Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

EH Bilduren aurka egin du Egibarrek: «Zergatik hainbeste ahalegin EAJ Gobernutik ateratzeko?»

Koalizio abertzalearen jo egin du EAJren bozeramaile Politika Orokorreko Bilkuran. Egibarrek dudan jarri du ezker abertzalearen helburu estrategikoa «nazio eraikuntza» denik, eta xede taktikoari hainbesteko garrantzia ematea aurpegiratu dio: «Zergatik hainbeste ahalegin EAJ gobernutik botatzeko?»

Joseba Egibar, Gasteizko Legebiltzarrean. (@PVasco_EuskoL)
Joseba Egibar, Gasteizko Legebiltzarrean. (@PVasco_EuskoL)

Joseba Egibarrek hartu du hitza EAJren izenean Gasteizko Legebiltzarrak hartu duen Politika Orokorreko eztabaidan. Jeltzaleak hainbat eraso egin ditu oposizioaren aurka, gehienak EH Bilduri zuzenduta, edo, behin eta berriz adierazi duenez, «ezker abertzaleari».

Joseba Egibarrek «ETAren amaieratik» hamar urte igaro direla ospatu du, eta aukera baliatu du ezker abertzaleari eraso egiteko, PPk eta Voxek beren hitzartzeetan egin dutena baino lehen. Jeltzaleak «ETAk suposatu zuenari buruz ezker abertzaleak nolabaiteko hausnarketa kritikoa egiteko orduan izan duen defizita» kritikatu du, eta hori «errealismo faltaren eta gizartearekiko kohesio ezaren» ezaugarria da bere ustez.

Pandemiaren harira hartutako neurri murriztaileek ekarri duten eskubide indibidual eta kolektiboen lehiaz hitz egin ostean, Egibarrek eztabaida horren atzean aisialdiaren ereduaren estabaida ez dagoela esan du, EAEko polizia ereduari buruzko eztabaida baizik. Ildo horretan, Ertzaintzarekin izandako gaueko istiluen inguruan Mertxe Aizpuruaren eta Arnaldo Otegiren jarrerari GKS-k egindako kritika aipatu du.

Halaber, kritikatu egin du koalizio subiranistak Pedro Sanchezi Madrilen Europako funtsei buruz galdetu ez izana, eta bai Urkulluren Gobernuari: «Hemen aipatzea ongi dago, Nafarroan ez aipatzea ere logika du ere. Erreforma fiskalarekin ere berdin gertatzen da. Nafarroan esan zuten egungo krisia gainditzen den unean politika fiskala birpentsatzeko konpromisua hartu zutela».

Estatusaren inguruan, Egibarrek esan du Eneko Anduezaren proposamena dela «gehiengoak gutxiengoari men egitea». Parlamentariaren arabera, kontua da estatusa aldatzea, indarrean dagoen estatutua eta etorkizunekoa bete daitezen. Eta EH Bilduri zuzendu zaio berriro: zalantzan jarri du koalizio abertzalearen «helburu estrategikoa eraikuntza nazionala» denik, Maddalen Iriartek elkarrizketa batean esan baitzuen erabakitzeko eskubidearen inguruan desadostasunak dituen ezkerreko gobernu bat egon daitekeela.

Egibarren arabera, EH Bilduk garrantzi handiagoa eman dio bere helburu taktikoari: «Zergatik hainbeste ahalegin EAJ Gobernutik ateratzeko?».

Koronabirusaren pandemiaren kudeaketari dagokionez, Lakuako Gobernuak hartutako neurrien inguruan oposizioak izan duen jarrera deitoratu du, eta Pedro Sanchezen Gobernuak «aldebakarreko gobernantza» baten bidez «bere kabuz korrika egitea» erabaki izana kritikatu du, ministerioetatik irteteko aginduekin.