NAIZ

‘BaDA!’ leloarekin hitz-jolasa egiten du aurtengo Azokako iragarkiak

‘Badu? baDA!’, horrela hasten da abenduaren 4tik 8ra burutuko den Durangoko Azokako spota. Aurtengo leloarekin hitz-jolasa egiten du iragarkian agertzen den protagonistak, Jon Ander Urresti aktore bermeotarrak gorpuzten duenak. Ea berean, ikastetxeei begira antolatu den lehiaketaren berri eman da.

Spota Landako Gunean grabatu da: hutsik agertzen da pabiloia, baina abenduaren 4tik aurrera berriro ere beteta ikusi ahal izango dugu, 220 erakusmahai baino gehiagorekin. Iragarkiak edizio honetako Leire Urbeltzen ‘Desipuindegia’ kartelari ere keinu egiten dio protagonistaren bidez, eta kulturaren plaza osatzen duten adierazpide ezberdinak agertzen dira.

Hogei segundoko iraupena duen erritmo biziko bideo hau Sorland eta Filmak enpresek sortu eta ekoiztu dute.

Lehiaketa eta egitaraua

Hilabete baino gutxiago falta da Durangoko Azoka hasteko, eta kulturaren plazak edizio honetako ezaugarri nagusiak aurkezten jarraitzen du. Aurten ez da Ikasle Goizarik antolatuko Azokako lehenengo egunean (abenduaren 3an online denda martxan jarriko da, baina ez da aurrez aurreko Azokarik egongo). Hala ere, ikastetxeei begira, lehiaketa bat antolatu da LH, DBH eta Batxilergoko ikasleentzat: portaDA! erronka.

Ikasleek euren sormena garatu beharko dute euskarazko liburu edo disko baten azala hartuta, eta eurekin argazki sortzaile bat ateraz, objektu bat edo euren gorputzeko atal bat erabilita, portada osatuz. Parte hartzeko epea azaroaren 30ean amaituko da, eta irabazleek oso sari bereziak jasoko dituzte: DBH eta Batxilergokoek Huntza taldearen bisita eta kontzertu egokitua ikastetxean eta LH-koek "Iratxoen kantu sekretuak" emanaldi berezia. Oinarri zehatzak www.durangokoazoka.eus webgunean kontsulta daitezke.

Horrez gain, DA! PRO egitasmoan izena emateko epea ere irekita dago, azaroaren 11ra arte. Azokako profesionalentzako guneak lau eguneko egitaraua izango du, eta musikaz gain beste diziplina batzuk ere landuko ditu. Sortzaileek azaroaren 11ra arte izango dute tartea bertan euren proiektuak aurkezteko (musika eta familia-ikuskizunekin lotuta). Horrez gain, programatzaileek ere izena emateko epea zabalik dute.

Abenduaren 3an ‘Literaturatik zinemara, zer behar du lan literario batek ikus-entzunezko bihurtzeko?’ mahaingurua egongo da DA! PRO egitasmoaren baitan, hainbat parte-hartzailerekin: Unai Elorriaga idazlea, Aizpea Goenaga zuzendaria, Joanes Urkixo gidoilaria, Ander Barinaga ekoizlea, Gaizka Izagirre kazetari eta zinezalea... Bertara joateko ere beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea, www.durangokoazoka.eus webgunearen bidez.