NAIZ

Eusle murgiltze programa abiatu du Lakuako Hezkuntza Sailak

Lau ikastetxe publikotan probatu ondoren, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 28 ikastetxetan hasi dute Eusle. Programa honek iritsi berri diren ikasleei euskaraz komunikatzeko gaitasuna ematea du helburu, ondoren curriculumean aurrera egiten jarrai dezaten.

Begoña Pedrosa Lakuako Hezkuntza sailburuordeak eta Lucia Torrealday Aniztasun eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak eman dituzte Eusleren xehetasunak. (IREKIA)
Begoña Pedrosa Lakuako Hezkuntza sailburuordeak eta Lucia Torrealday Aniztasun eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak eman dituzte Eusleren xehetasunak. (IREKIA)

Eusle euskaran murgiltzeko programa hasiko du Lakuako Hezkuntza Sailak 28 ikastetxetan, ailegatu berri diren ikasleei euskaraz komunikatzeko behar den gaitasuna emateko xedearekin. Ez hori bakarrik: haien ongizate emozionala eta inklusioa ere bilatzen dituzte. Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6 eta DBHko 1 eta 2. mailetako ikasleei zuzendua dago Eusle.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak eman ditu xehetasunak astearte honetan, Lucia Torrealday Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariarekin batera. Esan dutenez, aurreko bi ikasturteetan lau ikastetxe publikotan probatu eta gero, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 28 ikastetxetara hedatuko dute esperientzia.

Helburu argi batekin jaio zen Eusle: «Ikasle etorri berriei euskaraz beharrezko komunikazio gaitasuna ematea, eskola eremuan harremanak izateko lehenik, eta ondoren jakintza arloetako hizkuntza eta komunikazio trebetasunak bereganatzeko».

Bide batez, ikasleen inklusioa eta hezkuntza arrakasta ere hobetzen direla frogatu dute. «Ikasleak Eusle programaren bidez hasierako komunikazio gaitasuna lortuko du (A2), eta, ondoren, berariazko laguntza izango du curriculumean aurrera egiteko».

Irakasleen formazioa

Hizkuntzarekin lotutako helburu horrekin batera, Euslek arreta jartzen du ikaslearen eta taldearen ongizate emozionala zaintzean. «Ikaslea eskola eremuan gustura, seguru eta motibatuta sentitzea ere bada asmoa».

Horretarako, irakasleen formaziorako programa berezi bat dauka, profesionalak Eusleren metodologia parte-hartzaileak eskatzen dituen estrategietan trebatzeko.

Murgiltze gelatik erreferentziazko gelara

Eusle programan parte hartzen duen ikasle etorri berriak erreferentziazko gela bat dauka, bere adin eta mailako ikasleen gela. Baina aldi berean, murgiltze gelako kide ere bada. Eusle gela deritzon gela honetan bilduko dira ikasle etorri berriak. Bertan, eta 5-10 ikasleko talde txikitan, modu sistematikoan komunikazioko oinarrizko hizkuntza lantzen dute.

Komunikatzeko hizkuntza ikasteko lan intentsibo eta espezifikoa izango da, erabileran oinarritua. Hala, murgiltze espazio hau irekia da, funtzionamendu malgukoa, eta hizkuntzaren ikaskuntza sustatuko du. Ikasle etorri berriak hasierako mailan sartuko dira (A1). Maila horretarako aurreikusitako eduki guztiak landu ondoren, eta komunikazio trebetasunak ebaluatzeko probak egin ondoren, A2 mailara sartzeko aukera izango dute.

Ikaslea bere erreferentziazko gelako jardueretan pixkanaka parte hartzen hastea proposatzen du Euslek, beti ere oinarrizko komunikazio trebetasunak eskuratu ondoren. Horretarako, erreferentziazko gelako jarduera horiek modu praktikoan zein arloka (gorputz hezkuntza, plastika…) baliatu daitezkeen aztertu beharko da, ikaslea horietan parte hartzen has dadin. Hortxe du Euslek, hain zuzen ere, bere funtsezko printzipioetako bat: murgiltze gela erreferentziazko gelarekin partekatzea.

Irizpide orokor gisa, Euslek 24 eta 36 hilabete arteko iraupena izango du. Programak, gainera, berariazko material didaktikoa du garatua, dagoeneko pilotajea egin duten ikastetxeetan erabili eta probatu dena.

Ibilbide arrakastatsua egin eta nazioartean erreferente bihurtu diren murgiltze-ereduetan eta esperientzietan ipini zuen begirada Hezkuntza Sailak Eusle programaren diseinurako, Kanadan eta Katalunian batik bat.

Pilotajeko esperientzia aberasgarria

Eusle programaren pilotajean parte hartu duten lau ikastetxeekin (bertako irakasle, ikasle zein zuzendaritza taldeekin) orain arteko esperientziaren balorazioa egin du Hezkuntza Sailak, eta oso emaitza positiboak jaso ditu.

Batetik, egiaztatu ahal izan da Eusle taldeetan ikasketarako giro positiboak eta kohesionatzaileak sortu direla. Kohesio horri esker, ikasleen artean lasaitasuna eta ziurtasuna sumatu dituzte erreferentziazko gelara jauzi egin dutenean. Horrela, zailtasun handirik gabe egin dute bat ikasle hauek euren erreferentziazko taldearekin.

Bestalde, argi ikusi dute murgiltze gelaren bitartez ikasle etorri berriak A2 maila lortzeko helburu horretara «askoz era eraginkorragoan eta lehenago» iristen direla. Esan dutenez, baliagarriak gertatu dira bai metodologia eta bai materiala.

Datorren urtetik aurrera, Eusle programaren ebaluazioan unibertsitateek ere parte hartuko dute, Hezkuntza Sailarekin batera. Nabarmendu dutenez, pauso horrek etorkizuneko irakasleen hasierako formazioa elikatzeko aukera ematen du, murgiltze ereduen inguruko formazioa unibertsitateetan dauden etorkizuneko irakasleei helaraziz.