Maitane Aldanondo

Artatxiki, bestelako kontsumo eredu baten akuilu

Intxaurrondo auzoko Artatxiki bioguneak bertako produktu ekologikoz beteta ditu apalak, sasoikoak eta freskoak nagusiki. Denda baino gehiago da, ordea. Elkartekideek bestelako kontsumo eredu bat sustatu nahi dute, ekologikoa eta gertukoa, eta bide horretan urratsak egiteko erraztasunak eman. 

Denetarik dute saltokian: barazkiak, lekaleak, haragia, arrautzak, ogia, esnekiak... Elikagaiez gain, jantziak, kosmetika edo garbiketa produktuen eskaintza zabala ere badute.  (Maitane ALDANONDO)
Denetarik dute saltokian: barazkiak, lekaleak, haragia, arrautzak, ogia, esnekiak... Elikagaiez gain, jantziak, kosmetika edo garbiketa produktuen eskaintza zabala ere badute. (Maitane ALDANONDO)

Artatxiki bioguneak 2019an zabaldu zituen ateak Donostiako Intxaurrondo auzoan. Kalexka batean, erdi ezkutuan dago saltokia, eta gero eta gutxiago ikusten diren leku txiki eta ez estandarizatu horietakoa da.

Ia hiru hamarkada urratu zituen Otarra egitasmoaren inguruan elkar ezagutu zuten talde sustatzaileko zenbait kidek. Proiektuak Martutenen zuen denda ixtean, zerbait egitea pentsatu zuten. Deialdi bat egin zuten Intxaurrondo kultur etxean eta 30 bat lagunek adierazi zuten prest egongo liratekeela halako gune batean erosketak egiteko. Hala ekin zioten abenturari. «Izugarrizko lana izan da: lokala bilatu, konpondu, ia denak geuk egin dugu, altzariak...», aitortu du bultzatzaileetako bat den Ane Mujikak.

Produktu ekologikoak eskaintzen dituzten kateak sortu dira, eta, haien aurrean, zenbait irizpideren arabera jokatzen du Artatxikik. Batetik, ingurumenarekiko konpromisoari lotuta: ekologikoa, gertukoa eta kalitatezkoa izatea. Bestetik, prezioa justua izatea bai ekoizleentzat bai erosleentzat. Mujikaren esanetan, «modan jarri da ekologikoa izatea, baina gauza asko hartu behar dira kontuan: zero kilometrokoa izatea, elikadura burujabetza... Horiek bultzatzea eskatzen ari gara».

Euskal Herriko 50 bat ekoizlek hornitzen dute denda, Ipar Euskal Herrikoak lortzea kosta egiten zaien arren –«mugak asko  zatitzen gaitu oraindik»–. Donostia inguruko ekoizleenak dira sasoiko barazki eta fruta gehienak. Denetarik dute saltokian: barazkiak, lekaleak, haragia, arrautzak, ogia, esnekiak... Ekologiko zigilua ez duen bakarra bakailaoa da, hala ere, ziurtatzen dute «gatz-gatza» daramala. Elikagai ugariz gain, jantzien, kosmetikako produktuen edo garbiketako produktuen eskaintza zabala ere badute; batzuk ontziratu gabe eros daitezke.

Bertakoa lehentasun

Zenbait produktu bikoiztuta dituzte. Esaterako, Errenteriako Zitueneko pasta dute eta Malagatik ekarritakoa, hara joandako euskaldunek egina. Prezioak orekatzen ahalegintzen dira, «merkeenera jota, beti kanpokoa litzatekeelako», zehaztu du Amaia Gorosabel kideak.

Marjina txikienarekin jokatzen dute, irabazi asmorik gabeko elkartea izanik, dirua berriro inbertitzeko edo prezioak jaisteko baliatzen baitute. Oraindik zorrak dituzte, hasierako mailegua ordaintzen ari baitira, baina, hala ere, prezio «justua» bilatzen dute: «Biologikoa duin kontsumitzea eta biologikotik bizi dena duin bizi ahal izatea». Eta gauza bera dituzten hiru langileen lan baldintzekin, ahal dela hobetuz.

Erosten denaren inguruko kontzientzia berpiztu nahi dute. Pandemia lagungarri izan zaie, askok etxealdian jakin zutelako hor zeudela. Ahoz ahokoak funtzionatzen du eta «kuriositatez» doanak «ezustekoa» hartu ohi duela diote. Horri lotuta, Donostiara zabaltzeko aukera ona badutela uste dute, bereziki, halako besterik ez delako hirian.

Bazkide berriak egiten ahalegindu dira lehen hilabeteetan; erosketetan %6ko deskontua eta beste zenbait abantaila dituzte. Kuotetako bat elkartea mantentzeko da eta bestea auzolanean aritzeko. Egun 155 dira. Oraintsu arte aukera izan ez badute ere, bilerak eta tailerrak bertan egiteko prest dute lokala. Ildoetako bat ekoizleekin hartu-emanak izango dira, «nola egiten duen erakusteko»; baita komunitatean sakontzea, bakoitzak afizioz edo lanbidez dakiena eskainiz.