Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / redactor jefe de actualidad

Presoak etxera ekartzeko bideari ekin dio Sarek, fase berri bat irekiz

Urruntze politika gainditzen hasia den ikasturte honen bukaeran fase berri bati begiratzen diola iragarri du Sare mugimenduak: ‘Etxera bidean’ da bere estrategia berria. Eta helburua egingarria dela nabarmendu du, konponbide batzuk mahai gainean jarriz.

Sareko ordezkari eta kideak, gaur Miramar Jauregian ‘Etxerako bidean’ aurkezten. (R.S.).
Sareko ordezkari eta kideak, gaur Miramar Jauregian ‘Etxerako bidean’ aurkezten. (R.S.).

«Orain, etxera itzultzeko bidea». Honela du izenburu Sare mugimenduak gaur ostegunean Donostian jakitera eman duen adierazpenak, bere estrategia berria laburbiltzen duena. Sakabanaketa eta urruntze politika luze-luzea gainditzen hasi den ikasturte honen bukaera «irrifarrez» itxi nahi izan du Sarek, baina aldi berean etorkizunari begira. Eta hor ortzimuga hau agertzen zaio: «Orain etxerako bidean jartzeko unea da». Honako hau «behin betiko urratsa» dela ekarri du gogora.

Lehenik eta behin, «irribarre egin behar dugu», nabarmendu dute Sareko ordezkari diren Joseba Azkarraga eta Bego Atxak, «guztion artean eskubide urraketa ugari horiek geraraztea lortzen ari baikara. Eta irribarre egiten dugu argi izanda oraindik bide luzea dugula egiteko».

Etxerako bidea seinalatzeaz gain, edukinez bete du Sarek. Bost bide zehaztu ditu. Batetik, «kartzelatik atera beharko lirateke, berehala, gaixotasun larriak dituzten pertsonak, eta 70 urtetik gorakoak. Espetxean mantentzeak ez dauka inolako justifkaziorik».

Bigarrenik, «espetxeratutakoen %90a baino gehiago, irizpide politiko hutsetan oinarritutako sailkapen politika aplikatu izan ez balitzaie, bigarren graduan ematen diren baimenak izateko aukera izango zuketen legeria arrunta aplikatuta. Ondorioz, aspaldi egongo ziratekeen hirugarren gradua lortzetik hurbil, kondena erdi-askatasunean betetzeko aukerarekin».

Horrekin batera, «presoen heren batek baino gehiagok beteak ditu –batzuek aspaldi– auzitegiek ezarritako kondenaren hiru laurdenak. Salbuespenezkoa ez den espetxe-politika bat aplikatuta, hirugarren graduan leudeke jada, eta baldintzapeko askatasuna izango lukete».

Laugarrenik, «zigorrak oso-osorik eta modu efektiboan betetzeko neurriei
buruzko 7/2003 Lege Organikoa onartu eta gero epaitu eta zigortu zituzten 60 euskal preso inguru salbuespenezko araudi bat aplikatuta epaitu eta zigortu zituzten –ekari du gogora–. Lege horren ondorioz, 40 urteko askatasun-gabetzeak ezarri zitzaizkien, baita hirugarren gradua eta baldintzapeko askatasuna lortzeko muga gaindiezinak ere. Kasu horretan,
araudi arrunta aplikatu behar da», aipatu du.

Gehiago ere bada: «Frantziako espetxeetan kondena bete zuten 50 euskal presori ‘ad hominen’ idatzitako lege bat, Europar Batasunean aurrekari penalen informazioa trukatzeari eta arlo penaleko ebazpen judizialak aintzat hartzeari buruzko 7/2014 Lege Organikoa, aplikatzen ari zaie. Euskal presoentzat beren-beregi egindako legea da, salbuespenezkoa, eta Europar Batasunean espetxean betetako urteak zenbatzea eragozten die. Lege hori idatzi zenean, klausula zehatzak sartu ziren euskal presoen kasuan zenbaketa hori eragozteko», oroitarazi du Sarek.

Laburpen gisa, hau da aldarrikapen honen abiapuntua: «euskal presoei Etsaiaren Zigor Zuzenbidean oinarritutako eta iraganeko garaietarako diseinatutako salbuespeneko espetxe-politika» ezarri zaie eta orain «lege arruntean oinarritutako beste bat aplikatzeko» ordua da. «Hala, zigorra eta ordaintze hutsa arauen espiritua eta edukia urratzen dituzten printzipio izatera pasatuko dira, eta, haien ordez, gizatasuna, erreparazioa eta bizikidetza izango dira ardatz».

