Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Haurrek tristura gainditzeko tresnak, Joseba Sarrionandiaren eskutik

Tristura gainditzeko tresnak aurkezten ditu Joseba Sarrionandiak, Irrimarraren marrazkiekin, ‘Kuku!’ bilduman. Bi eta sei urte arteko haurren emozioak gestionatzen ikastea du helburu bilduma honek. Lana aurkezteko agerraldia egin du Sarrionandiak Donostian, Peru Magdalenarekin batera.

Joseba Sarrionaindia eta Peru Magdalean lehen lerroan, eskuetan liburuak dituztelarik. Atzean, Mikel Valverde eta Karmele Gorroño (Irrimarra) marrazlkilariak. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Joseba Sarrionaindia eta Peru Magdalean lehen lerroan, eskuetan liburuak dituztelarik. Atzean, Mikel Valverde eta Karmele Gorroño (Irrimarra) marrazlkilariak. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Tristura eta nazka landu dituzte Joseba Sarrionandia eta Peru Magdalena idazleek eta Irrimarra eta Mikel Valverde ilustratatzaileek ‘Kuku!’ (Ikaselkar) emozio bildumaren baitan. Lan horiek aurkezteko agerraldian izan da Sarrionandia, ezohiko zita batean. Bi eta sei urte arteko haurrentzako zuzenduta daude liburu hauek emozioak lantzeko helburuekin. Tristura eta nazka oinarrizko emozioen sortaren azkenekoak dira, aldez aurretik haserrea, sorpresa, poza eta beldurra landu baituzte. Dena den, emozioak anitzagoak direnez, oinarrizko horiez gain, etorkizunean beste batzuk lantzeko aukera ez dute baztertu.

Tristuraz haratago joan da Sarrionandia bere lanean, beste emozio batzuk landuz. Tristura gainditzeko moduak dira liburuaren osagai nagusiak. «Liburua ikusi nuenean sorpresa eta poza sortu ziren», azaldu du idazleak Donostiako aurkezpenan. Honekin batera, marrazkiekin testuak beste dimentsioa zabalagoa hartu duela gaineratu du. «Tristuraren estutasenetik ilustrazioekin zabaldu da», nabarmendu du.

Poza izan zen liburuaren emaitza ikusi zuenean Sarrionandiak izan zuen beste emozioetako bat. Izan ere, marrazkiak ez dira ohikoak, oihalak josita egindakoak baizik. Liburuan eskanetatuak daude baina testura hori mantentzen dute.

«Sorpresa eta poza izan nituen. Tristura gainditzeko ideiak proposatzen dira», azaldu du Sarrionandiak. Liburuaren azalean grisa da nagusi, tristurarekin lotzen dugu kolorea. Orrialdetan aurrera egiten dugun heinean, kolore biziagoak, alaiagoak, agertzen dira, tristura gainditzen ari garen seinale.

«Ez gutxietsi haurraren tristura. Gerturatu zaitez goxo. Gogoratu, esaten dugunak baino gehiago, gure jarrerak eta presentziak emango diola lasaitasuna eta segurtasuna», jasotzen du ‘Kuku!’ emozio programak triste dagoen haur batekin nola jokatu azaltzeko orduan.

Bide hori jorratzen du Sarrionandiaren eta Irrimarraren liburuak. Idoia goibel eta triste dago lehen orrialdean, baina eremu horretatik ateratzeko bizipoza ematen dioten egoerak kontatzen dituzte. Amaren musua, txorien txio-txioak, amamak prestaturiko txokolate beroa, goxotegira joatea, etxeko jolasak, ... Liburuaren amaieran tristura atzean utzi du Idoiak. Eta grisa kolore bizia bilakatu da. 

Bi eta sei urte haurrentzako idaztea gauza berria da Sarrionandiarentzat, nahiz eta adin hauekoekin harremanak izan dituen. Bazuen horretan eskarmentua. «Niretzat zaila da. Interlokutore aldaketa oso konplikatua da. Oso interlokutore diferentea da. Gustura sentitu naiz. Mundu horretan sartzen zarenean, ume baten munduan, beste espazio batean edo beste lenguaje batekin ibili behar da», azaldu du.

Kolonialismoa azaltzeko

Lan ugari ditu esku artean Sarrionandiak, baina aurreratuena dagoena marrazkilari kubatar batekin elkarlanean duen proiektua da. Hamabi-hamalau urteko gaztetxoentzat zuzenduta dagoen lana da. «Estilo helduagoa da eta asmoa gauza kontzeptualagoa egitea da», kontatu du.

Kolonialismoaren historia kontatuko du, XVI. mendetik hona globalizazioarekin munduaren kontzeptua azaldu, jende diferentearen arteko harremanak nola diren, gauzak nola ulertzen diren...

Durangoko Azokan egongo den ala ez galdetu diote Sarrionandiari. «Ni, bertan bizi naiz», erantzun du. Azokan presentzia izango duen, berriz, ez du argitu. «Ez dakit», esan du.

«Nazkatasuna»

‘Nazkatasuna’ titulupean nazkaren emozioa landu dute Peru Magdalena idazleak eta Mikel Valverde marrazkilariak. Liburuaren emaitzarekin pozik geratu dela adierazi du Magdalenak. «Hasieran, nazkaren kontua etorri zitzaidanean, ataskatua izan nintzen. Beldur nintzen liburu nazkagarri eta ilun bat aterako ez ote zen. Azkeneko emaitza eskuetan izan da oso pozik nago daukan argitasuna eta bihurritasunarengatik», azaldu du.

Nazkaren inguruan idazten hasi zenean, emozio hori sentitzearen inguruan pertsonen arteko diferentziak izan zituen kontuan, elementu kulturalak ahaztu gabe. Jolasean dabilzan ume batzuen eta irakaslearen arteko harremanean oinarritzen du ipuina idatzi du. «Ez dute nazka berdin sentitzen. ‘Nazkatasuna’ kontzeptua sortu nuen norberak nazka sentitzeko askatasuna duela irudikatzeko. Hitza bera ere erakargarria egiten zait», esan du.