Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Bengoetxea bizirik iritsiko da ligaxkako azken neurketara Elordi garaitu ostean (22-15)

Oinatz Bengoetxeak Aitor Elordi menderatu du Lau eta Erdiko txapelketaren bigarren jardunaldian, neurketaren bigarren zatian gehiago izanda. Biek ala biek lehen partida galdu ostean, funtsezkoa zeukaten garaipena lortzea eta leitzarrak esperientziagatik irabazi du lehen puntua. 

Bengoetxeak partida serio bat burutu du Bizkaia pilotalekuan. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Bengoetxeak partida serio bat burutu du Bizkaia pilotalekuan. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Esperientzia handiko pilotaria eta goi-mailan Lau eta Erdikoan estreinako ari den pilotaria aurrez aurre egon dira Bizkaia pilotalekuan. Bientzako, gainera, hil ala biziko norgehiagoka izan da, nahiz eta ligaxkako fasean egon, badagoelako garrantzitsuak diren neurketarik. Hau horietariko bat zen. 

Bengoetxeak zein Elordik galdu egin zuten ligaxkako lehen jardunaldian eta beraz, hirugarrenera aukera minimoekin iritsi asmoz, garaipena begien artean izan dute igande honetan. Benetan partida estua eskaini dute bi pilotariek, bien ezaugarriak hain desberdinak izanagatik ere. 

Leitzarrarentzat, esaterako, aurtengoa 19. parte-hartzea da kaiolako txapelketan; mallabitarrarentzat, aldiz, esan bezala, estreinakoa. Eta esan ohi den bezala, hil ala biziko neurketa askotan esperientzia puntu garrantzitsua izaten da, eta gaurkoan lege horixe ezarri du Bengoetxeak. 

Akats batzukin abiatu du neurketa baina behin hamarna eginda, markagailuan aurrera joan da. 4-1eko partzialarekin forma onean abiatu du partidaren bigarren zatia eta Elordik ezin izan du egoera irauli. Hala eta guztiz ere, gogotik saiatu da bizkaitarra eta gantxo eder batekin 14-12koa jarri du, tanto batera jartzeko aukera irabazita. 

Bihotz-taupadak topera zeukala hutsartea eskatu du Bengoetxea 15-12koa egin berritan, Markagailuan benetan joateko aukeraren atarian zegoela jakitun. Kaiolan alde batetik bestera erabili du Elordi 16. tantoa egiteko eta hauspoa izan da leitzarrarentzat; kolpea, mallabitarrarentzat. 

Elordik sake errestoa zerura bota eta 17-12koarekin une kritikoan sartu da bizkaitarra. Hamahirura iritsi da Bengoetxea eginiko hutsegitearen ondotik eta hamalaugarrena egiteko indarra eman dio. Ordurako, baina, jada berandu zen. Lau punturen faltan zegoen leitzarra eta espero baino gehiago sufrituta izan bada ere, leitzarra izan da 22 tantora iristen aurrena. 

Hala, hurrengo jardunaldira bizi-bizirik iristen da Bengoetxea. Berak bezala puntu bat daukan Altunaren aurka –egungo Lau eta Erdiko txapelduna– neurtuko ditu indarrak eta horren irabazlea finalerdietarako sailkatuko litzateke. Elordik sasoi betean dagoen Pello Etxeberria izango du arerio. 

«Oso pozik eta garaipenarekin, erotzen», bukatu du partida Bengoetxea VI.ak neurketa bukatu berritan ETBko kameren aurrean. «Gehiago asmatu du bera mugitzen eta hor egon da giltza, frontoi honetan ezkerretik eskuinera ibilita asko nekatzen da», zehaztu du, garaipenaren oinarria non egon den galdetuta. 

«Gaur gozatu egin dut eta horregatik ere, oso pozik nago», ziurtatu du leitzarrak. «Azkeneko partidara aukerekin iristea eta Jokinen aurka, gainera, oso pozik nago», adierazi du.

Olaizolaren azkena Bizkaia pilotalekuan

Lau eta Erdiko partida erabakigarriaren aurretik, Aimar Olaizolak bere azken norgehiagoka jokatu du Bizkaia pilotalekuan. Bertan eskuratu ditu 14 txapeletatik bost, guztira 11 final jokatuta. Omenaldi xumea jaso du Goizuetakoak eta Andoni Aretxabaleta markinarrak eginiko agurra ere jaso du ibilbide luze honetan pilotari emandako guztiarengatik. 

Olaizolak, Albisurekin bikotea eratuta, garaipena eskuratu du Urrutikoetxea-Imaz bikotearen aurka (22-13). 

Andoni Aretxabaletak agurra dantzatu dio Aimar Olaizolari Bizkaia pilotalekuan azken neurketa jokatu aurretik. (Monika DEL VALLE / FOKU)