Haritz Larrañaga

Brebeta azterketa zuzentzeari uko egiteko prest agertu dira Seaskako zenbait irakasle

Brebetako azterketak zuzentzera deitzen badituzte desobedientziaren bidea hartzeko prest daudela adierazi dute Seaskako irakasleek. Uztailaren baterako ‘Azterketak euskaraz’ kolektiboak deitutako mobilizazioan parte hartuko dute.

Kanbon Seaskak duen egoitzan eskaini dute prentsaurrekoa Kolegioetako irakasleek. Guillaume FAUVEAU
Kanbon Seaskak duen egoitzan eskaini dute prentsaurrekoa Kolegioetako irakasleek. Guillaume FAUVEAU

Seaskako lau kolegioetan lan egiten duten hainbat irakaslek astearte honetan aditzera eman dutenez, desobedientziaren bidea hartzeko prest daude baldin eta brebetako azterketak zuzentzeko deia jasotzen badute. «Publikoki adierazten dugu brebetako zuzenketak egiteari uko egiteko prest daudela gure irakasle batzuk eta sustengua erakutsi nahi diegu», nabarmendu dute Kanbon eskainitako prentsaurrekoan.

Jean Michel Blanquer hezkuntza ministroari igorri dioten gutun batean honakoa jakin arazi diote: «Jakin arazten dizugu, gure irakaskuntza eta gure hizkuntzarekiko mespretxuaren aurrean, eta gure ikasleek pairatzen duten injustiziaren aurrean, gure kontzientziak desobedientziaren bidea urratzera eraman gaituela».


Ekainaren 28an eta 29an egingo diren brebeta azterketak «frantsesez idatzi behar izateak 20 urte gibelera» egitea suposatzen duela salatu dute irakasleek eta «hizkuntz eskubideen zangopilatze» horren aurrean, norabide berean lan egiten ari diren beste mugimenduekin batu beharra azpimarratu dute: «Gure esku hartzea beste hainbat ekimenei batzen zaie, zeren borroka hau irabazteko aukera guztiak baliatu behar ditugu».

Irakasle intsumituek brebeta azterketak ez zuzentzeagatik izan ditzaketen ondorioak zeintzuk diren ez dago argi, lehen aldia baita halako zerbait egiten dutena, baina haien ekintzak izan ditzakeen ondorioez harago, baikor agertu dira, arlo desberdinetako eragileen batasunari esker brebeta euskaraz egin ahal izateko ezarri den helburua lortuko dela iritzi baitiote.

Gauzak honela, azken aldian brebeta euskaraz egin ahal izateko egin diren hainbat aldarrikapenekin bat egin dutela oroitarazi dute eta ‘Azterketak euskaraz’ kolektiboak uztailaren baterako Donapaleun deitu duen mobilizazioan parte hartuko dutela iragarri dute.

Erabaki politikoa

Manex Erdozaintzi (Lartzabale), Estitxu Robles (Baiona), Piarres Larzabal (Ziburu) eta Xalbador (Kanbo) kolegioetako irakasleek aditzera eman dutenez, «bitartekoak badira brebeta azterketak euskaraz zuzentzeko, baina Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez du nahi, beraz erabakia politikoa da».

Seaskako zein ikastetxe elebidunetako irakasleek urtero azaltzen dute euskarazko azterketak zuzentzeko prestutasuna, baina Ministerioari lan hori egiteko prest dauden irakasleen zerrendak helarazi arren azken bost urteetan ez dutela baiezko erantzunik jaso gaitzetsi dute.

Lehen aldiz 1986an egin zituzten Seaskako ikasleek brebeta azterketak euskaraz. Nahiz eta haien azterketak ez zituzten zuzentzen mobilizatzen eta azterketak euskaraz egiten jarraitu zuten 1994. urtera arte, eta 1995. urtetik 2016. urtera arte, ñabardurekin, baina Historia-Geografia eta Matematikako ikasgaietan euskaraz egin ahal izan zituzten azterketak ikasleek. 2017an Zientziako azterketak ere euskaraz egin ahal izan ziren, baina 2018an Seaskako ikasleen azterketak Pauera igorri zituzten eta ordutik, gauza bera errepikatu da, Seaskako ikasleen azterketak euskaraz ez dakiten irakasle frantsesek zuzentzen dituztelarik.

Gauza bera gertatzen da baxoko azterketekin, horregatik, irakasleen arteko «batasuna» irudikatzeko eskaini duten prentsaurrekoan, «brebeta euskaraz» eta «baxoa euskaraz» goiburua zuten kolore desberdinetako elastikoekin agertu dira irakasleak.

Mobilizazioak

Egungo testuinguruaren irakurketa egin duten irakasleek, besteen artean, Frantziako Auzitegi Konstituzionalak Molac Legearen kontra hartutako erabakia eta euskaraz ikasi ahal izateko burutu diren hainbat mobilizazio ekarri dituzte gogora.

Maiatzaren 19an egin ziren jende-kateak, bi egun geroago Etxepare lizeoko ikasleek Baionako suprefeturan egin zuten ekintza, eta maiatzaren 28an aurkeztu zen ‘azterketak euskaraz’ kolektiboaren sorrera nabarmendu dituzte irakasleek. Hain zuen ere, ikasle ohi, guraso eta irakasleek sortutako kolektiboak deituta, elkarretaratzea izango da ekainaren 16an Donibane Lohizunen, hizkuntza ikuskaritzako egoitzaren aitzinean, eta uztailaren  batean, ostera, Donapaleuko karriketan bilduko dira arratsaldeko 18:00etan azterketak euskaraz egin ahal izateko eskubidea aldarrikatzeko.

«Orain arte brebeta euskaraz idaztearen zama handiena ikasleek hartu dute, haiek izan dira 'kaltetuenak'», azaldu dute irakasleek, eta ondorioz, haiek ere haien aldetik urratsak eman behar dituztela argitu dute, «egoera injustuaren aitzinean kontzientziak agintzen baitu».