Asier Aiestaran

Mikel Urrutikoetxeak ez du hausturarik eta San Fermin Torneoko finala jokatuko du

Ostegun gaueko finalerdia eskuin aduktorea minduta amaitu zuen, baina egindako probek erakutsi dute ez duela hausturarik eta jokatu egingo du. Albisurekin, Peio Etxeberria eta Zabaletaren aurka neurtuko ditu indarrak igande arratsaldean Labriten. Ea finalerdietan baino emozio gehiago izaten den.

Mikel Urrutikoetxeak bikain jokatu zuen osteguneko finalerdian (Aritz LOIOLA / FOKU)
Mikel Urrutikoetxeak bikain jokatu zuen osteguneko finalerdian (Aritz LOIOLA / FOKU)

Mikel Urrutikoetxea San Fermin Torneoko finalean izango da. Ostegun gaueko finalerdia eskuin aduktorea minduta amaitu zuen, baina egindako probek erakutsi dute ez duela hausturarik eta jokatu egingo du.

Halaxe baieztatu du Baiko Pilotak atera duen oharrak. Dioenez, minak ere behera egin du nabarmen eta horregatik erabaki du jokatzea Zaratamoko aurrelariak. Ohar berean, Erik Jaka jada lan fisikoa egiten hasi dela ere gaineratzen du Bilboko enpresak.

Horrenbestez, Urrutikoetxea-Albisu eta Peio Etxeberria-Zabaleta bikoteek jokatuko dute igande arratsaldean (18.30, Labrit, ETB1) San Fermin Torneoaren finala. Ostegun eta ostiral gauean jokatutako finalerdietan ez zen batere emoziorik izan eta ea finalak pilota gosez geratu ziren zaleak asetzen dituen.

Ostegunean Urrutikoetxeak eta Albisuk 2-22 menderatu zituzten Olaizola II.a eta Mariezkurrena. Horrelako emaitza izateko osagai guztiak izan zituen neurketak: Jon Mariezkurrenak egun oso okerra izan zuen; Aimar Olaizola jada ez da lehenagokoa atzelariari lagundu ahal izateko; atzean Albisuk erabat agindu zuen izan ziren piloteo apurretan; eta Mikel Urrutikoetxeak aspaldian galdua zuen inspirazioa berreskuratu zuen erremate benetan ikusgarriak egiteko aurreko koadroetan.

Ostiralean, Peio Etxeberriak eta Jose Javier Zabaletak 6-22 menderatu zituzten Ezkurdia eta Martija. Kasu honetan, eta azkenaldian ohitura bilakatu den moduan, Zabaleta izan zen norgehiagoka atzean apurtu zuena. Julen Martijak ezin izan zuen ezertxo ere egin nagusitasun hori ekiditeko, eta Ezkurdia laguntzen saiatu zen arren ez zuen bere egunik onena izan.

Aldiz, enpresak emandako aukera ederra baliatu zuena Peio Etxeberria izan zen. Haizea alde izan arren, aurrelari zenoztarrak ausart jokatu zuen eta errematean fin ibili zen. Azkenean zazpi tanto egin zituen jokoan eta beste bi lortu zituen sakez.