NAIZ

Nagoreko urtegiak triatloi olinpiko bat hartuko du irailaren 4an

Emakumeen parte hartzea sustatzea eta ikustaraztea da lehen aldiz jokatuko den proba honek bilatzen dituen helburuetako bat.

Nagoreko urtegiak bere lehen triatloia izango du irailaren 4an. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Nagoreko urtegiak bere lehen triatloia izango du irailaren 4an. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Nagoreko urtegiaren inguruek bere lehen triatloi olinpikoa hartuko dute irailaren 4an, orotara 52 kilometrotako ibilbidea izango du Artzibar, Oroz-Betelu, Aezkoa, Auritz eta Erron zehar banatuta. 

Gizonezkoen proba ere egongo den arren, emakumeen parte-hartzea bultzatzea du helburutzat probak, eta ohar batean jakitera eman dutenez Nafarroako Gobernuko Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak bultzatzen duen Pirinioetako eskualdeko lurralde-garapen iraunkorreko estrategian kokatutako ekimen gisa planteatzen da.

Joan den ekainean Nagoreko Argandoi hondartza ireki izanak aukera emango du triatloia urtegiko uretan eta aisialdi-gunearen inguruan egiteko, eta, bide batez, emakumeek kirol-diziplina honetan duten parte-hartzea ikusarazi eta balioetsi ahal izango da.

Antsoain Triatloi Klubak eta San Juan Kirol Elkarteko Triatloi Atalak antolatu dute Nagoreko triatloiaren lehen ekitaldi hau eta bertan izena emateko epea abuztuaren 30era arte egongo da zabalik, www.navarratriatlon.com helbidean.

Proba 14:30ean hasiko da Angordoi hondartzan (Nagore) eta parte hartzaileek 1.500 metro igerian, 40 kilometro bizikletan eta 10 kilometro korrika egin beharko dituzte urtegiko perimetro-bidea jarraituz. Bi edo hiru pertsonako taldeetan txandaka lehiatzeko aukera ere badago. Leku berean, 18:30ean, Emakumeen Nagoren Triatloia jokatuko da: 300 metro igerian, 8 kilometro bizikletan eta 2 kilometro oinez. 

Bi aparkaleku

Proba behar bezala egiteko, egun osoan zehar Angordoi (Nagore) eta Artziko hondartzak itxita egongo dira.

Nagore hondartzarako sarbidea parte-hartzaileentzat bakarrik izango da; Artziko hondartzarako sarbidea, berriz, antolakuntzak eta bertaratutakoek kotxeak aparkatu ahal izateko egokituko dira. Bi aparkalekuen edukiera gaindituz gero, Artzi Jauregiko zelaia egokitu ahal izango da ibilgailuak uzteko.

Proba hauek Nafarroako Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiarekin, Artzibar Haraneko Udalarekin, Nagoreko Kontzejuarekin eta Nafarroako Triatloi Federazioarekin elkarlanean antolatu dira, eta kirol-ekitaldi publiko jasangarrietarako ezarritako irizpideei jarraitzen diete. Ildo horretan, erakundeek gune horren kudeaketa sustatzen dute, «Nagore, hondakinik gabeko espazioa» lelopean.

Foru Exekutiboak adierazi duenez, Nagore eta Artze inguruko kirol-proba hau proiektuan jasotzen diren beste jarduera askoren artean lehenengoa izango da, eta kirol-arloari ez ezik, kulturari, ingurumenari eta gizarteari ere erantzungo diote, betiere garapen jasangarriaren helburuak erreferentzia-esparrutzat hartuta.