NAIZ

A-636 errepidearen bidesaria martxan jarriko da urtarrilaren 18an

Debagoiena eta Goierri lotzen dituen errepideetako bat da A-636, trafiko handiko bidea bi eskualdeetan enpresa asko daudelako. Urtarrilaren 18tik aurrera egunero lanera joateko bide hori aukeratzen duten langileek bidesaria ordaindu beharko dute.

Urtarrilaren 18an jarriko da martxan bidesaria A-636 errepidean.
Urtarrilaren 18an jarriko da martxan bidesaria A-636 errepidean. (BIDEGI)

Beasain eta Bergara arteko A-636 errepidearen bidesaria 2022ko urtarrilaren 18an jarriko da indarrean. Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutako azaroaren 6ko 4/2020 Foru Arauaren arabera, kanonak ibilgailu motordun guztiei eragingo die, motorrei izan ezik.

Gipuzkoako Aldundiak azaldu duenez, kanonaren helburua da azpiegitura erabiltzen duenak «ahalmen handiko errepideak eraikitzeko, kontserbatzeko eta kudeatzeko kostu handiak berreskuratzen laguntzea».

Data hori gertu dagoenez, foru erakundeak herritarrei gogorarazi die Goierri, Urola Garaia eta Debagoieneko herrietan Bidegirekin lankidetzan ezarritako aurrez aurreko informazio guneak urtarrilean ere irekita egongo direla, errepide horren erabiltzaileen zalantzak argitzeko eta Abiatu sisteman sartzeko izapideak errazteko.

Ezkio-Itsaso, Ormaiztegi, Zumarraga, Beasain, Legazpi, Bergara, Urretxu eta Antzuolan ezarriko dira puntuak. Horietan guztietan tarifei, deskontuei eta eskaera-inprimakiei buruzko informazioa emango da. Udazkenetik martxan dagoen plangintza honen helburua da erabiltzaileek Abiatu gailua aurrez aurre eskatu ahal izatea edo ibilgailuaren matrikula banku-txartel batekin lotu ahal izatea, urtarrilaren 18an autobia erabiltzeagatiko kanona indarrean sartu aurretik.

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako foru diputatuak Abiatu gailua eskatzera animatu ditu erabiltzaileak, «garrantzitsua den deskontu bat lortzeko eskubidea ematen duen bakarra delako».

«Abiaturi esker, deskontu progresiboak egin daitezke: %25etik %75era, hilean egiten den ibilbide-kopuruaren arabera. Gainera, hilean 33,37 euroko gastu-muga izango du Gipuzkoako autobideetan, 49,30 eurokoa AP-8an Bizkaian eta AP-1ean Araban», azaldu du.

Gipuzkoako autobide guztietarako balio du: AP-8, AP-1 eta A-636. Dispositiboa dutenek ez dute ezer egin behar, A-636 autobiderako ere balio duelako, eta, gainera, Estatu espainiar eta frantseseko zein Portugalgo autobideetan zein baimendutako aparkaleku guztietan erabil daiteke.

Udana, itxita

Debagoiena eta Goierri eskualdeak lotzen dituen hiru bide nagusi daude, A-636 errepidea, Deskargako portua eta Udanako portua. Azken hau abenduaren 12tik itxita dago euriteek eragindako kalteen ondorioz. Orain obrak hasiko dituzte eta iragarri dute hiru hilabete eta erdi luzatuko direla eta, beraz, errepidea itxita egongo dela denbora horretan.

Hala, herri batetik bestera joan behar dutenek –asko langileak dira, bi eskualdeetan enpresa ugari daudelako–, A-636 errepidetik igaro eta dagokien tasa ordaindu, edo Deskargako bide zaharretik buelta eman erabaki beharko dute.

Era berean, Bidegik jakinarazi duenez, A-636 autobiaren mantentze-lanen barruan, ostiral honetako goizaldean, 0.00etatik 5.00etara bitartean itxi egingo da, Zubiaurreko tunela Beasainerako noranzkoan garbitzeko.

Ohar bidez azaldu dutenez, Bergara-Antzuola tartean galtzada bost orduz itxita egongo da 23,000 eta 19,000 kilometroen artean.

Hibargarai hiribidetik eta Urteaga kaletik GI-627 errepidea erabiltzea gomendatzen da. Bergarako noranzkoko erreia irekita egongo da.