Arnaitz Gorriti

Datorren urterako lantaldea osatu du Bilbao Basketek Jeff Whithey pibota fitxatu ostean

NBAn eskarmentua dauka duela 31 urte San Diegon jaiotako 2,13 metroko jokalariak. Joan den denboraldian Israelen eta Hego Korean jokatu zuen. Hauxe da bilbotarren zazpigarren fitxaketa Angel Delgado dominikarrarekin batera, barruko jokoa indartuko du Whiteyk.

Jeff Whithey, Bilbao Basketek datorren denboraldirako taldea isteko azken fitxaketa. (BILBAO BASKET)
Jeff Whithey, Bilbao Basketek datorren denboraldirako taldea isteko azken fitxaketa. (BILBAO BASKET)

Azken orduko aldaketarik ezean –ikusi egin behar Arnoldas Kulboka eta John Jenkinsekin zer gertatzen den– osatu du Bilbao Basketek 2021/22 denboraldira begirako lantaldea. Duela pare bat egun Angel Delgado dominikarra fitxatu ostean, barruko jokoa are eta gehiago sendotu du talde bizkaitarrak Jeff Whitey pibota fitxatu ostean. Hauxe da talde bizkaitarrak hurrengo denboraldiari begira lotu duen zazpigarren fitxaketa.

San Diegon, Kalifornian, duela 31 urte jaio zen beltzezko gizonen jokalari berria eta 2,13 metro neurtzen ditu. Kansasgo Unibertsitatean hasi zuen bere ibilbidea eta 2013ko draftean Portland Trailblazersek fitxatu zuen 39. postuan. Unibertsitate sasoian lan oparoa egin zuen eta Saskibaloi Entrenatzaileen Elkarteak –NABC– 2013an defenditzaile onenaren saria eman zion, baita NCAAko bigarren bosteko onenean sartu ere.

NBAn 200 partida baino gehiago jokatu ditu pibot kaliforniarrak, New Orleans Pelicans –2013/15–, Utah Jazz –2015/17– eta Dallas Mavericks –2017/18– taldeetan. Behin NBA atzean lagata, ibilbide oparoa osatu du handik aurrera: Turkiako Tofas Bursan eta Greziako Lavrio taldeetan jokatu zuen 2018/19 denboraldian.

2019/20 denboraldian, berriz, Israelago Ligan maila oso ona eman zuen, Ironi Ness Ziona taldearekin 13,8 puntu, 10,7 errebotes, 2,6 txapel y 24ko balorazioa erdietsi baitzuen batez beste. Bere azken taldea Hego Koreako Goyang Orion Orions izan da.

«Eskarmentua eta defentsa»

Halakoetan ohikoa duen moduan, Rafa Pueyo Bilbao Basketeko kirol zuzendariak bere iritzia eskaini du talde bilbotarraren webgunean.

Pueyoren aburuz, «Whitey eskarmentu handiko jokalaria da, defentsan eta intimidazioan asko emateko gai dena. Unibertsitate garaian hasi zen lan horietan nabarmentzen eta ibilbide profesionalean ere mantendu ditu bertuteok», adierazi du.

Oro har, «saskipean sendotasuna eman behar digu. Defentsako errebotea zaintzen lagunduko digu eta erasoan, berriz, blokeo eta jarraipenarekin eta jaurtiketa motzekin emango dizkigu puntuak», azpimarratu du Pueyok.

Jaylon Brown, Hanburgora

Bestetik, Jaylon Brownek ez du Bilbon jarraituko azken hiru denboraldietan lan aparta egin ostean. Alemaniako Hanburg Towers taldean jokatuko du eskolta estatubatuarrak hemendik aurrera, talde alemaniarrak berak sare sozialen bitartez konfirmatu ostean. Bundesligan ez ezik, Eurocupean ere jokatuko duela datorren denboraldian.

Indianako jokalaria 2018/19 denboraldian iritsi zen Bilbora, Ben Lammers pibotarekin batera, Urrezko LEB Ligan jokatu eta taldeari ACB Ligara igotzen laguntzeko; baita helburua lortu ere! Alabaina, hurrengo bi denboraldietan ACB Ligak eskatzen duen lehiakortasunera ohitzea egokitu zaio Browni.

Antolatzaile izaerarik ez du sekula izan nahiz eta azken denboraldian lesioen erruz behin baino sarriagotan hain desatsegin zaion postu horretan jokatu behar. ACB Ligan jokatu dituen bi denboraldiotan –56 partida orotara– 12,2 puntu, 2,8 asistentzia eta 1,7 errebote eskuratu ditu. Gorputz txikia izanagatik, saskipera indartsu sartzea beti izan du gustoko urruneko jaurtiketan ez baita fidagarriegia –%31,7 hiruko jaurtiketetan bi denboraldiok aintzat hartuz gero–. Bestalde, partida zail eta borrokatuetan aurpegia ematea beti izan du gogoko eta jokalari esanguratsuenetako bat izan da azken denboraldi honetan Bilbao Basket salbatzeko.

«ACB Ligan onenen aurta lehiatu dut eta asko ikasi dut. (Hanburgoko) Entrenatzailearekin telefonoz izan naiz eta nire karrerari beste bultzada bat ematen lagunduko diola esan dit. ACB Ligan partida guztietan onena eman behar dela ikasi dut eta horrek lagunduko dit», esan du Jaylon Brownek Hanburg Towers taldeko webgunean.