Iraide IBARRONDO

Auzokideei entzungor eginez, Carlos Aguiriano etxegabetzeko auzibideari eutsi dio Gotzaindegiak

Esklerosi anizkoitza duen Carlos Aguiriano etxegabetzeko auzia epaitegietatik ateratzeko asmoz, Bilboko Begoña auzoko bizilagunak eta Maizterrak sindikatuko kideak basilikara gerturatu dira, apezpikuarekin hitz egiteko intentzioarekin. Auzibideari eusten diotela besterik ez diete esan Gotzaindegian.

Carlos Aguiriano Begoñako Basilikan egindako kontzentrazioan auzokideen babesarekin. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Carlos Aguiriano Begoñako Basilikan egindako kontzentrazioan auzokideen babesarekin. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Hogeita hamar pertsona inguru batu dira astearte goiz honetan Begoñako Andra Mari basilikaren aurrean, Carlos Aguirianoren etxegabetzearen inguruan ostegunean egitekoa den bista bertan behera uzteko asmoz. Epaitegietatik kanpo akordio batera iritsi asmoz, Bilboko gotzainarekin hitz egin nahi zuten, baina ez da posible izan. Goitzaindegiak sindikatuaren bozeramaileekin elkarrizketa labur bat izan du, baina auzibideari eutsiko diotela baieztatzeko besterik ez du balio izan.

Hori horrela, auzokideek eta Maizterrak sindikatuko kideek Begoñako Gotzaindegiko idazkaritza era baketsuan okupatu dute. Denbora gutxira, bi ertzain azaldu dira bertan eta sindikatuko bozeramailea identifikatu dute. Protestan parte hartzen ari ziren gainerakoak ere identifikatzearekin mehatxu egin dute.

Minutu gutxira idazkaritzatik atera dira eta basilikaren kanpoaldean asanblada egin dute, aste honetarako bi ekintza adostuz.

Iñigo Sancho Maizterrak sindikatuko bozeramaileak aurreratu du lehenengoa ostegun honetan bertan izango dela, 11.45ean, epaiketaren egunean: «Epaitegien aurrean kontzentratuko gara Carlosi babesa eta elkartasuna adierazteko eta Gotzaindegiak duen jarrera salatzeko».

Bigarrena igandean egingo dute Begoñako basilikaren aurreko plazan, 12.30ean, tenpluan egingo den meza baliatuz.

Epaiketarako aurreikuspenak

Epaiketari dagokionez, ezkor agertu da Sancho: «Ez dugu esperantzarik. Azken batean, epaitegiek jabetza pribatuen defentsan jokatzen dute». Era berean, Sanchok gogorarazi du, duela sei hilabete, Gotzaindegiak bere jabetzan zituen etxebizitza guztiak erosi zituela Lakuak, Alokabidera bideratzeko. Etxebizitza guztiak, Carlos Aguirianoren etxea izan ezik.

«Ez dut esperantza askorik bistarekiko. Legalki ez dut gauza handirik aurkezteko ezta esateko. Beraien jabegoko pisua da eta nahi dutena egin dezakete», adierazi du du Aguiriano, etsipenez.

Carlos Aguiriano esklerosi anizkoitza duen 61 urteko bizilaguna da. Apizpekuaren jabetzako pisu batean bizi izan da bere bizitza osoan eta orain Gotzaindegiak etxegabetu egin nahi du. Gaixotasuna eta pandemia direla medio, ezin du lanik egin eta bere egoera ekonomikoak ez dio beste pisu bat alokatzen uzten.

Hilabete hauetan asko izan dira negoziazio saiakerak baina kale egin dute guztiek.