Andoni Arabaolaza

Ainara Uribarri eta Asier Larruzea gailendu dira bertikalen euskal hitzordu nagusian

Bi lasterkari horiek azkarrenak izan dira gaur jokatu den Araia-Aratz lasterketan. Denera, 4,8 kilometroko eta 850 metroko goranzko desnibelari egin dizkiote aurre. Lehen sailkatuen artean oso lehia estuak ikusi dira.

Euskal Mendizale Federazioak antolatutako Mendi Lasterketen Euskadiko Txapelketen hitzorduetako bat, kilometro bertikalena, gaur jokatu da, Altzania Mendi Elkartearen eskutik egiten den Mitxarro Bira probak jaso du aipatu dugun bertikalen deialdia. Araia-Aratz Kilometro Bertikalak 4.8 kilometro eta 850 metroko desnibel positiboa ditu. Ibilbide hori Aizkorri-Aratz Parke Naturalean du “egoitza”, eta 64 korrikalarik proba hori amaitzeko aukera izan dute. Ibilbide horretan Allartera igo dira eta, ondoren, Allaitz eta Imeleku kordaletatik zehar lur teknikoak (karstikoak) gainditu eta helmuga Aratz mendian helmuga izan dute.

Oso motza eta era berean oso gogorra den espezialitate horretan azkarrenak Ainara Uribarri eta Asier Larruzea izan dira. Lasterketari horiek, beraz, senior mailan, lehen txapelak jaso dituzte. Eguraldiak ez du oztoporik jarri lasterkarien jardunean; soilik, Aratz mendian eta haren ingurumarian haizeteak izan dituzte.

Oro har, esan daiteke, lehia estuak bizi izan direla; izan ere, lehen sailkatuen artean ez da alde handirik izan. Nesken kategorian, Uribarrik 45 minutu eta 10 segundoko denbora egin du, eta bigarren sailkatuari, Andrea Garayri, 22 segundoko aldea atera dio. Hirugarrena Igone Campos izan da 46:40 denborarekin.

Larruzea, mutiletan

Gizonezkoetan, bestalde, lasterkari bizkaitarrak txapela jantzi du, baina ez da Mitxarro Birak bere baitan jasotzen duen Araia-Aratz Kilometro Bertikalaren korrikalari azkarrena izan da. Mikel Beunzak oso atzean utzi ditu lehiakide guztiak. Nafarrak 35:02 denbora egin du, eta Larruzeari minutu bat eta 40 segundo atera dizkio. Aitzitik, azken honek EMF-ren txartela duenez, euskal txapelketarekin egin da. Bigarren postuan Hodei Samaniego sailkatu da Larruzearengandik 10 segundora. Eta Beñat Katarainek hirugarren postua sinatu du 37:19 denborarekin.

Horiek guztiak seniorren podiumak izan dira, baina Euskal Mendizale Federazioak beste txapel batzuk banatu ditu.

Jubeniletan, Ander Oiarbidek irabazi du; ez da neskarik aurkeztu. Eta kadeteetan soilik Karlos Ugarte. Promesasetan, berriz, Julen Larrea eta Eztizen Duque nagusitu dira. Eta beteranoetan: Ainhoa Lendinez eta Anartz Etxeberria. Talde hoberena, azkenik, Gasteizko Zortzietakoak izan da.