NAIZ

Ampo Ordiziak garaipena erdietsi du, baina Gernika porrotarekin itzuliko da Burgosetik

Goierritarrek lehen garaipena lortu dute aurtengo denboraldian, etxean, Les Abellesen kontra (34-12), baina Gernikak porrota jaso du Burgosen zelaian 34-13 galduta eta azkenak dira sailkapen nagusian.

Etxean lortu du lehen garaipena Ampo Ordiziak, Les Abellesen aurka. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Etxean lortu du lehen garaipena Ampo Ordiziak, Les Abellesen aurka. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Txanpon beraren bi aurpegiak ikusi dituzte igande honetan Ampo Ordiziak eta Gernikak errugbiko Ohorezko Mailako bigarren jardunaldian. Goierritarrek aurtengo denboraldiko lehen garaipena lortu dute, etxean, Les Abellesen kontra (34-12); baina gernikarrek porrotarekin itzuli beharko dute etxera Burgosen zelaian 34-13 galdu ostean.

Garaipenari esker, Ordizia zazpigarren da sailkapen nagusian, 5 punturekin, baina seigarren den Burgosekin eta zortzigarren den VRAC Quesos Entrepinaresekin berdinduta. Gernika, aldiz, sailkapen nagusiko azken postuan da. Oraindik ez dira estreinatu, Les Abelles bezala hain zuzen ere.

Altamiran jokatutako partidan, segituan aurreratu dira etxekoak Valentin Cruzen ostikada bati esker (3-0, lehenengo minutuan). Jokalari berak dropa egin du bederatzigarrenean markagailuan 6-0ekoa egiteko.

Baina honek kanpoko jokalariak esnatu egin ditu. Izan ere, Eduard Sorribesi esker, Les Abellesek 6-9koa ipini du 26. minutuan. Lehenengo jardunaldian porrota jaso eta gero, Ordiziak ezin zuen hutsik egin etxean bere zaleen aurrean, eta hortzak estutu ditu hurrengo jokaldietan. Hala, Anthony Matotok entsegua egin eta Valentin Cruzek transformatu egin du 13-9koa jartzeko aldageletara joan aurretik.

Bigarren zatian, kanpoko entrenatzaileak aldaketa batzuk egin ditu, baina Ordiziak martxa bat gehiago ipini eta aldea handitu du markagailuan (27-9, 60. minutuan). Les Abellesek, Eduard Sorribesi esker, ostikada bat gehiago lortu du 27-12koa egiteko, baina hor geratu da kanpokoen erreakzioa, Alain Arañak entsegua egin eta Valentin Cruzek transformazioa egin baitu 34-12koa egiteko.

Gernika, nahi baina ezin

Gernikaren partida guztiz ezberdina izan da. Denbora guztian atzetik joan dira markagailuan bizkaitarrak. 7-0 aurreratu dira etxekoak Joel Soriaren entsegua eta David Christian Weersmaren transformazioaren bidez.

Gernikarrek ostikada bat lortu dute 6-3koa egiteko 14. minutuan, baina 19-3 alde egin dute berriro markagailuan Burgosekoek. Hori bai, emaitza hobetu ahal izan dute kanpokoek atsedenaldira iritsi aurretik. Entsegu batek, transformazio batek eta ostikada batek 19-13koa ipini dute bigarren zati guztia jokatzeko zegoela.

Baina hor amaitu dira esperantza guztiak. Izan ere, hurrengo 40 minutuetan etxekoek bakarrik puntuatu ahal izan dute. David Christian Weersmak, Matias Nuñezek, berriro Weersmak eta Pablo Rasconek 34-13koa ipini dute amaieran.