Asier Aiestaran

Altuna eta Aranguren izan dira garaile Ogetan jokatutako partida borrokatuan (22-16)

Jon Mariezkurrenak oso indartsu ekin dio demari, atzean nabarmen nagusituz, baina bere kolpea apur bat jaitsi denean Jokin Altuna izan da neurketa erabaki duena. Azkenean 16-16tik 22-16ra joan dira zuzenean gorriak eta Altunak 14 tantorekin amaitu du partida.

Jokin Altunak erabaki du azkenean Ogetako partida borrokatua (Andoni CANELLADA / FOKU)
Jokin Altunak erabaki du azkenean Ogetako partida borrokatua (Andoni CANELLADA / FOKU)

Altuna III.ak eta Arangurenek Caixabank Masterseko bigarren puntua batu dute Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Amezketako aurrelariak eta Aginagako atzelariak 22-16 menderatu dituzte Elezkano II.a eta Mariezkurrena harmailetan 400 bat pertsona bildu dituen neurketa dibertigarrian.

Jon Mariezkurrenak oso indartsu ekin dio demari, atzeko koadroetan Aranguren zigortu, Altunari jokoan sartzeko aukerak kendu, eta Danel Elezkanori tantoak amaitzeko erraztasunak sortuz. Eta aginte hori markagailuan ere islatu da: lehen atsedenaldira 8-12 aurretik iritsi dira urdinak, adibidez.

Baina ordurako ikusten zen Altuna jokatzeko zegoela, eta Mariezkurrenak apur bat behera egin bezain pronto amezketarra izan da jokoaren erritmoa ezarri duena. Gaur ere sekulako erakustaldia eman du gipuzkoarrak eta 14 tanto egin ditu azkenerako.

Neurketa asko parekatu da bigarren erdian, eta markagailuan zazpi berdinketa izan dira, azkena 16-16koan. Baina hortik aurrera, partidak kolore bakarra izan du: gorria. Altunak eta Arangurenek sei tanto jarraian egin dituzte 22-16 irabazteko.

Horrela, Altuna III-Aranguren sailkapenaren goialdean kokatuta daude jokatutako bi partidak irabazi egin baitituzte. Aldiz, Elezkano II-Mariezkurrena beheko zuloan geratuko dira jokatutako biak galduta.

Gogoratu behar da ostiral gauean ere berdina gertatu zela. Peio Etxeberria-Albisuk bigarren puntua eskuratu zuten eta Ezkurdia-Imazek bigarren porrota jasan zuten.