NAIZ

Aurten ere bideometria bidez kontrolatuko da aforoa Gipuzkoako hondartzetan

Gipuzkoako hondartzen denboraldia ekainaren 15etik irailaren 15era izango da aurten eta ‘Nik Hondartzak’ aplikazioaren bitartez kontrolatuko da hareatzetako aforoa koronabirusaren hedapena murrizteko, iaz egin bezala.

Zurriola hondartza jendez gainezkoa joan den abuztuan. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Zurriola hondartza jendez gainezkoa joan den abuztuan. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Ostiral goizean bildu da Hondartzen Lurralde Mahaia eta erabaki du aurten hondartzen denboraldia ekainaren 15etik irailaren 15era luzatuko dela. Iaz bezala, ‘Nik Hondartzak’ aplikazioa erabiltzea proposatuko dute aforoak kontrolatzeko eta hobekuntzak egingo dituzte aplikazioaren sisteman.

Lakuako Ingurumen sailak bildutako Hondartzen Lurralde Mahaia Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko foru diputatuak, Monica Pedreira Ingurumeneko zuzendariak eta Donostia, Hondarribia, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutriku kostaldeko udalerrietako udal ordezkariek hartu dute parte.

Ekainaren 15etik irailaren 15era luzatuko den aurtengo udaldiari begira, Ingurumen sailak iragarri du hobekuntza batzuk egingo dituela hondartzetako aforoa bideometria bidez kontrolatzeko sisteman, «herritarrei hondartzen erabilera segurua bermatzeko».

Iaz abian jarri zen eta 50.000 deskarga inguru izan zituen ‘Nik Hondartzak’ aforoa kontrolatzeko aplikazioa bultzatuko da aurten ere. Denboraldi honetarako bideometria-estazioen autonomia hobetuko dela jakinarazi dute, itzalguneak saihesteko kameren akatsak zuzenduko dira zerbitzua optimizatzeko, eta kontrol-ordutegia 20.30 arte luzatuko da. Halaber, beste kamara bat jarriko da Mutrikuko portuko hondartzan.

‘Nik Hondartzak’ aplikazioa, iaz bezala, 15 minutuero eguneratuko da, hareatza bakoitzaren okupazioari buruzko informazioa denbora errealean emanez eta hondartza bakoitzean dagoen erabilera azalerari buruzko informazioa emanez. Mapa interaktiboa eskainiko du, kolore desberdinetako ikonoekin, hareatza bakoitzaren okupazioaren arabera. Halaber, udalentzako alerta-sistema bat izango du, aforoen eta marea igoeren inguruan informazioa jaso dezaten.

Bestalde, Mahaiaren bileran erabakitakoaren arabera, Ingurumen departamentuak komunikazio kanpaina bat egingo du koronabirusak eragindako infekzioak ez hedatzeko prebentzio-neurriei buruzko gomendioak zabaltzeko.