Patxi Gaztelumendi

Kafe Antzokia itxita, euskara arnasarik gabe Bilbon

Bilboko Kafe Antzokiak 16 hilabete darama itxita eta euskarak arnasgune garrantzitsua galdu du. Distantzia sozialak euskararekiko dagoen distantzia ere nabarmen areagotu du.

Hamasei hilabete daramatxa itxita Kafe Antzokiak. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Hamasei hilabete daramatxa itxita Kafe Antzokiak. (Aritz LOIOLA/FOKU)

2020ko martxotik itxita dagoen aretoa da Kafe Antzokia. 50 langile aritzen dira asteko zazpi egunetan bertan lanean. Goizean lehen kafea hartu, eta bezeroak egunkaria irakurtzen duenetik, eguneroko bazkariak, arratsaldeko tertulia eta kultur saioak, gaueko emanaldi eta kontzertuak, eta osteko parranda eta hartu-emanek definitu dute Bilboko Kafe Antzokia azken 25 urteotan. Euskarak irabazi duen gune bizia Bilbon. Arnasgunea. Orain egoerak itota dauka hizkuntzaren inguruko jarduera oro hiriburuko erdigunean. Bizitzak aurrera egiten du, baina euskara barik beharbada. Arnasestuka arduradunak, noiz zabaldu ahal izango. Eta bitartean, Gabriel Aresti euskaltegiko ikasle eta irakasleak bestelako jardueretarako espazio eta egitaraurik gabe; umeen aisialdiko egitaraua bertan behera, baita ere musika eta antzerki jardunaldiak, eskolaz kanpoko ekintzak, bertso saioak, kultur hitzorduak, hitzaldiak, kontzertuak…. zerrenda amaigabea. Guztiak bizitza eta hizkuntzarekin lotuak.

Koronabirusaren krisiak, pandemiak ekarri duen egoera berriak eta distantzia sozialak jendea euskararengandik urruntzea eragin du.

«Bilbon euskaldunok asko nabaritu dugu Kafe Antzokiaren hutsunea. Oro har, euskaldunak ahulak bagara, pandemiak gure ahultasun hori areagotu egin du», esanez hartu gaituzte Isa Isazelaiak eta Jabi Zabalak. Gabriel Aresti euskaltegiko didaktika arduraduna da Isazelaia eta Algara konpartsako kidea. Zabala Zenbat Gara elkartean ari da buru-belarri, komunikazio zereginetan, Kafe Antzokiaren eta inguruko dinamika ezberdinak plazaratzen eta lau haizeetara zabaltzen. Egoerak behartuta, Bilbon euskarak duen arnasgune nagusietako baten egoeraz mintzatu gara beraiekin. Itolarrian daudela diote, euskaldunok leku eta dinamika garrantzitsuegia galdu dugula azken hilabeteotan; eta horren eraginaz mintzo dira, arduratuta.

Gabriel Aresti euskaltegia Euskal Herriko handiena izango da. Bilbon ikasle gehien batzen dituena da, eta Kafe Antzokiaren inguruan antolatua duten ekosistemaz mintzo dira bertako arduradunak: «Guk hemen ekosistema bat daukagu, guretzat oso garrantzitsua dena, baina Bilbotik begiratuta txikia da, hondartza batean hondar ale bat besterik ez, beharbada; baina guretzat oso interesgarri eta baliagarria. Ikasleak euskaltegira etortzen dira. Ezagutza lantzeko lekua da Antzokia, euskaltegian egiten duten ahalegina osatzen dute gero Kafe Antzokian; idazleak ezagututa, musika eta kulturan barneratuta, euskaraz bizi daitekeela ikusiz… hartu-emanak eta erreferentzia kulturalak dira».

Euskaltegiko ikasketa orduak ez dira aski hizkuntza bat ikasteko, euskaraz bizitzeko baliabideak behar ditu euskara ikasi nahi duenak. Kafe Antzokiak ia 24 orduz eskaintzen dio hori bertaratzen denari. Euskaraz eta euskaratik.

«Euskararen arnasestua pandemian agerikoa da, Euskal Herri osoan nabari da euskarak asko galdu duela, bai konfinamenduan eta baita ondoren jende bilkurei ezarritako mugen ondorioz ere», mintzo da Jabi Zabala. «Bilbon, erdara nagusi den beste leku askotan bezala, maiz gune eta une zehatz batzuei loturik dago euskarazko jarduna, lagun askok etxean edo inguru hurbilean euskararik ez dutelako, propio eta ahalegin handiz sortutako gune eta une horietan baino ez dute euskaraz aritzeko aukerarik. Bilbon Kafe Antzokia da horrelakoen gune nagusia; eta uneak, bertan antolatzen diren hainbat hitzordu eta ekinbide”.

Harremanak etenda

«Lehen, euskaltegian harremanak bultzatzen genituen, hizkuntza batean berebiziko garrantzia dutelako harremanek. Pandemiak kontrakoa ekarri digu: distantzia. Horrek izugarri eragin dio hizkuntzaren inguruan gabiltzanoi; klaseak mantendu ditugu, baina zailtasuna areagotu egin da», iritzi dio Isa Isazelaiak.

Hizkuntzarentzat oztopo gehiago. Ikasi nahi duenarentzat, zailtasun areagotua. Fisikoki aldendu, eta espazio berrien gabezia. Gabriel Aresti euskaltegian, oztopoak oztopo eta arauak arau, saiatu dira kultur programazio propioari eusten. Bide telematikotik batzuetan; kalean beste modura eginez ekitaldiak; Kafe Antzokian egin ezin direnak Alde Zaharreko Bira kulturgunean antolatuz; Euskararen Etxera irteerak eginez... «Saiatu gara ikasleak klaseetatik ateratzen, baina 25 urtean eskura izan duguna, orain inoiz baino gehiago faltan botatzen dugu».

