NAIZ

‘Gazteontzako lan eskubideen gida’ berritu dute LABek eta Ernaik

«Gazteriak enpleguetarako sarbidean kontuan izan beharreko hainbat gako eta eduki» azaltzen dituen gida berritu eta plazaratu dute LAB sindikatuak eta Ernai gazte antolakundeak. Datozen asteetan Hego Euskal Herriko hainbat herritan izanen dira hau aurkezten.

‘Gazteontzako lan eskubideen gida’ berritu dute LABek eta Ernaik. (Bizilan)
‘Gazteontzako lan eskubideen gida’ berritu dute LABek eta Ernaik. (Bizilan)

LAB sindikatuak eta Ernai gazte antolakundeak ‘Gazteontzako lan eskubideen gida’ berritu dute. 2014an atera zuten lehen aldiz elkarlanean gida, eta orain «egungo egoera sozioekonomikora egokitu eta zuzendu» egin dute.

«Pandemiak gazteon egoera drastikoki okertu du. Esaterako, 16.196 gazte langabe daude egun Hego Euskal Herrian. Gainera, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan emantzipatzeko batazbesteko adina 30 urtekoa da. Ikasturte hau bereziki zaila izan da ikasleentzat. Eta ezin dugu aipatu gabe utzi konfinamenduek eta haren ondorengo egoerak zein ondorio psiko-sozial izan dituen gugan: depresio eta suizidio tasek gora egin dute, harremantzeko zailtasunak izaten ari gara», adierazi dute ohar baten bidez.

Koronabirusak gazteriaren egoera kolpatu arren, egoerak «egiturazko errealitate bati» erantzuten diola nabarmendu dute. «Gazteok eskulan merkea gara, merkantzia erraza. Gazte langileon esplotazioa emankorra da: esperientzia ezaren izenean edo, praktika kontratu amaigabeei esker gure eskulanaz are gehiago aprobetxatzen dira», adierazi dute.

Egoera hori iraultzeko tresnen beharra nabarmendu dute sindikatuak eta gazte antolakundeak eta tresna horietako bat bezala aurkeztu gida. Era berean, Bizilan.eus atarian ere hainbat eduki lagungarri bildu dituzte.

Azaldu dutenez, gidak «gazteriak enpleguetarako sarbidean kontuan izan beharreko hainbat gako eta eduki» azaltzen ditu, «baita ohikoak diren iruzurrak identifikatzen lagundu ere». Era berean, «kapitalismoak covid-19ak eragindako krisi sozio-sanitarioa gazteon prekarizazioan sakontzeko nola baliatu duen» ere nabarmentzen du.

Datozen asteetan, Hego Euskal Herriko hainbat txokotan aurkeztuko dute gida. Nafarroan hiru data aurreratu dituzte: Lesakan, apirilaren 30ean, 19:00etan Arrano Elkartean. Egun berean baina 18:30ean, Altsasuko gaztetxean ere izanen dira eta maiatzaren 5ean, berriz, Leitzako herri aretoan, 18:30ean.

Araban, apirilak 30ean Aguraingo gaztetxean dute hitzordua, 18:00etan, Amurrioko gaztetxean maiatzaren 4an, 18:00etan eta Gasteizkoan, maiatzaren 14an, 18:30ean. Bizkaian, berriz, maiatzaren 1ean Durangoko Andra Marin bilduko dira, 11:00etan eta Gipuzkoan, Oreretan apirilak 30ean, 18:30ean, Gaztañoko auzo elkartean, Hernanin, maiatzak 21ean, 18:00etan, EHBilduren egoitzan eta Lazkaon, maiatzak 29ean, 11:00etan, Kulturetxeko erakusketa gelan.