NAIZ

KSIGune aurkeztu du Lakuak, sormen industriak bultzatu nahi dituen estrategia berria

Lakuak kultur sormen industrien inguruko KSIGune klusterra sortu du. Sektoreko unibertsitateetan, goi mailako zentroetan eta ikerketa zentroetan sortutako jakintzaren transferentzian hautemandako problematikari erantzuteko eratu da jakintza gunea.

KSIGuneren aurkezpena Donostiako Tabakaleran. (IREKIA)
KSIGuneren aurkezpena Donostiako Tabakaleran. (IREKIA)

Lakuako Hezkuntza eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailek kultur sormen industrien inguruko KSIGune klusterraren sorrera sustatu dute, kulturaren eta sormenaren euskal sistemaren aberastasunari balioa eman asmo dion estrategia. Sektoreko unibertsitateetan, goi mailako zentroetan eta ikerketa zentroetan sortutako jakintzaren transferentzian hautemandako problematikari erantzuteko eratu da jakintza gunea.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ostegun honetan aurkeztu dute Kultura eta Sormen Industriak (KSI) bultzatzeko estrategia berria, Donostiako Tabakaleran egindako agerraldian.

Kulturaren Euskal Behatokiaren 2019ko datuen arabera, kultura eta sormen industriek 16.122 enpresa eta 48.161 lanpostu biltzen dituzte EAEn. 2015etik, EAEk kultura eta sormen industrien «pilotaje talde bat» du, RIS3 Espezializazio Adimendunerako Ikerketa eta Berrikuntza Estrategiaren barruan, Europarekin lerrokatuta.

Bildarratzek azpimarratu duenez, «Hezkuntza Sailak hasiera-hasieratik lan egin nahi izan du, Euskadirentzat hain zabala eta garrantzitsua den kultura eta sormen industriak indartzea eta sendotzea helburu hartuta».

Hala, unibertsitatearen eta kultura eta sormen industrien sektoreko enpresen arteko topagune berria sortzeko asmoz, Hezkuntza eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailak elkarlanean ari dira 2020tik Tabakaleran aurkeztu den KSIGunea sortzeko.

Foro horren bidez, EAEko goi mailako hezkuntzako ikerketa taldeen, KSIen eta euskal erakundeen arteko lankidetza sustatu nahi du Urkulluren Exekutiboak, «Europan lehiakorragoak izateko, ikerketa eta berrikuntza gehiago sortzeko eta etorkizunera begira profesional gaituagoak izateko», Zupiriak ziurtatu duenez.

Gaitasunen identifikazioa

Klusterra sortzeko lehen urratsetako bat izan da, Hezkuntza Sailaren aldetik, EAEko unibertsitateetan eta goi mailako zentroetan dauden KSIekin lotutako prestakuntza, ikerketa eta transferentzia gaitasun guztiak identifikatzea. Zehazki, EHUn, Deustuko Unibertsitatean, Mondragon Unibertsitatean, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Zentroan, Tecnun Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolan, IDarte Euskadiko Arte eta Diseinuko Goi Mailako Eskolan, IED Kunsthal-en, Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Eskolan eta Digipen Institute of Technology-n identifikatu dira.

Horrela, KSIekin lotutako prestakuntza eskaintza guztia barne hartzen duen mapa bat sortu dute, lau unibertsitatetako eta goi mailako bost ikastetxetako 20 fakultate eta eskola biltzen dituena. 111 prestakuntza gaitasun (53 gradu, 49 master eta 9 doktoretza programa), 44 ikerketa talde eta bost institutu eta katedra biltzen dituzte zentro horiek. Mapa hori esteka honetan kontsulta daiteke.

Zupiriak adierazi duenez, gaitasunen identifikazio horri esker, «zubi berriak eraiki ahal izango dira unibertsitateen eta kultura eta sormen industrien sektorearen artean».

KSIei buruzko klusterrarekin batera, ‘BDCC-Basque District of Culture and Creativity’ (EAEko Kultura eta Sormen Barrutia) jarriko du martxan Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak uztailaren 8an. Sektoreko enpresei hainbat tresna eta zerbitzu eskaintzea du helburu, barneko eta nazioarteko merkatuan lehiakorragoak izateko eta ildo horretako politikak garatzeko.

Hiru zutabe

KSIGunek hiru zutabe izango ditu: alde batetik, kultura eta sormen industrietako goi mailako hezkuntzaren gaitasunen mapa aldiro eguneratuko du. Bestetik, KSI enpresek erronkak planteatuko dituzte eta ikasleek erronka horiek ebatzi, irakasleek eta enpresetako arduradunek elkarrekin gainbegiratutako proiektuak gauzatuz. Hirugarren zutabea KSIren beharretara konektatutako prestakuntza programa bat bultzatzea da.

KSIGune klusterra Lakuako Hezkuntza eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailek zuzenduko dute, eta kultura eta sormen industrien eskaintza duten goi mailako hezkuntza zentroek, BDCCn integratutako sektoreak berak, Tecnaliak, Innobasquek eta Gaiak osatuko dute. Euskampus Fundazioa arduratuko da klusterra eta bere jarduerak kudeatzeaz eta dinamizatzeaz.