Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Julio Soto, haizeak hosto bat nola, Iruñeko finalera darama bertsoak

Julio Sotok pilatu zituen puntu gehien Berriozarko finalerdian, 520,5 puntu guztira, bigarren geratu zen Saioa Alkaizak baino 40 puntu gehiago. Bertsoa ez da matematika, baina zenbakien zirrikituetan suma daiteke Sotoren eskarmentua, bertsoa josteko erabiltzen duen hariaren fina.

Saioa Alkaiza eta Julio Soto. (Iñigo URIZ / FOKU)
Saioa Alkaiza eta Julio Soto. (Iñigo URIZ / FOKU)

Berriozarko Entzunaretoan, bigarren finalerdia. Eneko Fernandezen partez, Julio Soto. Osasun kontuengatik, bigarrenez atzeratu behar izan du Fernandezek bere parte hartzea. Dena ondo, datorren asteburuan Leitzan arituko da, azken finalerdian.

Horregatik esan zuen hasierako agurrean Julio Sotok «Leitzatik nakar Berriozarra haizeak hosto bat nola». Eta airean marraztu zuen saioa egungo txapeldunak, ideiak eta joskerak haririk finenarekin harilkatuz.

Saioa goran amaitu zuen, kartzelakoan dotore arituz. Hauxe zuten bakarka aritzeko gaia: Ustez gaindituak zenituen beldurrak itzuli zaizkizu. Egoera hauxe igo zuen oholtzara Sotok: «Baldintza bat du gure gizonon homosexualitateak/ berez umedun ezin gelditu ezin bete tripapeak/ eta luzaro hausnartu genun nik eta senar maiteak/ ireki behar al genizkion adoptatzeai ateak/ baina balantzan jarri ostean mesede eta kalteak/ nire beldurrez ezetz izan zen ta egin genitun pakeak/ baina berriro ikaratu nau guraso ez izateak».

Aurretik, arratsaldeko ertzetako bat zortziko txikian altxatu zuten Sotok eta Sanjurjok. Soto, piano ikaslea eta, Sanjurjo, irakaslea. Klasea bukatzerakoan Sanjurjok laugarren astez jarraian etxerako lan gisa ariketa bera errepasatzeko esan dio Sotori. Soto hasi zen, «nahiz ta saiatzen naizen ari eta ari/ badakit ez dudala talentu ugari/ laugarrengo aldikoz etxera Vivaldi/ autoestima altxatzeko onena, biba hi». Sanjurjok «...Vivaldi ona genun eta dotorea/ baina zu izango zara bera baino hobea», erantzun zion. Sotoren erantzuna, «Hori pentsatze hutsa ze erreparoa/ izango litzateke gauza arraroa/ nahiz ta bost hatzetan dauden sola eta doa/ behar dut teklatu bat luzexeagoa». Detaile distiratsu horiekin luzitu zen Soto atzo. Sanjurjoren errematea, «Mozarti obra dena diogu ostua/ baina beti ataka horren da estua/ hasi zaitez lanean nahiz ez den justua/ edo bertzeen gisan jo zazu txistua».

Saioa Alkaiza izan zen bigarrena. Saio orekatua osatu zuen eta asmatu zuen gora salto egiten, arrazoia arrazoiaren gainean.

Adibidez, zortziko txikikoa modu dantzarian osatu zuten Mikel Lasartek eta biek. Hauxe zuten gaia: bikotea zarete; lehen aldiz dantza latinoen klase batera; Mikelek segidan hartu du erritmoa, baina Saioa erabat geldirik dago. Lasartek ondo ireki zuen bidea. Hauxe, bere lehena: «Gerria mugitzea da lehen baldintza/ ta Saioa oraingoz ongi etzabiltza/ aditu erritmoa, alaitu bizitza/ hau dantza dugu eta ez bertsolaritza». Eta, Alkaizak, erantzun: «Bertsotan nahiz nabilen dohaiez beteta/ gaur gaizki media buelta eta pirueta/ saltsa eta batxata, ni penaz beteta/ bi ezker oinekin jaio nintzen noizbait eta».