Bizikidetza eta elkarrizketa

Orain arteko faseak bizikidetza oinarri zuen eta hurrengoak ere izango du, «gure herriak sufrimendu asko bizi izan duelako, bizitza asko galdu eta elkar ulertzeko zubi asko apurtu direlako. Gizarte gisa berreraiki egin behar dugu, bizikidetza oinarri hartuta», adierazi dute Donostiako Miramar Jauregitik.

Bere lan egiteko moldeak ere ez dira aldatuko, nabarmendu du Sarek: «Jakin badakigu aurrera egiteko ezinbestekoa dela etengabeko elkarrizketa. Sare sare herritarrak aspaldidanik mintzaide izan dituen instantzia guztiekin hitz egiten jarraituko du. Funtsean, alderdi politikoekin, sindikatuekin, administrazio zentralarekin eta euskal administrazioarekin, eta, jakina, indarkeria guztien biktimekin eta presoekin».

EAEtik kanpo daudenengatik kezka

Fase berria azaldu aurretik lortutakoa balioan jarri du Sarek, urruntze politika 1987tik indarrean egon dela gogora ekarrita. Eta Lakuako Gobernuak espetxe arloko eskumena hartu izana ere txalotu du, baina kezka arrazoi bat erantsiz: zer gertatuko da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik kanpo segitzen duten presoekin? Sarearen aburuz, Lakuak aurre egin behar dio arazo horri. Azkarragak eta Atxak zehaztu dutenez, 110 inguru daude egoera horretan, preso hauen %28a bakarrik dagoelako EAEn.

«Argi daukagu euskal administrazioak lan egingo duela, transmititu izan duten flosofa hori, guk partekatzen duguna, gauzatzeko: espetxe-politika berri bat aplikatzea, humanista eta, aurretiaz kasuak banan-banan aztertuta, askatasunaz gabetzeko zigorren ordez, bizitzen ari garen egoerarekin bat datozen beste batzuk ezartzeko. Horregatik ezinbestekoa da, askatasunaz gabetzeko arrazoia edozein dela ere, euskal preso guztiak EHko espetxeetara aldatzea, non dagozkien espetxe-neurriak aplikatu beharko zaizkien», adierazi du Sarek.

Orain artekoaren balantze modura, azken hamarkadotan, «Estatuaren luze-zabalean sakabanatutako 50 espetxe baino gehiago (Kanariak, Balearrak, Ceuta eta Melilla barne)» erabili direla, legediak nabarmen urratu direla eta presoek zein senideek larrutik ordaindu dutela (hamasei hildako trafiko istripuetan) salatu du Sarek.

«Hiru hamarkada baino gehiago pasatu behar izan dira gaur beste egoera batez hitz egiten hasi ahal izateko. Penintsularen hegoaldeko (Levante eta Andaluzia) kartzelak baino ez dira falta euskal presorik izateari uzteko. Espero dugu egoera hori amaitutzat jo ahal izatea datozen asteetan», aipatu du.

Hala ere, ez du bazterrean uzten «gaur egun preso asko daudela oraindik Penintsularen iparraldean sakabanatuta, Euskal Herriko espetxeetan kokatzearen zain» eta «ezinbestekotzat» jotzen du «askatasunaz gabetzeko arrazoia edozein dela ere, euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara aldatzea, non dagozkien espetxe-neuriak aplikatu beharko zaizkien».

Akordioak, biktimak, EPPK eta ETA

Bukatzeko, «aipatu dugun egoera berri hori pertsona askoren esfortzuei esker lortu da –txalotu du sareak–. Euskal gizartearen zati handi batek euskal presoen giza eskubideen urraketa bertan behera uztearen alde egin du, bakoitzaren ideologia edo alderdia alde batera utzita. Besteak beste, horren alde egin dute Sare sare herritarraren eta antzeko erakundeen bitartez artikulatutako emakumeek eta gizonek, eta alderdi politikoek, sindikatuek eta erakundeek. Guztien artean adostasun garrantzitsuak eratzea ahalbidetu dute».

«Ez ditugu ahaztu behar bere isiltasuna arma politiko gisa erabiltzea eragotzi nahi izan duten indarkeriaren biktimak –erantsi dute Atxak euskaraz eta Azkarragak gazteleraz–. Guztien ekarpenarekin lortu da Espainiako Gobernuak jarreraz aldatzea. Gizartearen mobilizazio horrek, ETAk emandako urratsekin eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) hartutako konpromisoekin batera, oraindik helmugara arte guztiz egin ez den bidea lautu dute».