NAIZ

Alaine Agirrek eta Leire Vargasek irabazi dute Irun Hiria literatura saria

Alaine Agirrek eta Leire Vargasek, euskarazko eleberri eta olerkigintzan, eta David Francok eta Pablo Luquek, gaztelaniazkoan, irabazi dituzte 2021eko Irun Hiria Kutxa literatura sariak. Parte-hartzea inoizko handiena izan da.

Alaine Agirre, ‘Ane’ lana aurkeztu zuenean, iazko abenduan. (Juan Carlos RUIZ I FOKU)
Alaine Agirre, ‘Ane’ lana aurkeztu zuenean, iazko abenduan. (Juan Carlos RUIZ I FOKU)

Irun Hiria Kutxa literatura sarietan inoizko parte-hartzerik handiena izan da 44. edizioan, antolakuntzak jakinarazi duenez. 1.675 lan aurkeztu dira guztira; 2019ko edizioarekin alderatuta, eta kopuru osoari dagokionez, 1.103 lan gehiago izan dira, aurreko edizioan baino %193 gehiago.

Eleberri modalitatean, gaztelaniaz, gehikuntza %230koa izan da, 677 lan gehiago, eta euskaraz %25koa, 5 lan gehiago. Olerkian, gaztelaniaz, gehikuntza %169koa izan da, 404 lan gehiago, eta euskaraz %90koa, 17 lan gehiago.

Euskarazko eleberrigintzan Alaine Agirre Garmendiak jaso du saria, ‘Karena’ lanagatik. Euskarazko olerkiari dagokionez, Leire Vargas Nieto durangarra saritu dute, ‘Dena ametsa den irudipena’ lanagatik.

Gaztelaniazko eleberriari dagokion saria Daniel Franco Montiel andaluziarrak eskuratu du, ‘Historia provincial de la infamia’ obragatik. Olerkian, berriz, Pablo Luque Pinilla madrildarra saritu dute, ‘Greenwich’ lanagatik.

Eleberriaren ataleko irabazleek 25.000 euro eta trofeoa jasoko dituzte, eta olerkian sarituek 15.000 euro eta trofeoa.

Lanen %14 Madrilgo autonomia erkidegoak aurkeztu dira; ondoren, oso gertutik, EAE eta Andaluziako lanak daude, %9arekin bakoitza. Estatu espainiarretik kanpoko lanen parte-hartzea %39koa izan da; aurreko edizioan %22koa izan zen.

Garuko sari-emate ekitaldian Antonio Colinasek omenaldia jaso du, bere literatur ibilbideagatik eta azken 50 urteetan epaimahai gisa egindako lanagatik.