Saioan aurrera, hamarreko txikian oso txukun aritu zen Alazne Untxalorekin batera. Bi ahizpen azalean aritu ziren. 88 urteko aitak bizio bakarra du; egunean zigarro bat erretzea. Eta medikuak kendu egin nahi dio. Untxalo medikuarekin lerratu zen –tokirik zailena akaso– eta Alkaiza, ez. «Bizitza osoan erretzaile gisa/ eztulka arnasten du ta eztulka hitza/ nahiz ta orain uztea litzaken bortitza/ medikuak eman du onuraren giltza/ kalitatez bukatu dezala bizitza», ireki zuen bidea Untxalok. Alkaizak, erantzun, «Fabrikan gure aitak langintza bortitza/ ta orain kalitatea, apez batek gisa/ ducadosa giltza baita haren argi printza/ sua, kea, txinparta alaitzeko grisa/ biziorik ezean zer dugu bizitza».

Eta kartzelakoan errematea eman zion ondo osatutako saioari. Hauxe, Alkaizak irekitako bidea, «Hogeita hamar urte dauzkat, batzuen ustez gaztea/ baina barnera datorkit ezina eta desgastea/ eguneroko ogia delako antsietatea/ lepoa estutzen didan nere buruko katea / nere burua da orain neronentzako kaltea/ mamuak bueltatu zaizkit zer nahi duzu esatea/ ez baita gauza xamurra depresioa izatea».

Sanjurjo, hirugarren

Josu Sanjurjo, ariketaz ariketa, pauso seguruz aritu zen. Lurretik, oso sinesgarri, entzuleekin askotan konektatuz. Kartzelakoa polito osatu zuen. Sanjurjoren lehena: «Larunbat gaua iritsi eta gazte guztiak egarriz/ Alde Zaharrera abitu gara musika polita jarriz/ horretarako da larunbata / garagardoa edo kubata/ muturra kolore gorriz/ iragan beltza dut maitasunez eta pasatu nun orriz/ baina ezin da etorkizun hau bilatzen hasi igerriz/ hortxe agertu da Nabarreria/ barra ertzean, taberna erdian/ hasi berria zait irriz eta beldurtu naiz berriz».

Laugarrena, Alazne Untxalo, oso txukun. Aurretik aipatu bezala, hamarreko txikiko ariketan biderik maldatsuena egokitu zitzaion, baina ondo konpondu zuen, saioan barna erakutsitako orekari eutsiz. Kartzelakoan putetxe batean kokatu zen. Hauxe, bigarrena, «Putetxe hartan zeuden hamaika bezero/ ministroak, apaizak, gazte zein bankero/ orain erdi ahantziak, hamaika endredo/ bizitza berri batek hartu bainau bero/ bizitzan bolantea hartu eta gero/ etxeak garbitzera/ noa ni goizero/ bizitzan bolantea hartu eta gero/ beldurra atzean da, enuen espero».

Mikel Lasarte, bosgarrena eta Patxi Castillo, seigarrena. Mikel Lasartek eutsi egin zuen ariketa guztietan, askotan kantukideari bideak irekiz. Castillok, bere aldetik, asmatu zuen gaiari begiratzeko tokietan.

Zortziko handian elkarrekin aritu ziren, eztabaida interesgarria jarriz mahai gainean. Adinean aurrera joandako bi lagun ziren, sasoiko, bakoitza bere etxean bizi zen eta garbi zuten ez dutela zaharren egoitza batera joan. «Bizitza osoa pasatu dugu egurrean jo eta ke/ baina adinez kostatzen zaigu gure osasuna bitarte/ halare hemen baserri hontan nahi dut hiltzen naizen arte/ zahar etxean sartu ezkero bizitza kentzen didate», hasi zen Castillo. Elkarrekin ariketa sinesgarri josita, Lasartek amaiera egokia eman zion, «...ongi moldatu ahalko naiz ni nire seme-alabekin/ edo arazotan baldin banago eta igual zu ere berdin/ etorri zaitez nire etxera bizitzeko elkarrekin».

Kartzelakoan bizitza osoan dietan dagoenaren ahotik aritu zen Castillo. «Loditasuna bizi dezake norberak bere buruan» ideia biribilarekin amaitu zuen.

Azken finalerdia Leitzan izango da, datorren igandean.