Jon Garmendia

Odei Barroso izan da onena Izpuran eta Patxi Iriart bigarrena, biak Xilabako finalera

Erabaki da azaroak 13an Xilabako finalean kantatuko duen seikotea: Amets Arzallus, Odei Barroso, Miren Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Maddi Ane Txoperena eta Patxi Iriart.

Atzo jokatu zen, Izpuran, Zuberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroako bertsolari txapelketaren azken finalerdia. (Bob EDME)
Atzo jokatu zen, Izpuran, Zuberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroako bertsolari txapelketaren azken finalerdia. (Bob EDME)

Atzoko bi lehenek beteko dituzte Donibane Lohizunen finaleko azken bi aulkiak, eta alde ttipiarekin gelditu ziren kanpoan Aitor Servier eta Egoitz Zelaia, puntu erdira lehena eta puntu eta erdira bigarrena.

«Arratsaldeon zuri entzule kadiran untsa zirea?/ hitzak neurtzen hasten delarik ez da izaiten librea/ baina libreki egin nahi nuke gaurko saioan nirea/ errespetatuz bertsoa, gaia, neurria, kantu kidea/ Lohizunek eta finalak ditu hainbat bertsolari beha/ baina helmugarik ez dut jarri nahi helmuga baitut bidea» kantatu zuen Odei Barrosok lehen agurrean eta hala egin zuen atzokoan Izpuran, bertsoaren inguruabar guztia errespetatu; bikain jardun zen, osotasunari beha, bertsoak edukiz betez eta merezimenduz eskuratu zuen final handirako txartela.

Gauza bera erran daiteke bigarrenaz, Patxi Iriart ere txukun aritu baitzen atzokoan. Finaletik kanpo ibili da azken urteotan, baina egin duen txapelketa onaren emaitza jasoko du azkenean.

Ofizioaren indarra

Zortziko handian elkarrekin heldu zioten ofizioari Odei eta Patxik, eta ariketa horretan hasi ziren nabarmentzen besteetarik. Eutanasiaren aldeko militanteak ziren, eta lagun batek hiltzeko laguntza eskatu zien. Odei hasi zen: «Lehen urratsa eman ondotik ez da errexa izanen/ aspalditikan jainkoari nik ez diot egiten amen/ eutanasian alde borrokan aritu gira nabarmen/ baina lagunak eskatu eta laguntzea ze zaila den!».

Patxik dotore erantzun zion: «Noizbait gertatu beharko zela nik enuen amestua/ gure laguna beti izan da hurbila eta prestua/ nahiz ideia arras sinplea galdegin digun gestua/ bere galdea aditu eta dardarka daukat eskua!». Eta bertsolari urruñarrak bere ohiko magia ezarri zion erantzun bertsoari: «Dardarka duzu eskua eta nik taupadaka bihotza/ bizi luzea ez du izan ta nahi luke heriotz motza/ eutanasia batzuentzako nahiz ta dugun gai arrotza/ hari beraren bi punta dira bizitza ta heriotza». «Militanteak ginela ustez ta hor pagatzear kario/ bizitza baita gai sakratua bizitzak baitu balio/ baina galdea egina digu jarri gaitezen serio/ nik zerbait egin nahiko nuke Odei legeak zer dio?». «Patxi laguna legea ezta inoiz denentzat berdina/ gu leku huntan gaude orain ta egin dezagun aitzina/ bizitzan bertan heriotza zein den gogorra ta gordina/ nik muxu emanen diot kopetan zuk itzalzazu makina». «Urte luzetan hain lasai bizi ta kolpez gira gizondu/ egin beharko dugu orduan nahi zintuzket zoriondu/ zure ideia baieztatzen dut ea ekintzan sakondu/ atea zaindu ezazu eta makina hori ene kondu».

Hirugarren izan zen Egoitz Zelaia. Oso txukun aritu zen, hazi egin da bertsolari gisa, eta finalaren ateetan gelditzea domaia bada ere, bertsolaritzari begiratu desberdin bat ekartzen diola kontuan hartuz horrekin gelditzen gara. Bigarren puntuari maisuki erantzun zion: Erizaina ote da errespetatua? «Errespetatzen dugu gehio medikua/ baina ikusi ezkero zein den momentua/ bakoitzak behar luke ohorezko lekua». Eta bakarkakoan ere utzi zuen arrastoa. Suhiltzaile boluntarioa zen, lehen deiaren aitzinean: «Bi mila eta hemeretzia eta martxoan barrena/ birus handi bat zabaldua da covid duena izena/ bolondres gisa joate hautuz joan naiz suhiltzaileena/ inguruko dolumena/ baita dagon bolumena/ halakoetan pertsonak eman behar du bere onena/ eta nik ere egin nahi nuke nire esku dagoena». «Lehendabiziko deia jasoaz ez naiz sentitu hain lasai/ edonoiz heldu beharko zela eta alboan nintzen zai/ ez dakit dudan hainbeste doai ez eta hainbeste kurai/ saiatu eginen naiz bai/ beraz bideari jarrai/ beste laguntza eskaintze hutsa gauza ona da nolanahi/ eskuak sutan jarri nahi ditut baina ez nuke erre nahi».

Maindi Murua izan laugarren, eta gauza ederrak utzi zituen. Akats batzuk tarteko puntuetan beherantz egin zuen, baina bere goxotasuna eskainiz betiere. Lan polita egin zuten, halaber, Johaine Sarraillet eta Gilen Hiribarrenek ere; nabarmentzekoa hamarreko txikian elkarrekin egindakoa. Laborariak ziren eta Johainek ez zuen lana utzi nahi 70 urterekin. «…problema bat duzula lur honen hegian/ fite finitu behar lur horren azpian» kantatu zion Gilen Hiribarrenek, eta dotore ekin zion Sarrailletek; «nik luzaz bizitzeko oino badiat herra/ entretenitzen baitut hilerri bazterra/ so egin ezak hori nola den ederra...». Beti umoreari helduz eta xiberotarrez kantatuz, gozagarri izan zen Sarraillet.