Arnaitz Gorriti

Lagunarteko zazpi neurketa jokatuko ditu Araskik denboraldi-aurrean

Hilaren 23an hasiko dira Madelen Urieta eta bere jokalariak 2021-22 denboraldia prestatzen eta Euskal Kopa jokatzeaz gain, «Leganes Saria» eta «Olarizu Trofeoa» ere jokatuko dute. Bestalde, Higgins eta Cristina Molinuevo ordezkatzeko jokalari bila darraite gasteiztarrek.

IDK Euskotren izango da Araskiren arerioetako bat gasteiztarren denboraldi-aurrean. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
IDK Euskotren izango da Araskiren arerioetako bat gasteiztarren denboraldi-aurrean. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Hilaren 23an hasiko da Araski 2021-22 denboraldia prestatzen. Iaz desio baino denboraldi eskasagoa atera zitzaion talde gasteiztarrari, Kopatik eta Endesa Ligako play-offetatik kanpo geratuta, eta aurten buelta ematen saiatuko dira Madelen Urieta eta bere jokalariak.

Liga irailaren 25eko asteburuan hasiko da eta bien bitartean lagun arteko zazpi neurketa jokatuko dituzte arabarrek. Hasteko, irailaren 3 eta 4an Durangoko Landako kiroldegian Euskal Kopa jokatuko dite. Hilaren 3an Lointek Gernika Bizkaia izango dute aurkari 18.00etan hasita eta biharamonean, 18.00etatik aurrera baita ere, IDK Euskotren izango dute arerio.

Euskal Koparen ostean, «Leganes Saria» jokatuko du Araskik irailaren 10, 11 eta 12an –ordutegia oraindik finkatzeke dago–. LF2 mailako Laboratorios Ynsadiet Leganes, etxeko taldea, eta gorengo mailako Campus Promete eta Tenerife izango dira arabarren aurkariak.

Denboraldi-aurreari errematea etxean jarriko dio Madelen Urietaren taldeak, irailaren 17 eta 18an. «Olarizu trofeoa» jokatuko dute gasteiztarrek Mendizorrotza kiroldegian Estatu frantseseko tarbes taldearen aurka bi egunetan jokatuta. Partida biak 18.30etan hasiko dira.

Bestalde, Araskik datorren denboraldiko bizkarrezurra osatuta dauka, baina taldea ez dago erabat bateta. Hasteko eta bat, Kristina Higgins pibotaren ordezko bat bilatu beharko dute arabarrek, ezin izan baitute estatubatuarra Gaseizta ekarri bisa lortzeko arazoak izan baitituzte.

Horrez gain, aurreko denboraldietan ez bezala Madelen Urietaren taldean ez da Cristina Molinuevo eskolta arituko. Molinuevok gastiztarren bigarren taldean jokatzea erabaki du, Araba Unibertsitate Ospitaleko laborategi klinikoan Erresidentzia egiten duen bitartean.