Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

‘Kapitain Frakasa’-ren ‘remake’ bat aurkeztu du Anjel Lertxundik

‘Kapitain Frakasa’ (Erein, 2021) duela 30 urteko liburua da, baina liburu berri bat da, Anjel Lertxundi egileak azaldu duenez. Orduko istorioak hemen daude, baina liburu berri bat dago idazkuntza berri bat dagoelako eta puzzleko pieza berdinak egonagatik horien antolamendua desberdina delako.

Anjel Lertxundi, asteazken honetan, Donostian, ‘Kapitain Frakasa’ nobelaren bertsio berria aurkezten. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Anjel Lertxundi, asteazken honetan, Donostian, ‘Kapitain Frakasa’ nobelaren bertsio berria aurkezten. (Andoni CANELLADA/FOKU)

1960ko frantziar Estatuan kokatzen gaitu Anjel Lertxundiren ‘Kapitain Frakasa’ nobelak. Egoera ez da batere gozoa. Gerra bukatu berri, erresistentziaz hitz egiten da, eta harrotasun patriotikoa nahiko faltsua da. Argeliaren independentziaren auziak aztoratuta dauka bertako gizartea. Gerra Hotza deitzen zaio garai hari, edo, literaturan, Susmoaren Aroa. Gizarteak zalantza duen bezala zer jarrera hartu Argeliako gerraren aurrean, Gobernuaren aurrean, talde faxistaren aurrean, iluntasun handiak daude boterean bertan ere, Poliziaren artean. Horrek nobela beltz interesgarri bat sortzen du.

1991n argitaratu zuen idazle oriotarrak liburua, Ereinekin. Eta, 30 urte geroago, haren ‘remake’ bat plazaratu du, argitaletxe berarekin. Istorioaren anbiguotasun edo iluntasun horretan «pista gehiago ematen jardun naiz irakurleari, nik neuk ere liburua idatzi nuenean ez neuzkan pista batzuk», adierazi du asteazken honetan Donostian egindako aurkezpenean.

«Otto Pette»-ren antzeko abiapuntua

Liburua honela abiatzen da: Omega marka bat (pasaporte baten sinaduran) eta aieru baten indarrez nabarmendutako irudi bat (bi txori mokoka zeru mugetan). Pasaporte-mehatxuaren hartzailea, talde mafioso baten barruan gainbehera etorritako gizon eroria, izen askoren atzean mozorrotu dena: Marcel, Cerdán, Osorio… Zein ote pasaportearen igorlea? Zein dago Omega markaren atzean?

Inazio Mujika editoreak ohartarazi duen bezala, hasiera horrek antzekotasunak ditu ‘Otto Pette’ Lertxundiren obra borobilaren abiapuntuarekin. Pertsona arrotz bat inguratzen da bietan, protagonistaren bizitza aldatuko duena. Edizioari buruz, nobelaren beste bertsio bat dela eta «atzo bertan kaleratu izan balitz bezala» gelditu dela nabarmendu du. «Gaurkotasun handikoa da».

30 urteko euskal literaturaren eskarmentua darama

Mujikak erantsi duenez, 1991ko abenduan kaleratu zenetik, egileak ez du ‘Kapitain Frakasa’ berrargitaratu nahi izan. Hala azaldu du autoreak horren arrazoia: «Eskerrak ez nuen garai hartan egin. Liburuaren berritzea orduan egin izan banu, arazo berdintsuekin geratuko nintzen, elementu batengatik: orduan bazegoen ahalegin berezi bat hizkera literarioa egokitzeko, bagenituen idazleok arazo horiek. Hau idatzi nuenean horixe zen nire kezka. Gero emaitza ikusi nuenean ere bai. Orduan erabaki nuen gelditzea, ikusten nuelako nobela honek balio zuela baldin eta hizkera literarioa gehiago lantzen bazen, baina ez geneukan 30 urteotako bide hori guztia egina».

Denbora hau pasata, «entusiasmo handiarekin» ekin zion liburuari. «Aldatua zegoen hizkera literarioa, gorabehera sintaxikoak argiago genituen, itzulpengintzari esker besteak beste. Gaur liburu honek 30 urteko euskal literaturaren eskarmentua darama. Alde horretatik liburu berria da».

Baina hizkera ez da berrikuntza bakarra. «Liburua puzzle bat da. Pieza berdinak ditu, baina antolamendu desberdin batek istorioa ere berritu egin du. Landuagoa da. Aldi berean, bere zalantzen arrazoiak askoz ere garbiago agertuko dira hemen».

Zalantzetatik idatzia dago

Duela 30 urteko liburuak Antton Olariagaren azal eder bat zuen. Haren ‘remake’-a ere egin dute, erreferentzia egiten dion pelikula bereko fotograma bat baliatuz. Film hartan eta liburuan agertzen diren garaiko besteetan bezala, Lertxundiren nobelan ez da inor inorekin fidatzen. Lehendabizi, irakurlea ez da dena irensteko prest dagoen pertsona bat. Idazlearengan ere susmoa dago pertsonaienganako. Ez du sentitzen irakurlearen fideltasun hori ere. Liburu hau zalantzetatik idatzita dagoela agertu du autoreak.

Zalantzen formulazioak badu zerikusirik teknika literarioarekin. ‘Demagun’ batekin hasten da liburua. «Idazten hasi nintzen nebulosa batekin, pertsonaiak definituak izan gabe, baina liburuko lehendabiziko eszena idatzi nuen. Iluntasun horretan noa aztaka bezala istorioa konfiguratzen. 30 urte geroago, pertsonaiak finago definituta daude, exajeratu gabe, baina beste gorputz bat hartzen dute. Hau berritu dudanean ez nengoen orduan bezain biluzik; nobela ezagutzen nuen, orduan nahi nituen gauzak trukatu ditut, orain ikusten eta pentsatzen dudanaren arabera».

Horrekin lotuta, honako gogoeta egin du oriotarrak: «Denok ditugu gure biografian alde anbiguoak. Gure borondatearen arabera argitzen dira edo ez. Adinarekin beste forma bat hartzen dute, beste modu batera hurbiltzen gara, ulergarriago egiten zaizkigu, gure buruari barkatzen hasten gara».

Anbiguotasun hori bizitza da. Liburuan deskribatzen den Frantzia anbiguotasun horretan bizi da: badago egia ofiziala eta egia iluna, azpikoa, motibo politikoengatik, konbenientzi sozialengatik… adierazten ez dena.