NAIZ

Osasunako langileak, jo eta ke lanean zuri-zuri esnatu den Sadar biharko prest uzteko

Igande goizean erabat zurituta esnatu da Iruñea eta hala, baita Sadar estadioa ere. Osasunak astelehenean jokatzen du Elx taldearen aurka (21.00) eta berdegunea egoera onenean egoteko, klubeko langileak jo eta ke lanean ari dira igande honetan. 

Sadar elurrak erabat zurituta esnatu da. (CA OSASUNA)
Sadar elurrak erabat zurituta esnatu da. (CA OSASUNA)

Duela ia urtebete, Real Madrilek Sadar bisitatu behar zuenean, elurra mara-mara egin eta Osasunako langileak, azken orduan, jo eta ke aritu ziren berdegunea ahal bezain ondoen uzten. Kasualitatea edo ez, Osasunak berdinketa baliotsua erdietsi zuen ligako talde indartsu baten aurka. 

Bada, igande honetan klub gorritxoak zabaldu duen bideoak antzekotasun handiak ditu egun hartakoarekin alderatuta. Kasu honetan, partidaren bezperan pilatu da elurra eta ez egunean bertan, eta aurkaria ere ez da hain indartsua, Elx baita, igande honetan entrenatzaile berria iragarri duen taldea, alegia. Alacanteko taldeak Fran Escriba kaleratu eta azkenean, Francisco Rodriguez fitxatu du. 

Elurra polita da distantziaz ikusi edota olgetan egiteko baina enbarazua da zure egunerokoa aurrera eramateko oztopo bilakatzen denean. Esan bestela Osasunako langileei. Igande honetan, goizean goizetik, lanean ari dira berdegunea biharko ahalik eta ondoen uzteko. 

Oraingoz, aurreikuspen metereologikoek ere hala esaten dute, asteleheneko partida jokatzeko ez da zailtasunik egongo. 

Kontrara, igande honetan Taxoaren jokatu behar ziren harrobiko partida guztiak bertan behera geratu dira eta lehen taldearen entrenamendua arratsaldera atzeratu eta Navarra Fútbol Indoor instalakuntzetan burutuko da, ateak itxita. 

Gasteizen ere presentzia handia eduki du elurrak eta Ibaia kirol instalakuntzetan jokatu beharreko partida guztiak ere bertan behera geratu dira, tartean bigarren taldeak eta Beti Gaztek jokatu beharrekoa. Alavesek entrenamendua dauka aurreikusita eta klubak adierazi du, Ibaian pilatu den elurra kentzen hasiak direla lan-saioa egin ahal izateko.