Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Gutxientzat paradisu den herria gehienentzat infernu izan ez dadin

Habitataren Nazioarteko Egunaren karietara ekimen ibiltaria antolatu zuen atzo Euskal Herria Baik «bigarren etxebizitzen paradisua» den Donibane Lohizunen. Bizitokia lortzea «infernu» bilakatu dela ohartarazi eta etxebizitza eskubidearen alde fronte zabala eratzea proposatu zuen.

Ekintzaileak, etxe huts batean afixak jartzen. (Guillaume FAUVEAU)
Ekintzaileak, etxe huts batean afixak jartzen. (Guillaume FAUVEAU)

Donibane Lohizuneko Hondartza Handiaren ondoan luzatzen den Thiers bulebarretik abiatu zen bigarren etxebizitzek Lapurdi kostako hirian sortzen duten arazo franko irudikatzeko balio izan zuen ekimen ibiltaria. Christelle Roumak eta Peio Etxeberri-Aintzartek bozeramaile lanetan jardun bazuten ere, Euskal Herria Bai eta Herri Berri udal taldeko bertze hainbat kidek ere parte hartu zuten hondartzako auzotik gaindi antolaturiko zeharkaldi berezian.

Lurralde antolaketari buruzko egitasmo integralak eskatzearekin batera, proposamen zehatzak egin zituzten. Hala, zergak emendatuz eta egoiliarren estatutua ezarriz etxebizitza eskubidea bermatzeko lehen urratsak egitea posible dela azaldu zuten.

Christelle Roumak higiezinen agentzia bateko langile baten papera jokatu zuen. Hala, afixa bat eskuetan hartuta, Hondartza Handiaren parean dagoen eraikin batean salgai den apartamendu dotorearen prezioa jakitera eman zuen bisitari hasierari emateko. Bi milioi euroko prezioan eskaintzen da aipaturiko higiezina. Hamasei apartamenduz osaturiko eraikinean urte osoan bizitzeko baliatzen diren lau bizitoki baizik ez direla argitu zuen.

Azalpena abantzu soberan zen, itsasoari begira dauden lehen lerroko apartamendu anitzek leihoak itsu dituztelako udazken hasiera honetan. Kasu gehienetan heldu den urteko egun eguzkitsuak heldu bitartean hutsik izanen dira bizitoki horiek. Irudia ez zen hobea hondartzarekiko bigarren lerroan den Vauban karrikan. Aspalditik arimarik gabeko hiri eremu bilakatu da. Eguneko erosketa egiteko dendarik ez da. Etxe hutsez beteriko karrika hila da.

Peio Etxeberri-Aintzart zinegotziak laburbildu duenez, «bigarren etxebizitzen auzia arazo sozial bilakatu da, gutxientzat paradisu dena gehienontzat infernu bilakatzen ari baita».

‘Hutsa/Vide’ hitzak idatzita zeuzkaten kartelak ezarri zituzten hori irudikatzeko EH Baiko militanteek urtean zortzi hilabetez bizilagunik ez duen karrikako hainbat etxebizitzatan.

Berriki Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak bizitokien gaineko zerga %20tik %60ra emendatu du. Hala era guztiz ere, «fakturak ez die minik egiten» etxe horietan oporrak pasatzen dituzten herritarrei, Etxeberri-Aintzartek nabarmendu zuenez. Neurri zorrotzagoa jarri zuen mahaigainean. Egun notariotzan etxearen erosketa baieztatzera doan herritarrak balioaren %6 inguru ordaindu behar du. Mutazio zerga horren kopurua bikoiztea galdetu zuen EH Baik.

26.000 euro metro karratua

Vauban karrika gibelean utzita, metro gutxira dagoen Victor Hugo bulebarrean beste geldiune bat egin zuen desfileak. «Kokapen ezin hobean» salgai den apartamendua erakutsi zigun Christelle Rouma ‘gidariak’ eta metro karratuaren prezioa ere eman zigun: 26.000 euro.

Jarraian, Santa Barbara lurmuturrerantz abiatu zen desfilea. Aldapatxo bat igota itsasoari harro begiratzen dion neobasque estiloko etxea dago. ‘Etxebizitza eskubidea ez da salgai!’ leloa zuen banderola ezarri zuten balkoian EH Baiko kideek. «Ondare bat erosteko aukera izateko hainbat urte alokairuan egon behar izateak berme bat ekarriko luke bizitokiaren erabilpenari buruz», azaldu zuen bertan Etxeberri-Aintzartek egoiliarren estatutua plantan emateko aukera defendatuz.

Iragan larunbatean Euskal Elkargoak onartu Tokiko Etxebizitza Planak oinarri egokirik ez duela ere salatu zuen, eta horren ordez «ikuspegi soziala eta ekologikoa aintzat hartuko dituen egitasmoa» lantzearen alde agertu zen.