
UEFAK astearte honetan aditzera eman duenez, 2021-2022 denboraldian Emakumeen Txapeldunen Ligak VAR sistema erabiliko du final-laurdenetatik aurrera. Horrez gain, 24 milioi euro banatuko ditu, babesletza eta ikusentzunezko eskubideak zentralizatu ostean.
Ohar baten bidez UEFAk zehaztu duenez, emakumeen txapelketek «etorkizun jasangarriagoa» izango ei dute berrikuntza hauen bitartez.
VAR sistemari dagokionez, gogoan izan behar dira PSGko Irene Paredes jokalari legazpiarrak hedabide honi berriki eginiko adierazpenak. Bere iritziz, emakumen futbol lehiaketak VARa ez erabiltzea «diskriminazioa» da, eta adierazpenok, hautsa harrotzeaz gain, badirudi nolabaiteko erantzun positiboa ere izan dutela.
«Eredu berria 2021-2022 denboraldirako sartuko da, eta UEFAko Batzorde Exekutiboak joan den astean onartu du. Horren ondorioz, munduko emakumeen taldeen arteko lehiaketa handienak 24 milioi euro banatuko dizkio Europa osoko emakumeen futbolari, egungo kopurua baino lau aldiz handiagoa», azpimarratzen da oharrean.
Europako futbolaren zuzendaritza organoaren arabera, «UEFAk Emakumeen Txapeldunen Liga berriro diseinatzearen emaitza da igoera hori, babesletza-eskubideen eta taldeen lehenengo fasetik aurrera eskubideak dituzten hedabideen zentralizazioa barne».
«Finantza banaketaren eredu berriak UEFAko gizonezkoen taldeen lehiaketetako lehen diru-laguntza gurutzatua ere izango du, emakumezkoen futbola eta UEFAren inbertsioa babesteko», gaineratu du komunikatuak.
Europako futbolaren zuzentze-erakundeak 24 milioi euro erabilgarrien %23 birbanatzeko konpromisoa ere hartu du, lehiaketan ordezkatutako liga nazional europar nagusietan parte hartzen ez duten klubei, solidaritate keinu gisa. Ordainketa horiek klubetako emakumezkoen futbola garatzeko inbertitu behar dira.
«Epe luzerako ikupegia»
«Gaurko iragarpena aurrerapauso handia da futbolarentzat. Lehiaketaren finantza banaketa eredu berriak emakumezkoen futbol profesionala indartuko du Europa osoan», adierazi du Aleksander Ceferin UEFAko presidenteak.
«Futbola epe luzera garatuko bada, Europako kirol eredua funtsezkoa dela erakusten duen adibide ezin hobea da honakoa. Emakumezkoen futbolaren garapena ez du epe laburreko onurak bultzatu behar, epe luzerako ikuspegiak baizik», gaineratu du Ceferinek.
Bestalde, Nadine Kessler UEFAko emakumezkoen futbol arduradunak azpimarratu duenez, «aldaketa horietako bakoitza ikuspegi bateratu batek bultzatzen du, eta guztiok norabide berean mugitzen garela bermatzen du: aurrera!».
«Gogotsu gaude Emakumeen Txapeldunen Liga berria munduari eskaintzeko, futbolzaleak munduko emakumeen kluben arteko lehiaketarik onenean dauden jokalari eta talde onenengana hurbiltzeko», gaineratu du Kessler futbolari ohiak.
Dirusarien banaketa
Multzoen fase berrian jokatzen duten taldeek 400.000 euro jasoko dituzte gutxienez, egungo fase baliokidera –final-zortzirenetara– Iristen diren taldeei ordaintzen zaizkienak baino bost aldiz gehiago, gutxienez.
Irabazleak 1,4 milioi euro irabaz ditzake sarietan, lehiaketan zehar lortutako emaitzen arabera.
Parte hartzen ez duten klubei banatutako elkartasun-ordainketak, bestalde, Txapeldunen Ligan euren ligak ordezkatzen dituzten emaitza onenak dituzten kluben arabera kalkulatuko dira.
«Klub batek zenbat eta aurrerago egin, orduan eta handiagoak izango dira liga nazionalean lehiatzen diren klubei emandako elkartasun ordainketak», zehaztu du UEFAk horren harira.
Araudi espezifikoa
Araudi berriak, gainera, ama diren jokalarien ongizatea babestuko du, antza.
Datorren denboraldiaren hasieratik, parte hartzen duten klubek deialdien zerrendak denboraldiko edozein unetan aldatzeko malgutasuna izango dute, jokalariak aldi baterako ordezkatzeko, haurdun daudelako edo amatasun-baimenetik alde egin edo itzuli direlako.
Horrez gain, talentua duten jokalari gazteen garapena ere funtsezkoa izango da lehiaketaren araudian.
Hala, B zerrenda bat sartzeak aukera emango die klubei lantaldeko zerrendak irizpide zehatzak betetzen dituzten jokalari gazteekin osatzeko. Gainera, 2022/23 denboralditik aurrera, UEFAk «tokian-tokian prestatutako jokalariaren» araua sartu nahi du harrobiko Europako talentuen hazkundea sustatzeko.
Iragarritako berrikuntzen artean, VAR sistema ere aipatu behar da, orain arte finalean bakarrik erabiltzen zena, kanporaketen faseko partida guztietan erabiliko baita, final-laurdenetatik aurrera, alegia.
Halaber, UEFAk iragarri du maiatzaren 16an «marka berri bat eta lehiaketaren etorkizun bikaina islatuko duen lehen ereserki ofiziala» ere iragarriko dituela.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

Multa de 400 euros por protestar en la inauguración del Culinary Center de Gros

El equipo de gobierno de Iruñea pide la dimisión de Ibarrola y Adanero por «difundir bulos»
