NAIZ

Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum San Telmoren Museo Bikoitza programan arituko dira

Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum izango dira  San Telmoren Museo Bikoitza programan arituko diren hurrengo artistak. Jaio eta van Gorkum bikote artistikoa aukeratu du Jose Mari Zabalak bere lekukoa har dezan.

Imagen del la presentación de hoy. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Imagen del la presentación de hoy. (Andoni CANELLADA | FOKU)

San Telmo Museoak iragarri du Museo Bikoitza esku hartze programaren hurrengo artista gonbidatuak Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum izango direla, Jose Mari Zabalak hala hautatuta.  

Museo Bikoitza programaren ezaugarrietako bat da edizio bateko artistak hurrengo ediziokoa gonbidatzen duela proiektuan parte hartzera. Hala, Zabalak 2001. urteaz geroztik bikote artistikoa osatzen duten Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum hautatu ditu eta hurrengo urtebetean beraiek arituko dira Museo Bikoitza proiektuan lanean.

Honela azaldu du Jose Mari Zabalak bere aukeraketa: «Iratxe eta Klaas duela 20 urtetik hona garatzen ari diren lanean nabarmendu nahi dudan alderdia zera da: behin eta berriz memoriaren espaziorik emankorrenean kokatzen dituzte, erraztasunez antza, ondo freskoak eta agian lehenengoz irakuzketarik eta bernizik gabe, eszenatik oharkabean desagertutako ‘obrak’, desagerpen hori sarritan naturala iruditzen delarik».

«Pentsa liteke, besterik gabe, ‘obra’ horien unea igaro zela eta ez zutela jada zentzurik, ez bada, Iratxe eta Klaasek azkenean erakutsi ohi duten bezala, ahanztura deliberatuen eta desagerpen oso egokien, agian adostuen, biktima izan direla: itxura errugabeko lapsusak, ezkutatze batzuen inozentzia eza agerian uztera etorriko zirenak», jarraitu du.

«Planotik kanpo hain modu diskretuan uzten saiatu diren horrek –garai batean, bere inguruan taupaka ari zen orori ereduzko erreferentzia eta orientazio-borondate gisa inposatu nahi izan ondoren– orain, agian inoiz baino gehiago, izan ditzake ahanzturatik edo itxurazko deskuidutik errekuperatzeko eta agerian uzteko gauza gehiago», bere esanetan.

Kondaira herrikoi batek dioenez, artzain batek txirula bat aurkitzen du, eta hori jotzerakoan, oso modu melodiatsuan hilketa bat errebelatzen du; izan ere, txirula hori biktimaren hezur batekin egina dago.

Elezaharra Iratxe eta Klaasen kasuari aplikatzen zaio Zabalaren iritzian, «proposatzen dituzten emaitzak ez baitira autopsia edo hatz salatzaileen kontua izaten, bizitzaz eta zentzuz betetako konposizio pletorikoak baizik: kasu batean baino gehiagotan, jatorrizko erreferenteek inoiz izan ez zituzten bizitasun eta erresonantziak dituzte, sortzeko unean eta borondatean ere izan ez zituztenak».

Elkarrekin lan egiteak, ‘estetika erlazionalak’ izan zirenen ondorio zuzen edo ez hain zuzena, nolabait azaltzen du aukeratzen dituzten gaien berezitasuna, eta gai horiek, aldi berean, kasu bakoitzean tratamendu egokia zehaztera eramango dituzte, estiloari eta jarraitutasunari buruzko bestelako begiramenik gabe. «Proiektu bakoitzean, berriz definitzen dugu nola lan egiten dugun. (...) Gainera, proiektu bakoitza prozesu pertsonal bat izan da, eta taldean lan egiteko formulak ikasi ditugu. Izan ere, beti ulertu izan dugu bi garen bezala jende gehiago izan gintezkeela. Hala ere, ikasi dugu esperientziak baduela garrantzia. Zalantzarik gabe, errazagoa zaigu orain elkarrekin lan egitea, egin genuen lehen aldian baino», diote egileek.