NAIZ

Shakira Aizarnazabalen surflari, Piqué ondoan zuela

Gerard Piqué futbolariak eta Shakira abeslariak osatutako bikoteak Euskal Herrian zeresana eman du joan den asteburuan. Bisitaldiaren arrazoia artistaren bideoklip berriaren prestaketa izan liteke, Aizarnazabalgo olatu artifizialetan surfean ibili baita.

Pique eta Shakira Zestoako ordainlekuan.
Pique eta Shakira Zestoako ordainlekuan.

Gerard Piqué eta Shakira Euskal Herrian harrapatu dituzte asteburu honetan, zehazki AP-8aren Zestoako ordainlekuan. Hainbat komunikabidek aurreratu dutenez, Kolonbiako abeslaria Wavegarden enpresak Aizarnazabalen duen urmaelera hurbildu zen, agian bere olatu artifizialen artean bideoklip berri bat prestatzeko.

Bikote famatuak sare sozialetan horren berri eman ez badu ere, albistea azkar-azkar hedatu da Zestoako ordainlekuko langile den Ana Galarragak bikotearen ondoan argazki bat argitaratu ondoren. Joan den larunbatean izan zen, langileak ikusi zuenean furgoneta baten leihatilaren atzean Barçaren zentrala zegoela, Gerard Piqué, Shakiraren ondoan. Atzeko jarlekuetan bi seme-alabak, Milan eta Shasha. Galarragak autografo bat eta argazki bat eskatu zizkien, eta, argazkian ikus daitekeenez, atseginez erantzun zioten gonbitari.

Shakirak Aizarnazabalen egiten duen surf saioa entrenamendu bat izan daiteke, edo artistaren hurrengo bideokliparen grabaketa beste iturri batzuen arabera. Azken lanaren produkzioan murgilduta dago kolonbiarra, duela urtebete pandemiaren ondorioz atzeratua. Kanarietako hedabideek adierazi dutenez, aste honetan abeslaria Tenerifeko uhartera joan da hurrengo bideoa grabatzera.

Hau ez da, gainera, Shakira surf egitera Euskal Herrira etortzen den lehen aldia. 2020ko irailean, Wavegardengo urmael artifizialean surfean aritu zen, eta orduan artistak berak Instragramen kontuan argitaratu zuen.