Maider Iantzi Goienetxe

‘Udaberria Sutan’ haiku liburua plazaratu du Joxemari Iturraldek

«Gogoratzen dut/ bihar nik amestuko/ dudan bizitza». Poema plastikoak dira japoniar erakoak, 5-7-5 silabakoak, errimarik gabeak, ikusgarriak. Joxemari Iturraldek halako ia ehun haiku bildu ditu, antologia modura, ‘Udaberria Sutan’ Pamielarekin Donostiako Liburu Azokan aurkeztu duen obran.

Joxemari Iturralde, bere poema liburua aurkezten, asteazken honetan Donostiako Liburu Azokan. (Jon URBE/FOKU)
Joxemari Iturralde, bere poema liburua aurkezten, asteazken honetan Donostiako Liburu Azokan. (Jon URBE/FOKU)

Joxemari Iturralde Uriak (Tolosa, 1951) bere libururik berriena aurkezteaz gain, ‘Udaberria Sutan, ia ehun haiku’ (Pamiela), pesia japoniarraren mundua ere hurbildu die Donostiako Liburu Azokaren barrenean egin den ekitaldian elkartu diren irakurleei. Azaldu duenez, aspaldiko ohitura du haikuak idaztearena, euskaraz eta gaztelaniaz, eta antologia edo hautaketa txiki bat da hau.

Ipuingintza, nobela, itzulpena zein saiakera landu dituen idazlea irakaslea ere bada eta literatur tailerrak ematen ditu kultur etxe eta liburutegietan. Horietan, haikuak idazten dituzte modu «ezin hobea» delako jendea sarri «beldurrez edo errespetuz» begiratzen diogun poesiara erakartzeko. Izan ere, japoniar jatorriko poema horiek trinkoak dira, laburrak, plastikotasun eta ikusgarritasun handikoak.

Adibidez, azken hiru urteetan Oñatiko udal liburutegian ibili da Iturralde tailer bat ematen, jarraituko du segur aski, eta dozenaka eta dozenaka haiku idatzi ditu bertako ikasleekin. Liburu bat kaleratuko dute.

Jose Angel Irigaray Pamielako editoreak erran bezala, ariketa literario benetan interesgarria izateaz gain, ariketa mentala ere bada haikuak idaztea, osasunerako ona. Zentzu horretan, ikasle batzuek aitortzen diote idazleari orain arte sudokuak egiten zituztela eta nahiago dituztela haikuak. Silaba zehatz jarri, errimarik ez izatea kontuan hartu... Gurutzegrama baten ordez, ariketa hori egin daiteke.

Ekonomia lezio bat

«Goiz eder hura/ ohe goxoan biok/ ez dut gogoan». Horra hor ‘Udaberria Sutan’ liburuan agertzen den haiku bat. Bukaerako esaldian ezustea dator, espero duguna baita deskribatzen den une hori ahaztezina izatea.

Bertze poema bat: «Errepidea/ suge luzea oso/ zizarea ni».

Idazle tolosarrak agertu duenez, kontzentrazioaren eta inperfekzioaren ideia Japoniatik datozkigu. Literatura hispanikoan, adibidez, zabaldu egiten dira deskribapenak. Eta japoniar poesia «ekonomia lezio bat» da. Hitzak belarritik sartzen dira, begien aurrean agertzen dira eta kontenplazioan desagertzen dira. Isiltasuna eragiten dute. Munduko gauzak iheskorrak direla diote japoniarrek eta haikuak momentua nahi duela adierazi, une horretan datzalako edertasuna.

Tradizio japoniarrean oinarritzen da Joxemari Iturralde: 5-7-5 silabako olerkiak dira, ez dute errimarik, eta naturaren parte garela oroitarazten diguten irudiak agertzen dira. Haikuek badituzte ezaugarri gehiago, baina ‘Udaberria Sutan’-en egileak hiru horiek behintzat betetzen ditu.

«Liztorra hitza irakurtzean poema batean, japoniar irakurleak berehala ulertzen zuen udaberria esan nahi zuela. Gauza bera erlearekin. Oreina azaltzen bazen, aldiz, udazkena zen. Eta, bigarren geruza batean, gurasoek seme-alabenganako duten maitasuna zen oreina». Orain, irudi horien maila ezberdinetako geruzak galtzen joan dira.