Haritz Larrañaga

Brebeta euskaraz egiteko eskubidearen alde mobilizatzera deitu dute gurasoek

Seaskako Kolegioetako hezkuntza komunitateak deituta maiatzaren 19an mobilizazioak egingo dira Larzabale, Kanbo, Urruña eta Baionan. Ikasleen eskubideak defendatzera deitu dituzte hautetsi, ordezkari politiko eta herritarrak.

Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan eskaini duten prentsaurrekoan, irakasle, guraso eta hautetsiak bildu dira. (NAIZ)
Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan eskaini duten prentsaurrekoan, irakasle, guraso eta hautetsiak bildu dira. (NAIZ)

Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan eskaini duten prentsaurrekoan «Brebeta euskaraz!» aldarria zabaltzearen beharra nabarmendu dute Seaskako kolegioetako hezkuntza komunitateko graso, irakasle eta langileek, eta maiatzaren 19an egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu dute. Horrez gain, hautetsiei eta hauteskunde departamentaletara aurkeztuko diren hautagaiei gutun bat helaraziko diete «haien posizioa azal dezaten».

Prentsaurrekoan parte hartu duen Eneko Aldana Ziburuko auzapezaren hitzetan, «arazoa politikoa da», izan ere matematika eta historia-geografiako azterketak euskaraz idatziak eta zuzenduak ziren 1994. urtetik aitzina, baina 2016ko kolegioen erreformaren ostean frantziar Hezkuntza Ministerioak brebeta azterketak Euskal Herritik kanpo zuzentzeko erabakia hartu zuen, nahiz eta irakasleek salatu dutenez, «azterketak zuzentzeko pertsonal aski baden».

«Lehen urtean azterketa horiek zuzenduak izan baziren ere, ondokoetan kopiak bahituak, Bordelera eramanak eta euskaraz ez zekiten inspektore pedagogikoengandik zuzenduak izan ziren», azaldu du Iñaki Lekuonak, Piarres Larzabal kolegioko zuzendariak. «Zeren beldur dira? zergatik hainbeste arazo azterketak euskaraz egiteko?», galdetu du Lekuonak.

Hezkuntza Ministerioaren ohartarazpena

Egun, arazo nagusia zientziako azterketekin ematen da; gai horiek inolaz ere euskaraz ezin direla egin ohartarazten du frantziar Hezkuntza Ministerioak eta ohar zehatza igorri die Seaskako irakasleei, «gogoratzeko» historia-geografia eta matematika gaiak «bakarrik» egin ahala direla «hizkuntza erregionalean».

Jurgi Agirrezabalagak, Piarres Larzabal Kolegioko guraso elkarteko ordezkariak, finean «pisu guztia ikasleen gain ezartzen» dela salatu du eta haiei babesa erakusteko deia egin du. Bere esanetan, «halako egoerek ez dute laguntzen, ikasleentzat estres puntu bat gehiago dira eta karga ikasleen eta familiengan erortzen da».

Edonola ere, ekainaren 28 eta 29an izango diren azterketak euskaraz egiteko asmoa dute ikasleek. Amaia Saez irakasleak ikasle zenean azterketa hura euskaraz egin ahal izan zuela oroitu du, horregatik «gibelera pausu bat eman» dela iritzi dio. «Proba dugu zuzentzen zenean ez zela arazorik», gaineratu du Saezek.

Bestalde, brebeta bakarrik ez, «baxoaren azterketa ere euskaraz ikasteko eskubidea jokoan» dela ohartarazi dute irakasle eta gurasoek, eta ondorioz, mobilizatzea beharrezkoa dela azpimarratu dute. «Seaska ari da Hezkuntza Ministerioarekin hitz egiten, baina horrez gain, guk, langile eta gurasook, gure ikasleak babestu eta haien eskubideak errespetatuak izan daitezen aldarrikatu behar dugula uste dugu», adierazi du Lekuonak.

Mobilizazioak Seaskako lau kolegioak diren herrietan burutuko dira maiatzaren 19an eguerdiko 12.15etan. Hots, Baionako Santespiritu zubian, Kanboko Xalbador kolegioaren aitzinean den biribilgunean, Larzabalen kolegioaren kanpoaldean eta Ziburun, ostera, kolegiotik gertu Euskal Hirigune Elkargoak dituen bulegoen aitzinean.