Jon Ormazabal

Bi izar, bi estilo, euren erronkarik «desberdinenaren» aurrean

Jose Javier Zabaletak bere Buruz Buruko lehen finalean egoteko funtsezkoa ikusten du sake errestoan asmatzea eta Jokin Altuna oso motibatuta agertu da momentuko jotzaile handienari irabazi ahal izateko.

Altunak eta Zabaletak gustura amaitu dute saskian aurkitutakoarekin. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Altunak eta Zabaletak gustura amaitu dute saskian aurkitutakoarekin. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Bakoitza bere alorrean, Jokin Altuna eta Jose Javier Zabaleta izango dira azken urteetan final eta partida erabakigarriak jokatzen gehien ohitutako pilotariak, nolabait esateko, euren habitat naturala dira igandekoa bezalako partidak. Hala ere, Bilbon jokatu beharreko partidak asko du «berezitzat» bientzat; Buruz Buruko lehen finalerako txartela dago jokoan atzelariarentzat eta jokatutako lau finalerdietan «desberdinena» izango da amezketarrarentzat.


«Laugarren aldia dut finalerdietan nagoela, profesionaletan hasi nintzenean lortuko nuenik inork pentsatzen ez genuena, ez nuen uste hau lortuko nuenik eta saiatu nahi dut aprobetxatzen. Azkenen aukera hau oso polita da, benetan desberdina da orain arte jokatu ditudanetatik eta asko motibatzen nau», aitortu du du Jokin Altunak.

Mikel Urrutikoetxearen aurka jokatu zuen manomanistaren azken aurreko partida lehen aldiz, 2016an, –ez zuen irabazterik izan– eta Ezkurdia eta Dariori irabazita 2018 eta iazko finaletan aritzeko aukera izan zuen, zorte desberdinarekin. «Joseba Ezkurdia bezalako pilotari handi bati irabazteak indar handia eman dit eta orain diferentzi handiak markatzen ari den atzelari baten aurka erronka polit bat daukat, azkenaldian urtero finalerdietan jende berria ari da sartzen, pilotari desberdinak eta hori oso ona da pilotarentzat», gaineratu du amezketarrak.

Hori bai, azken urteetan aurrelarien txapelketa bat izan denean, Zabaleta izango da «desberdinena». «Orain arte aurrelarien aurka aritu naiz eta badakit aurrekoetan baino atzeragotik abiatu beharko dudala tanto askotan eta partida desberdina izango da. Argi izan beharra daukat tanto askotan sufritzea tokatuko zaidala, Josebaren aurka ere tokatu zitzaidan sufritzea eta momentu horietan sufritzen jakin eta partidatik ateratzea funtsezkoa izango da. Baina sakea nik dudanean nire aukerak izango ditut eta gauzak oso ondo egin beharko ditut», gaineratu du.


Argi du amezketarrak, kolpez Zabaleta nagusi izango dela eta badirela bera baino pilotari indartsuagoak, baina argi dauka bera ere ez dela esku motza eta aukera duenean berak ere pilota gozatu eta luzatu beharko duela irabazteko aukerak izan nahi baditu.

Ikasteko gogoarekin

2017 apirilean Lekeition Aitor Mendizabalen aurka 22-3 galdu ostean, Buruz Burukoan Jose Javier Zabaletak lekurik ez zuela uste izan genuen. Berak ere hala ikusiko zuen, azken hiru urteetan parte hartzeari uko egin baitzion etxarrendarrak. Aurten, ordea, bere burua ondo ikusi eta Binakakoarekin uztartuta izan bada ere, bakarka ere saio bat baino gehiago egin ditu prestatu eta, gutxienez gerra pixka bat emateko. «Saiakera hau gogo handiekin hartu nuen duela hilabete batzuk, enpresak aukera eman zidan eta orain beste final bat jokatzeko ilusioarekin nago, ikasteko eta aukera aprobetxatzeko gogoarekin nago», azaldu du nafarrak.


Orain arte, Artega eta Dario txikitu egin ditu bere kolpe eta sakeekin eta txapelketa honekiko ikuskera erabat aldatu zaio. Hori bai, oso argi dauka arerioaren zailtasunak koska bat, edo bi, egingo duela gora Joseba Ezkurdia kanporatzetik datorren aurkari handi baten aurrean. Txapelketan duen ibilbideagatik Altunari jarri dio «faborito» txartela, baina ezeri muzin egin gabe.

«Zaila izango da nire jokoa egitea, badakigu Jokinek zenbait jokatzen duen, airez eta defentsan aritzea tokatzen zaionean ere oso trebea da, edozein lekutatik tanto egiteko gai da». Horren aurrean, badaki sakearekin asmatzea derrigorrezkoa izango duela eta batez ere, «bere sakeei erantzun onak eman behar dizkiet. Sake-errestoan asmatzen badut, nik uste aukerak izango ditudala.