Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Zortzi urteren ostean, Tolosako Bizikidetza Foroak amaitutzat eman du bere ibilbidea

Tolosako Bizikidetza Foroak amaitutzat eman du bere ibilbidea herriko kultur etxean egindako ekitaldi baten bitartez. Foroak 2013an sortu zenetik egindako lanketa jasotzen duen webgunea aurkeztu dute bertan, eta forokideen artean ondutako testu bat zabaldu dute.

Tolosako Bizikidetza Foroko kideak agur ekitaldian. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Tolosako Bizikidetza Foroko kideak agur ekitaldian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

«Eman zezakeen gehiena emanda», Tolosako Bizikidetza Foroak amaiera eman dio bere ibilbideari ostegun honetan Tolosako kultur etxean egindako ekitaldi baten bitartez. Foro honek zortzi urtean egindako lanari errepasoa eman eta urte horietan guztietan egindako lanketa modu kronologikoan eta grafikoan jasotzen duen webgunea aurkeztu dute: www.bizikidetzaforoatolosa.eus.

Ekitaldian izan dira Tolosako Bizikidetza Foroaaren aterkipean ibilbide eta pentsaera desberdinak izanik ere bizikidetzaren aldeko ekarpenak egitera elkartu izan diren hamabi tolosarrak: Martin Agirrezabala, Jose Luis Aizpurua, Kike Amonarriz, Mattin Amundarain (2019an zendua), Joxe Agustin Arrieta, Pello Atxukarro, Garbiñe Biurrun, Sergio Ceberio, Antton Izagirre, Arantxa Izagirre, Onintza Lasa eta Xabier Maiza.

Garbiñe Biurrun eta Kike Amonarriz arduratu dira foroan egin denaren berri emateaz, eta zehaztu dute talde honek bi lan-lerro izan dituela nagusiki; bat bizikidetzaren inguruan barne hausnarketa eta eztabaidak bultzatzea, eta bestea kanpora begirakoa, publikoa. 2014tik 2017ra 15 ekitaldi publiko bultzatu ditu foro honek.

«Foroaren lorpen handienetako bat barruan hausnartzeko sortu den konfiantza giroa izan da. Ez da beti erraza izan. Gure bizitzetako une kritikoak eta gogorrak partekatu ditugu. Irakurketa kontrajarriak eztabaidatu ditugu. Bizikidetzak izandako urraketa eta etendura erreparatzea izan da helburua», agertu dute Biurrunek eta Amonarrizek.

2013an sortu eta 2014an publikoki aurkeztu zenetik, Tolosako Bizikidetza Foroaren helburu nagusia izan da ideia eta jarrera desberdinetako tolosarren arteko elkargune iraunkorra izatea, eztabaidarako, azterketarako eta trukerako. Iraganari ertz desberdin eta kritikoetatik begira elkarrekiko errespetuan oinarritutako elkarbizitzako etorkizuna eraikitzen laguntzeko asmoz elkartu izan dira foroaren kideak.

Lokarri taldearen ekimenez sortu zen foroa. Kolektibo hori sistematikoki bildu zen hainbat urtez, gatazkari aterabideak proposatzeko. ETAk bere jarduna utzi ostean, taldeak aurrera jarraitzea erabaki zuen. «Kideok bizikidetzarako, politika normalizatzeko eta bakebidea osatzeko aukerak zeudela konturatu ginen», gogoratu du ekitaldian Kike Amonarrizek.

Orduan, erabat autonomoa eta ahalik eta irekiena izango zen elkarte bat sortzea erabaki zuten, «iraganak utzitako hainbat arazo» konpondu gabe zirela iritzita.

Bi ekarpen

Zortzi urteko ibilbidearen ostean, Tolosako Bizikidetza Foroak bi ekarpen egin ditu haren lana eta esperientziaren osteko irakurketa gizarteratzeko. Batetik, webgune berria aurkeztu dute. 2013tik gaur egunerainoko denbora-lerro bat ikus daiteke bertan, zortzi urtean jasotako akta guztiak arakatu osteko grafiko «zintzoa». Taldeak urtez urte antolatutako ekitaldiak ageri dira bertan, baita barne dokumentu batzuk ere.

Bestetik, denen artean adostutako ‘Kontakizun etikoa’ izeneko itxiera testua irakurri dute Arantxa Izagirrek eta Sergio Ceberiok ekitaldiaren amaieran. Azpimarratu dute Tolosan sufritu izan diren «askatasun falta, jazarpena, errespetu falta mingarriak eta urraketak», «neurri batean», jarraitzen dutela gaur egun ere. «Honek guztiak haustura sakonak eta lubakiak sortu ditu bizilagunen arteko harremanetan. Gure artean ‘gureak’ eta ‘besteak’ identifikatzeko dinamika nagusitu da eta neurri batean mantentzen da», ohartarazi dute.

Dinamika hori hausteko ituz hasi zen lanean foroa eta, bide horretan, funtsezkoa deritzo bikdima guztiei «egia, justizia eta erreparazio eskubideak» aitortzea. «Guk biktima guztien sufrimendua geure egin nahi dugu», berresten dute testuan.

Tolosako Bizikidetza Foroaren partaideen artean gertatu bezala, «gizartean ere existitzen diren ikuspegi ideologiko desberdinen arteko desberdintasunak» kudeatzea erronka handia dela diote: «Bakoitzak bere ikuspegitik egungo desadostasun politiko zehatzei erantzuteko modu desberdinak ditu. Hala ere, eta horri uko egin gabe, desadostasun ideologikoak kudeatzeko modu arautuaren beharra partekatzen dugu».