Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Nafarroako torturatuek elkartea sortu eta herriz herri bazkideak bilatuko dituzte

Torturatuen Sareak eta Egiari Zorrek Nafarroako torturatuen elkarte bat sortzea erabaki dutela iragarri dute larunbat honetan. Hurrengo hilabeteetan herrialdeko hainbat eremutan tratu txarrak eta torturak jasan dituzten pertsona guztiak banatuko dituzten formularioak betetzera animatu dituzte.

Toruratuen Sareak eta Egiari Zorrek Nafarroako torturatuen elkarte bat sortzea erabaki dutela iragarri dute Zabaldin eginiko prentsaurrekoan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Toruratuen Sareak eta Egiari Zorrek Nafarroako torturatuen elkarte bat sortzea erabaki dutela iragarri dute Zabaldin eginiko prentsaurrekoan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Larunbat honetan Zabaldin egindako prentsaurrekoan Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zorrek iragarri dutenez , «elkarte gisa eratzeko erabakia» hartu dute, herrialdean torturatuen bozgorailu izateko xedearekin.

Estatuko Segurtasun Indarren aldetik Nafarroan tratu txarrak eta torturak jasan dituzten pertsona guztiak, edo haien senideak, hurrengo hilabeteetan Nafarroako hainbat eremutan Torturatuen Sareak banatuko dituen formularioak betetzera animatu dituzte Jon Patxi Arratibel eta Gloria Bosque sareko kideek.

Hala, Sarea zabaldu eta Nafarroan torturatuen errolda ahalik eta zehatzena osatu nahi dute, pertsona horien guztien aitortzaren eta erreparazioaren alde lan egiteko. Horregatik, torturaren biktimak formulario horiek betetzera animatu nahi izan dituzte: «Errespetutik eta ardurarik sakonenetik, badakigulako zer mingarria den hau egitea, baina guztiontzat berebiziko garrantzia duela uste dugu».

Azaldu dutenez, formularioak biltzeak bi helburu ditu. Alde batetik, Sarea ahalik eta bazkide gehienek osatzea, eta, horrela, «Nafarroan torturatu eta tratu txarrak jasan dituzten pertsonen ahotsa emango duen subjektua eraikitzen lagundu».

Bestalde, datu eta informazio hori ahalik eta era zehatzenean helaraztea, Nafarroan azken sei hamarkadetan Estatuko Segurtasun Indarrek torturatutako lagunen aitortzan egin nahi duten bidean lagungarri izateari begira. «Pertsona ahalik eta gehienen artean, auzolan erraldoia egin nahi dugu», gehitu dute Arratibelek eta Bosquek.

Abenduan, «lehen bultzada»

Ildo horretan, Nafarroako Torturatuen Sareak abenduan eta urtarrilean egingo du lehenengo bultzada, «nahiz eta jakin badakigun lan hori denboran luzatu beharko dugula hainbeste pertsonarengana iritsi ahal izateko».

Hala, herriz herri torturatuak izan direnen artean bazkideak bilatuko dituzte, hurrengo datetan: Iruñeko Zabaldin, abenduaren 15, 22, 29an eta urtarrilaren 12, 19, 26an (18:00-20:00); Altsasuko Kukuerreka elkartean, abenduaren 16, 30ean eta urtarrilaren 13, 27an (19:30-21:00); Etxarri Aranatzeko Kultur Etxean abenduaren 16, 23, 30ean eta urtarrilaren 6, 13, 20, 27an (19:30-21:00); Leitzako Torrea Tabernan, abenduaren 16, 23, 30ean eta urtarrilaren 6, 13, 20, 27an (18:00-19:30); eta Barañaingo Akelamendi elkartean, abenduaren 16, 23, 30ean eta urtarrilaren 13, 20, 27an (18:00-20:00).

Era berean, Nafarroako Torturatuen Sareak otsailaren 12an Berriozarko Musika Eskolako Auditorioan egingo duen aurkezpenera gonbidatu dituzte Nafarroan torturak jasan dituzten pertsonak.

Mila kasu baino gehiago, 60 urteko inpunitatea

Sareko kideek gogoratu dutenez, Nafarroan torturaren gaitza 80 herrik baino gehiagok bizi izan dute eta 80 udalerri horietan gutxienez tortura kasu edo salaketa bat dago ikertu, aitortu eta erreparatu gabe.

Jakin badakite –egiten ari diren datu-bilketaren ondorioz– Estatuko Segurtasun Indarrek eragindako oinaze fisiko edota psikologikoa mila kasuren inguruan dagoela 1961etik 2012ra bitarteko aldian. «Belaunaldi ezberdinen sei hamarkada, sufrimendu isildua, estigmatizatua eta ahanzturara kondenatua», azpimarratu dute.

Gaineratu dutenez, torturaren errealitatea ukatuz edo kuarteletan eta komisaldegietan gertatutakoaren ebidentzia argiak zirelarik, erakundeetako zenbait arduradunek, hainbat alderdi politikok eta komunikabide jakin batzuek «beste alde batera begiratu» zutela salatu dute.

«Isiltasun hori, askotan susmo bihurturik, hain erabilia izan den "algo habrá hecho" esaldian ezaugarritua, gu kriminalizatzeko eta horrela zigor bikoitza ezartzeko arrazoia ere izan da. Horregatik, aipatutako hamarkadetan Nafarroan torturaren praktika sistematikoaren onarpen ofiziala lortzeko egin beharreko bidearen gogortasun eta zailtasunaz jabetzen gara», adierazi dute.

Oraindik bidea dago egiteko

Torturatuen kolektiboak bizi duen diskriminazio-egoera bereziki tragikoa dela azpimarratu dute Egiari Zor elkarteko kideek. Salatu dutenez, indarkeria mota horrek eragindako pertsonen kopurua handia den arren, aitorpen ofizialaren maila «eskasa» da.

«Milaka kasuri buruz ari gara», gaineratu dute, Kriminologiaren Euskal Institutuak 1960tik 1978ra bitartean Nafarroan eta 1960tik 2014ra bitartean EAEn egindako azterlanek erakusten dutenez.

Izan ere, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen 2019an Nafarroako Gobernuak, EHUri torturei buruzko, eta EAEkoaren parametro berberekin, txosten bat egiteko eman zion diru-laguntza.

Hala ere, Euskal Memoriak urteak daramatza gai hori lantzen, eta 816 kasu atzeman ditu 1960tik gaur arte, eta uste du mila baino gehiago izan litezkeela, dagoeneko EAEn ziurtatutakoarekin bat datorrena.

Beraz, Egiari Zorren ustez, torturaren milaka biktima aitortu eta konpondu behar dira, eta, horregatik, Euskal Herriko erakundeei dei egin die aitortza ofiziala ahalbidetzeko beharrezko urratsak eman ditzaten.