan zela zuzendari, gidoilari eta muntatzaileen artean. Manias ezin argiagoa da analisia egitean: «Zer gertatzen den? Perlak ez dela sail ofizial bat. Eta Horizontes Latinos ere ez. Eta non jartzen dira gizonezkoen filmak? Sail ofizialetan». Emakumezkoen filmak ofizialak ez diren sailetan jarriz erakusleiho nagusiak ukatzen zizkiela uste du Maniasek. «Eta joaten zara Cannesera eta gauza bera gertatzen da. Horregatik diogu, datuak ematea ondo dagoela, baina gero ikusi behar da zer egin datu horiekin. Eta ez Madrilen: zer egin dezakegu hemendik? Zer egin dezakete Zinemaldiak, Jaurlaritzak, Bilbo eta Donostiako zinema eskolek, EHUk...?», galdegin du.

Diru-laguntzetara aurkezten diren proiektu gehienak ere gizonezkoek gidatuak direla diote datuek. Horrek talka egiten du Behatokiak jasotako beste datu batekin: ikus-entzunezko ikasleen %55 emakumezkoa bada ere euskal ekoizpeneko taldeetan emakumeak %35 soilik dira. «Zinema eskoletan lizentziatzen den emakume kopurua oso handia da gizonezkoenarekin alderatuz gero. Baina emakumeok alboan egoteko hezi gaituzte, ez aurrean egoteko, zuzendari gisa lan egiteko. Ahalduntzea landu beharko genuke emakumeokin, ‘zu zuzentzeko gai zara, gidoi bat egiteko gai zara’ esan behar zaie». Horretan eragitea ere bada (H)emen-en helburua, eta argi dute bidea: behatu, prozesatu eta, ezeren gainetik, ekin.

Bozgorailu-konplize bat gehiago da Naiz Irratia

Zinemagintzan eta arte eszenikoetan lan interegarriak egiten ari diren emakumezko profesional asko dago, baina lan horiek erakusteko ez dituzte euren kide arrek dituzten aukera berak. Ezta espazio berak ere. Batzuetan, emakumezkoen lanak aurkitzeko bilatu egin behar du interesdunak, ez zaizkio, besterik gabe, eskuetara iristen. Bada, astelehenetan, Naiz Irratiko kultur tartean, emakumezko profesionalei eskaintzen zaie mikrofonoa, zertan dabiltzan konta diezaguten, zer duten eskaintzeko, zer jasotzeko, eta zer geratzen zaien ametsen kaxoian betetzeko. «Proposamena iritsi zitzaigunean argi ikusi genuen ezin genuela ezetz esan», ziurtatu du (H)emen elkarteko kide Miren Maniasek. «Medioak erabili behar ditugu gure lana gizartearen begien aurrean jartzeko, medioek fokua gure gainean jartzen ez badute ez garelako existitzen», nabarmendu du. Astero elkarteko bazkide bat jarriko da mikrofonoaren aurrean, bere proiektu pertsonalen berri emateko zenbaitetan, eta (H)emen elkarteak emakumeak erakusleihoetara iritsi daitezen egiten duen lana gizarteratzeko besteetan.