NAIZ

EAEko herritarren %29k kirol eta jarduera fisiko gehiago egiten du pandemiaren ondorioz

Pandemiak kirol eta jarduera fisiko gehiago egitera bultzatu gaitu. Lakuako Gobernuak eginiko azterketa baten arabera, EAEko herritarren %29k dio lehen baino kirol gehiago egiten duela, batez ere kalean eta bakarrik edo senideekin. Aldiz, kirol instalazioetan jarduera %16 gutxitu da.

Bi korrikalari Donostiako Paseo Berrian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Bi korrikalari Donostiako Paseo Berrian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta bozeramaile Bingen Zupiriak eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondok Prospekzio Soziologikoen Kabineteak eginiko ‘Jarduera Fisikoa eta kirola pandemia garaian’ ikerketaren ondorioak aurkeztu dituzte Bilbon. 18 urtez gorako Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 1.000 laguni egin zaie inkesta telefonoz apirilaren 13tik 15era.

Azterketaren ondorio nagusietako bat da herritarrek kirolarekiko duten interesa handia dela eta batez ere osasunean dituen onurak azpimarratzen dituztela. Hala, pandemiaren ondorioz herritarren %29k onartu du lehen baino jarduera fisiko gehiago egiten duela.

Hala ere, kirola egiteko modua aldatu egin da herritarren %21arentzat eta orain kirol gehiago egiten da kalean, kirol instalazioetatik kanpo. Horrek eragin zuzena du kirol instalazio eta gimnasioen jardueran, izan ere, instalazio publikoetan jarduera %16 jaitsi da eta abonatuak %10 gutxiago dira.

Inkestan herritarrak bi taldetan banatuta agertzen dira: bizitza nahikoa edo oso aktiboa dutenak (%54), eta bizitza ez oso aktiboa edo batere aktiboa ez dutenak (%41).

Pandemiaren aurreko egoerarekin alderatuta, %29k diote orain ariketa gehiago egiten duela, %16k gutxiago eta %54k lehen beste egiten dutela. Adinaren arabera, nagusienak dira kirola modu erregularragoan egiten dutenak, eta kirolen bat egiten duten 65 urtetik gorako gehienek asteko egun guztietan egiten dute (%53), intentsitate moderatuarekin gehienak (%79); aldiz, gazte gehienek asteko egun batzuetan soilik praktikatzen dute, ez egunero, baina modu biziagoan. Kirola egiten dutenek, batez beste, 8,3 ordu egiten dituzte astean.

Azterketaren arabera, «ibiltzea» da gehien egiten den kirola (%46), alde handiarekin gainera. Ondoren datoz, bigarren talde batean, «mendian ibiltzea» (%25), «txirrindularitza, mountain bikea» (%24) eta «gimnasioko jarduera fisikoa» (%23). Hirugarren mailan daude «igeriketa» (%14) eta «korrika egitea» (%12). Eta gutxiago aipatzen dira «muskulazioa, kulturismoa edo halterofilia» (%7).

Kirola egiteko modu berriak

Kirola egiteko moduari dagokionez, galdetutakoen %21ek kirola egiteko modu berriren bat erabiltzen dute edo erabili dute, hala nola, youtubeko kanalak, web-orriak edo entrenatzaile pertsonalak; batez ere, gazteenen artean ( %37k 18-29 urtekoen artean). Halaber, kirola egiten dutenen %40k teknologia berriko gailuren bat erabiltzen dute, hala nola, erloju adimendunak, pultsometroak, GPSak, etab; neurri handiagoan ere gazteenen artean (%43k 18-29 urtekoen artean eta %51ak 30-45 urtekoen artean).

Inkestaren beste ondorioetako bat da kirol gehiago egiten dela bakarrik (egiten dutenen %45, eta 2017an %42 ziren) eta, batez ere, familian (%22, 2017an %9), eta gutxiago dira kirola lagun talde batekin (%24, 2017an %33) eta taldean (%4, lehen %10) egiten dutenak.