Haritz LARRAÑAGA
DONIBANE LOHIZUNE

Seaskako azterketak «bahitu» eta Bordelera eraman dituzte

Hezkuntza Ministerioko ordezkariek Seaskako ikasleen Zientzietako azterketak «bahitu» zituzten Donibane Lohizune, Hazparne eta Mauleko zuzenketa zentroetatik, eta jarraian, Bordelera eraman zituzten. Ondorioz, aurten ere euskaraz ez dakiten irakasleek zuzenduko dituzte Seaskako ikasleen brebeta azterketak.

Seaskako ikasleen Zientzietako brebeta azterketak ez dituzte Euskal Herrian zuzenduko, Bordelen baizik. «Pauera eraman zituzten iaz gure ikasleen azterketak; gaur Bordelera, datorren urtean Parisera eramango ote dituzte?», galdegin zuen Edurne Manterolak, Ziburuko Piarres Larzabal kolegioko zuzendariak.

Hezkuntza Ministerioak Donibane Lohizunen duen Ikuskaritza zentroaren atarian dozenaka guraso, ikasle eta irakasle bildu ziren atzo goizean. Handik oso gertu gertatu zen «lehen bahiketa». Ravel Kolegioan zuzendu behar zituzten Ziburuko ikasleen azterketak, eskualde honetako gainerako ikastetxeetako ikasleen azterketekin batera, baina bat-batean, Ministerioko ordezkariak iritsi ziren auto batean. Seaskako azterketak hartu, autoan sartu, eta Hazparnerako bidea hartu zuten.

Hazparnen gauza bera egin zuten Seaskako ikasleen azterketekin, eta handik, Maulera abiatu ziren. Eta Mauletik, Bordelera eraman zituzten Zientzietako azterketak (beste azterketak euskaraz egin daitezke).

Seaskako kolegioetako irakasleak azterketak zuzendu behar ziren ikastetxetako zuzendariekin harremanetan ziren, izan ere, «guk ez dugu brebeta azterketak ofizialki zuzentzeko eskubiderik, aurten ere ez baitigute eskumen hori eman, baina harreman ona dugu zuzendariarekin, eta une batean laguntza eska dezakete zuzenketak egiteko; beraz, badaezpada hor kanpoaldean ginen, laguntza eskatuz gero emateko», azaldu zuen Amaia Saez, Ziburuko Piarres Larzabal Kolegioko irakasleak.

Mobilizatzeko deia

Ikasle bakoitzak hautatzen du frantsesez egiten dizkieten galderak zein hizkuntzatan erantzun, baina frantsesez erantzun arren, Seaskako ikasleen azterketa guztiak Bordelen zuzenduko dituzte. «Hemen gerta daiteke irakasleak euskaraz jakitea, zeren badira euskaraz dakiten irakasle anitz, beraz, haietako batzuk gure ikasleen azterketak zuzentzeko gai dira; Bordelen, ordea, ez da izango euskaraz dakien zuzentzailerik», esan du Fisika eta Kimikako irakasleak.

Berria jakin orduko, Donibane Lohizunen elkarretaratzea egiten ari ziren lagunek «Blanquer ministroari gure mezuak igorri eta mobilizatzen jarraitzeko» asmoa zutela iragarri zuten. Arratsaldeko 19.00etan Larzabaleko (Nafarroa Beherea) biribilgunean egin zen elkarretaratzean ere Hezkuntza Ministerioak duen jarrera salatu zuten.