25 urte luzez, euskararen bizitza antolatzeko leku garrantzitsua izan da antzokia. «Kafe Antzokiak 14 hilabete daramatza erabat itxita. Ezaguna eta ikusgarria da bertoko gaueko jarduna, agerikoa eguerdietako jatetxearena ere, baina ikuspegi soziolinguistikoa duen begirada zorrotzago batek erreparatuko dio euskararentzat horrelako arnasgune bat itxita egoteak zer suposatzen duen. Jendea biltzeko ezintasuna sumatzen ari da Kafe Antzokian, ez bakarrik aretoa itxita egoteagatik; murrizketek era guztietako jende bilkura fisikoei eragiten diete, eta euskararen bizigarriak dira horrelako asko: jaiak, hitzaldiak, aurkezpenak, afariak», nabarmendu du Jabi Zabalak. Eta jarraian, sententzia: «Distantzia soziala gorde beharra euskararekiko urruntzea bilakatu da bilbotar askorentzat».

Euskaltegian ere jaitsiera

Bilboko erdigunean dago Kafe Antzokia. Done Bikendi kaleko eraikin berean, aretoaren gaineko solairuetan, Euskal Herriko euskaltegirik handiena dago, ikasle kopuruari dagokionez. Sektore osoan bezala, aurten nabarmen jaitsi da matrikulazioa, pandemiak eragindako beldurraren ondorioz, eta ikasgela bakoitzean sar daitekeen ikasle kopurua edo ratioa ere jaitsi da. Gainera, euskara hurbiltzeko, euskaraz murgiltzeko, antolatzen dituzten ekitaldiak, jaiak, afariak, Algara konpartsaren inguruko festak eta bestelakoak ezin izan dituzte antolatu, ez barruan eta ez kanpoan. Txangoak egiteko zailtasun ugari izan dute, eta Bilbon horren garrantzitsuak diren Santo Tomas azoka, Santa Ageda kantu eskea edo bestelako ekimen kulturalak bertan behera utzi behar izan dituzte. Izan ere, 15 hilabeteotan denetarik gelditu da bidean. Eta hizkuntzarengan horrek daukan eragina da orain aztertu beharrekoa.

Harremanetik elikatzen da

Kafe Antzokia ez da soilik gauari emandako lekua. Goizean goiz hasita, euskaltegiko ikasle eta irakasleek betetzen dute kulturgune honen metro karratu bakoitza. Kafea hartu, ikaskideekin elkartu, hitz egiteko geratu, kultur ekitaldiak antolatu eta bestelako bizitza soziala eskaintzen diote Gabriel Aresti euskaltegiko kideek antzokiari.

«Pandemia honek ez dio ezer onik ekarri gure hizkuntzari. Harremanetik elikatzen da euskara, eta hori izan da, hain zuzen, bertan behera geratu dena», esan du Zabalak. Guraso bezala ere mintzo da bera, itxialdi garaian etxeetan eman ziren egoerak aztertuta, hizkuntzak jasan zuen galera eta kaltea nola konpondu asmatu ezinik. Kezkatuta dago, Bilbo bezalako hiri batean, berez zaurgarria den egoera bat erabat okertu delako. Eta horrek, zelan ez, kezka eragiten dio, eta handia. «Etxe askotan umeek euskaraz ikasten duten arren, gurasoek ezin izan diete lagundu; euskararekiko transmisioa eten da. Gauza bera gertatu da helduekin, euskaltegian izena eman, baina giro euskaltzaletik kanpo, eskaintza kulturalik gabe, hizkuntza berreskuratzeko gaitasuna asko murriztu da».

«Euskara nagusi den beste giro gehienetan bezala, hauskor samarra da ekosistema hau eta elementu baten faltan desorekak sortzen dira. Konfinamendu ostean igarri da D ereduko ikasgeletan ere, oro har, elkarrekin ez egoteak erdararako joera sustatu duela. Bada, helduen kasuan ere gertatzen da: familia erdaldunetakoak dira gehienak eta harremanak familiara murrizteak eragin du euskara gutxiago erabiltzea», esan du Zabalak.

Garrantzirik eza

Pandemia garaian, hizkuntza bigarren mailako gauza izan dela nabarmendu nahi izan dute Isazelaiak eta Zabalak. Adierazpen garrantzitsuenak egiteko gaztelania lehenetsi dela eta administrazioaren jarrera lotsagarria izan dela deritzote euskaltzaleok.

Ikasle-irakasleek goizez eta arratsaldez antzokia dinamizatzen dute. Euskara entzuten da elkarrizketa gehienetan, eta horrek animatzen du kaletik datorrena ere euskaraz aritzeko. Orain hori guztia eten da. Kultur arloan, ostalaritzan, hizkuntza eta bizitzaren alorrean ateak itxita eta jarduna geldirik dago. Kulturan eta ostalaritzan ez ezik, bestelako eraginik ere izan du pandemiak, hizkuntzaren eta harremanen arloan.

Hilabeteak aurrera doaz, Kafe Antzokiko atarian, 2020ko martxoko kartela dago oraindik: egin ziren eta egiteke geratu ziren kontzertu eta kultur ekitaldien zerrenda. Gogoratzeko. Pause tekla zapaldu bagenu bezala. Noiz soinua berriz entzungo geratuko gara. Hizkuntzaren doinua berreskuratzeko. Lagunekin geratzeko. Hitz egiteko, bizitzeko.