Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Gazteak Bilbon izango dira larunbatean, «aske eta berdinen» Euskal Herria aldarrikatzeko

«Aske eta berdinen Euskal Herri bat lortzeko bidean dugun konpromisoa azpimarratzeko», EH Bilduk deituta Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute gazte independentistek.

Gasteizen izandako agerraldia. (Endika PORTILLO/FOKU)
Gasteizen izandako agerraldia. (Endika PORTILLO/FOKU)

Gazte subiranistak Bilbon izango dira larunbatean, EH Bilduk deitutako manifestazio nazionalean: «Bilbora goaz harrotasunez garena aldarrikatzera. Euskaldunak garelako, independentistak, feministak eta askeak».

Hala adierazi dute asteazken honetan Izar Hernandok eta Xabier Ruiz de Larramendik Gasteizenen eginiko agerraldi batean. Haien esanetan, Bilbora joango dira «konprometituta gaudelako».

«Indibidualismoak eta nork bere zilborrari begiratzeak ez gaituelako inora eramango; etorkizuna beltzez margotzen digutenen amesgaiztorako, gazteok ideiak, proiektuak eta borrokak ditugu. Hau berau baita, azken finean, larunbat honetako deialdiaren funtsa: gazteok gure aldarrikapenak islatzeko plaza bat topatzen dugu azaroaren 20ko manifestazio nazionalean».

Eta, azpimarratu dutenez, «herri bezala egiteak balio bikoitza» du. Izan ere, «independentismoa ez da ezer gazteriaren bultzadarik gabe, eta alderantziz». «Gu gara herri honen etorkizuna aske eta berdinzaleagoa egin behar dugunak, aurrekoen konpromisoan berretsi eta lortu arte lanean jarraitu behar dugunak. Nazio librea nahi dugu eta berau aldarrikatzeko arrazoiak soberan ditugu».

«Bizitza prekarioak»

Zentzu honetan, pandemiak «gazteon bizitza prekarioak are gehiago larriagotu dituela» salatu dute. «Gurasoak baino okerrago bizitzera kondenatu nahi gaituztelako. Nahiz eta inoiz egon den belaunaldi prestatuena izan, ziurgabetasun ezean bueltaka egotera behartu gaituztelako», esan dute.

Eta, gaineratu dutenez, Bilbora joango dira «autoritarismoari bizkarra emateko». «Ikusi dugu, pandemiaren gairik zailenetan, nola izan garen kriminalizatuak, nola aurkeztu gaituzten arduragabe hutsak bezala eta nola jarri nahi izan duten gaitz guztien zama gure bizkarren gainean. Argi dago beraz, erabakiguneetan nahiago dutela gazteotaz hitz egitea, gazteon ahotsa entzunaraztea baino».

«Azken adibidea dugu Glasgowko goi-bilerarena; mundu hondamendira eramaten ari direnek greenwashing saiakera berria egin nahi izan dute baina ez gaituzte engainatuko: klima larrialdiak gazteon alarmak piztu ditu eta erantzule zuzenak ditu. Eta erantzule horiek, Tapia, Iberdrola eta enparauek, entzungo gaituzte larunbatean, haien maskara berdea kenduko diegulako».

«Guzti honengatik, Santi, Josu eta izan ziren guztiengatik, oraindik ere etxera ekarri behar ditugunengatik eta etorkizunari zor diogulako larunbatean, aske eta berdinen Euskal Herria lortu arte, gazteok Bilbora!», azpimarratu dute.