NAIZ

Superkopako finala irabaziz ekin nahi dio Super Amara Bera Berak 2021/22 denboraldiari

Elx talde arriskutsua izango dute aurkari donostiarrek Torrelavegan, larunbat arratsaldeko 19.00etan. Alacantekoak Kopako egungo txapeldunak dira eta tartean Bera Bera ere gainditu zuten. Imanol Alvarezenek Superkopako hamabigarren finala jokatuko dute eta aurkariak, berriz, debuta egingo du.

Fernandes eta Lysa Tchaptchet, iazko liga partidetan bezala, Superkopan ere aurrez aurre izango dira. (Jon URBE / FOKU)
Fernandes eta Lysa Tchaptchet, iazko liga partidetan bezala, Superkopan ere aurrez aurre izango dira. (Jon URBE / FOKU)

Super Amara Bera Berak larunbat honetan jokatuko du 2021/22 denboraldiari dagokion aurreneko partida ofiziala. Torrelavegan izango da Superkopako finala, Elx taldearen aurka 19.00etan hasita eta Teledeportek zuzenean eskainiko duena. Gipuzkoarrek joan den denboraldiko Liga irabazi zuten eta alacanteko taldeak, berriz, Kopa, bidean Bera Bera kanporatuz gainera.

Donostiarrentzat Superkopako hamabigarren finala izango da, orain artejokatu dituenetatik zazpi irabazita. Elx taldearentzat, berriz, aurreneko aldiz izango da. Hala eta guztiz ere, Imanol Alvarez gipuzkoarren entrenatzaileak ez du bere taldea «faborito», gisa jotzen, «rol hori baztertu gabe ere». «Onartu behar da azken hamarkadan Bera Bera dela faborito, baina ez dut uste horrek tentsio berezirik sortzen duenik». Faborito izan ala ez, entrenatzaile bizkaitarrak garbi dauka «Elxek beti arazo asko sortzen» dituela «partida bakarrera» jokatzen diren lehiaketetan. «Ziurrenik, egun bakarreko txapelketa mota horretako lehiakiderik zailena izango da», azpimarratu du Ermuko entrenatzaileak partida jokatu bezperan.

Zailtasunak zailtasun, «irabazten hasteko gogo handia dago. Elxek azken bi Kopetan kanporatu gaitu, eta errebantxa bat nahi dugula esan dezakegu, errebantxa osasungarria» azpimarratu du Super Amara Bera Berako entrenatzaileak.

Denboraldi-aurre oso ona egin du talde donostiarrak eta Superkoparen aurretik jokaturiko azkenengo deman, Egiako Torneoan, gainetik pasa zitzaion Merignac talde frantsesari. Horrez gain, aspaldiko partez jokalari guztiak osasuntsu ditu Imanol Alvarezek. Ondorioz, 17 jokalari dituelako uneotan jokatzeko moduan, bat deialditik kanpo laga beharko du entrenatzaile bizkaitarrak. Iazko otsailetik ez zuen halako zorterik talde gipuzkoarrak.

«Aurreko aldietan baino lasaiago gaude. Aurten, gutxienez, 17 jokalari osasuntsurekin iritsi gara, entrenatu ahal izan dutelarik; horrekin bakarrik, iaz baino hobeto gaude. Pozik nago», azpimarratu du Alvarezek. Hori bai, «aurkaria nola dagoen ere ikusi behar da» ohartarazi du.

Abuztuko partidei dagokienez, «denetik egon» dela onartu du. «Erraz irabazten baduzu, ez zaude pozik ere eta gaizki egiten ditugun gauzak ere ikusi ditugu, baina uste dut prozesua, hasieratik izandako bilakaera ona dela. Bost asteko prestakuntzaren ondoren, ahalik eta une onenean iristen gara», uste du Imanol Alvarezek.

Alacanteko aurkariari buruz, berriz, Alvarezen aburuz «jokalari onak ditu eta talde ona osatu du. Bea Escribanok –Estatu frantsesean ia hamarkada bat jokatzen eman ostean– ordezkatu du Ana Martinez –Bera Berako jokalari ohiak eskubaloia laga du medikuntzan zentratzeko–, eta honek ere egokitze prozesua beharko du. Hala ere, beste bloke bat du Lysa Tchapchet pibote nafarra, Ivet Musons eta Nuria Andreurekin, iazkoaren ideia berberarekin jokatzen dakiena».

Partidako giltzarriei dagokienez, Bera Berako entrenatzailearen hitzetan «defentsa lanak» garrantzia eskerga izango omen du. «Ondo defenditu dezakegu, iaz bertan baino hobeto ere, baina bere aldetik Elx gai da defentsak aldatzeko. Hala, egoera bakoitza ondo irakurri behar dugu». Alvarezen ustez, dena den, partidako 60 minutuak luze egingo dira. «Finala ez da goiz erabakiko», ziurtatu du.

Horrez gain, nahiz eta jokalari bat Superkopa jokatu gabe utzi beharko duen, denboraldiari bere osotasunean begira, «ea 17 jokalariak denboraldi osoan izaten ditugun, lehia osasungarria baita, eta bakoitzaren ekarpena beharko baitugu aurten», desiratu du Bera berako entrenatzaileak.

Bestalde, itxura baten lau bat jokalari min hartuta omen dauzka Elx taldeak. Hargatik, Quino Rocamora entrenatzailearen ustetan, donostiarrak dira faborito. «Partida guk nahi dugun erritmoan jokatzen badugu aukera gehiago izango ditugu», adierazi du Alacantekoen entrenatzaileak.

Sariak donostiarrentzat

Superkopako finala jokatu bezperan, Espainiako Eskubaloi Federazioak urteroko «Gala» antolatu du, non iazko jokalari onenak saritu dituzten.

Besteak beste, Maitane Etxeberria, eskuin hegaleko jokalaririk onena izendatu dute; Mariane Fernandes, ezker albokorik onena eta egun Errumanian jokatzen ari den Renata Arrudak atezain onenaren saria irabazteaz gain, pasa den denboraldiko Ligako jokalaririk onenaren saria ere eraman du. Imanol Alvarezek, berriz, entrenatzaile onenaren garaikurra eraman du.