Idoia Eraso

Desobedientzia zibila, azterketak euskaraz aldarrikatzeko

«Brebeta euskaraz» aldarrikatuko dute beste behin aurten Seaskak dauzkan lau kolegioetako ikasle eta irakasleek. Astelehen eta astearte honetan egiten ari den froga ofiziala osorik euskaraz egin ahal izateko ekimen ezberdinak egiten ari dira. Ostegunean manifestazioa izanen da Donapaleun.

Baionako Estitxu Robles-Arangiz kolegioko ikasleak. (BOB EDME)
Baionako Estitxu Robles-Arangiz kolegioko ikasleak. (BOB EDME)

Brebeta azterketa ekainaren 28 eta 29an pasatzen ari dira kolegioetako azken ikasturteko ikasleak, eta azken urteotan bezala, Hezkuntza Ministerioaren debekuaren aitzinean, Seaskako lau zentroetan dauden Zientzietako ikasle gehienek froga euskaraz eginen dute. Zentzu horretan ekimen ezberdinak antolatu dituzte aurten, horien artean, Azterketak euskaraz kolektiboak ostegunean Donapaleun deitu duen manifestazioa.

Nafarroa Behereko herrian uztailaren 1ean 18:00etan iraganen den elkarretaratzearekin bat egin dute EH Bai eta LAB sindikatuek. Arazoen iturri den Zientzietako azterketa asteartean eginen da, eta osteguneko elkarretaratzea Donapaleun egitea deliberatu da, bertan zuzenketa zentro bat badelako.

Azken urteotan egiten ari diren bezala, Seaskako Zientzia azterketa daukaten ikasle gehienek froga euskaraz eginen dute, nahiz eta frantsesa soilik dakiten irakasleek zuzendua izanen dela jakin. Bordeleko Akadamia Errektoregotzak gutuna igorri du Seaskara, aurten ere Zientzietako azterketak ez direla euskaraz zuzenduak izanen jakinarazteko.

Irakasleak ere desobedientziaren bidean

Aurten, irakasleak gehitu dira dinamikara, eta Seaskako zenbait irakaslek ere desobedientzia zibila hartu dute protesta bide gisara.

Brebeta zuzentzeko betebeharra duten zenbait irakaslek azterketak zuzentzeari uko eginen diote, zigor administratiboak jasotzeko arriskua baduten arren. Ikasleak kaltetuak direla kontuan hartuta, «injustizia» eta «mespretxu» horri erantzuteko, hartutako erabakia dela nabarmendu zuten ekainaren 15ean egin zuten agerraldian.

Lau ikasgai ditu brebetak, Matematika, Frantsesa, Historia-geografia eta Zientziak. Azken honek sortzen ditu arazoak, zeren eta Matematika eta Historia-geografia azterketak euskaraz egin ditzakete ikasleek, baina ez Zientzietakoa. Azken froga hauek euskaraz zuzentzeko aski irakasle badirela frogatu den arren, aurreko urteetan azterketak Paue edo Bordelera eraman zituzten, frantsesa bakarrik dakiten irakasleek zuzendu zitzaten.

Aurreko urteetako debekuak indarrean jarraitzen duela jakinarazten duen gutuna jaso du Seaskako presidente den Peio Jorajuriak Errektoregotzatik: «Oroitarazten dizut soilik Historia eta Geografia eta Matematikari dagozkiola euskal eskualdeko hizkuntzan osatuak izateko aukera».

Frantsesaren inposizioaren kontra

Azterketak euskaraz kolektiboa bai brebetarentzat, baita bigarren hezkuntzaren bukaeran egiten den baxoa azterketa gure hizkuntzan egin ahal izatea aldarrikatzeko eta zentzu horretan ekintzak antolatzeko sortu da.

Baxoari dagokionez, Bernart Etxepare lizeoko 40 bat ikaslek ekainaren 17an ere filosofia ikasgaiari dagokion azterketa euskaraz egin zuten, nahiz eta hizkuntza horretan frantsesa soilik dakiten irakasleek zuzenduta, gainditzeko aukerarik ez dutela jakin. Baxo jarraikiaren aldeko ekintzak ere egin zituzten maiatzaren 11n, haien irakasle euskaldunek erabaki zitzaten haien notak.

Seaskaren Administrazio kontseiluak denei babesa eman zien ekainaren 24an ezagutzera eman zuen prentsa agirian: «Aldaketak heldu bitartean, desobedientzia ekintza oso zilegia iruditzen zaigu. Filosofia azterketarako Lizeoko 40 ikasleak bezala, zeinek azterketa frantsesez egin zuten. Zientzietako azterketa euskaraz egitera doazen 220 ikasleak ere sostengatu nahi ditugu. Eta bereziki, gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu ikasleen kopiak zuzentzaile elebidunek zuzenduko ez lituzketen kasuan desobedientziarako bidea hartzeko prest diren gure irakasleei».

Euskarazko hezkuntzaren aldeko gizartearen sostengua argia da; horren alde eta Kontseilu Konstituzionalak Estatu frantseseko hizkuntza gutxituen eta ikastoletako murgiltze ereduaren kontra hartutako erabakia salatzeko 10.000 pertsona bildu baitziren Baionan maiatzaren 29an.

EH Bai koalizioa ere alde agertu da ekainaren 25ean argitara eman zuen agiriaren bitartez: «Gure hizkuntzari dugun atxikimendua erakutsi behar dugu eta erasoari kolektiboki erantzun, mobilizazioen bitartez».

Brebetaren historian gora eta behera

Brebeta euskaraz aldarrikatzeko beste bi ekintza izan dira azken hilabeteotan, maiatzaren 19an elkarretaratzeak egin ziren Seaskak dauzkan Larzabale, Kanbo, Baiona eta Ziburuko lau kolegioen aitzinean. Eta ekainaren 16an Donibane Lohizuneko Akademia Ikuskaritzaren parean bildu zen jendea.

1990. hamarkadan izandako mobilizazioei esker, brebeta azterketa euskaraz osorik egitea lortu zen, baina 2016ko kolegioen erreformaren ondoren, Zientzietako ikasgaia gehitu zen egin beharreko frogetara, eta ondorioz azken hau frantsesez pasatzera behartzen dituzte ikasleak.

2017. urtean azterketak euskaraz zuzendu zituzten irakasle euskaldunek, horretarako baliabideak bazirela argi erakutsiz.

2018an irakasle euskaldunak deitu zituzten zuzenketak egin zitzaten, baina azken momentuan azterketak kendu egin zitzaizkien eta Pauera edo Bordelera eraman zituzten froga idatziak, frantsesa soilik dakiten irakasleek zuzendu zitzaten, eta horren ondorioz, «gure ikasleentzat onargarriak ez ziren notak» eman zitzaizkiela salatu du Ikastolen Federazioak. Gauza bera gertatu zen 2109an.

Iaz pandemia dela eta azterketak era jarraikian egin ziren, eta beraien irakasle euskaldunek zuzendu zituztenez, ikasleek zuten mailari zegozkien notak jaso zituzten. Errektoregotzak jakinarazi duen bezala, 2021 honetan aurreko urteetan bezalako egoera izanen da.

Horiek horrela Seaskako Administrazio Kontseilua argi mintzo da: «Zoritxarrez Hezkuntza Ministerioak ez digu beste aukerarik uzten bere inposizioei desobedientzia aditzera baino. Seaska eta berarekin batera Euskal Herrian erresistentzian sartzeko prest da, injustiziari eta Euskal Herriko berezko hizkuntzak jasaiten dituen erasoei buru egiteko».