Zalantzen derbiarekin emango dio urteari amaiera Ipuruak

Eibarrek eta Sansek bigarren itzuliko lehen partida jokatuko dute ostiral honetan (16.15). Covid-19aren eraginez, Gaizka Garitanok eta Xabi Alonsok azken unera arte itxaron beharko dute zein jokalari dituzten prest jakiteko.

Eibarrek Anoetako derbia irabazi zuen lehen itzulian. Irudian, Fran Sol eta Aldasoro.
Eibarrek Anoetako derbia irabazi zuen lehen itzulian. Irudian, Fran Sol eta Aldasoro. (Jon Urbe | Foku)

Ziurgabetasun garaia bizi dugu eta ostiral honetan Ipuruan (16.15, Gol) urteari amaiera emango dion derbia egoeraren eredutzat har daiteke, zalantzek inguratuta baitator. Izan ere, Gaizkak Garitanok eta Xabi Alonsok onartu dute azken unera arte ez dutela jakingo zein jokalari dituzten prest, covid-19ak euren taldeak baldintzatu ondoren.

Ostegun honetan adierazi du Eibarrek, bestetik, edukieraren murriztapenen ondorioz ez dituela sarrera gehiago salduko. Eta horri gehitu behar zaizkio, egoera normaletan ere, etenaldien ondorengo lehen partidek sortzen dituzten zalantzak, jokalari eta talde guztiek ez baitute gaitasun bera lehiaketari berrekiteko.

Garbi dagoen gauza bakarra, Eibarren eta Sanseren helburua da. Baita biek ezin izango dutela bete, gehienez hiru puntu banatuko baititu derbiak. Etxekoek bigarren itzulia lehendabizikoa amaitu duten bezela hasteko nahi dute garaipena; hau da, igoera zuzeneko postuetan. Eta beharrezkoa dute, atzetik datozen aurkariek ez baitute martxa moteltzen –puntu batera dago Tenerife eta bitara Ponferradina eta Valladolid–. Badute, gainera, amorru puntu bat armaginek, etxean jokatutako azken neurketan ezin izan baitzioten eutsi beren bolada ikusgarriari eta puntu bat eskuratu zuten justu-justu Malagaren kontra.

Gaizka Garitanoren esanetan, «beti da garrantzitsua ondo hastea, kasu honetan bigarren itzulia». Entrenatzaile bizkaitarraren ilusioa «lehendabizikoa bezain ona edo hobea egitea» da eta hasieratik horrela izateko, bihar «oso partida ona» egin beharko du bere taldeak, Sansek bertute asko baitauzka sailkapeneko behe aldean dagoen arren. Garitanoren ustetan, batez ere, «ondo defendatu behar dugu. Presioan ondo ez bagaude, koordinatuta ez bagoaz, irten egingo gaituzte. Zelaiari zabaltasun handia ematen diote eta batzuetan ez zara heltzeko gai. Baloia beraiek dutenean, ondo defendatzen saiatu behar gara eta berreskuratzen dugunean, min egiten».

Zein jokalarirekin saiatuko da Eibar gauza guzti horiek egiten? Auskalo. Klubak sei positibo iragarri zituen etenaldiaren ondoren egindako lehen probetan baina ez du argitu zein diren bakartu behar izan diren jokalariak. Are gehiago, aurretik lesionatuta zeuden futbolariei buruzko informazioa ere ez dago. Eta ez dira gutxi. Franchu, Venanzio, Sielva, Correa eta Aketxe –Llorentez gain, bere kasua covid-19arengatik– geratu ziren Teneriferen eta Las Palmasen aurkako deialdietatik kanpo. Garitanok onartu du azken unera arte itxaron beharko duela, seguruenik ez dela izango azken aldia «dena nola dagoen ikusita» eta, horregatik, talde guztientzat oso garrantzitsua izango dela egoera desberdinetara «moldatzeko gaitasuna».

Sanseren egoera antzekoa da. Edo okerragoa. Alde batetik, garaipena ia hil edo biziko kontua delako txuri-urdinentzat, sailkapenaren behe aldean distantziak handitzen doazela ikusita. Eta, bestetik, bere baja propioei bakarrik ez eta lehen taldekoei ere egin behar die aurre. Gabonetan hamar positibo antzeman ziren Realean eta zazpi Sansen. Imanolek Alavesen kontrako partidarako izan ditzakeen beharrak eta gainontzeko futbolarien egoerak mugatuko dituzte, beraz, Xabi Alonsoren aukerak. Ostegun eguerdian onartu duenez, «bihar arte ez dut jakingo zeintzuk dauden jokatzeko prest». «Ez da egoera erraza, ezin duzulako berme guztiekin lan egin» gaineratu du, behingoz, baina aitzakirik ez duela bilatu nahi ere esan du . «Azkenean Eibarko hamaika eta Sanseko hamaika jokalari zelairatuko dira», adierazi du.

Bere taldeak derbia jokatzeko «sekulako gogoak» dituela ere onartu du. Gogoak handiak badira, puntuak eskuratzeko premia sekulakoa da. Sanse denboraldiko une txarrenean heldu zen Gabonetara. Bederatzi partidatan zortzi porrot sufrituta, haietako bost jarraian, sailkapenaren azken aurreko posturaino jausi zen eta sei puntutara handitu zitzaion 18. sailkatuarekiko aldea. Bigarren itzuliaren hasierak ez dio eskainiko aukera errazena ibilbide horri buelta emateko baina donostiarrak ez daude aukeratzeko moduan. Garaipena behar dute, eta kitto. Eta horretarako «partida biribila» egin beharko dute, beren entrenatzailearen esanetan, Ipuruakoa «denboraldiko partida zailenetakoa izango» baita.

Giroa

Positiboen kopurua etengabe hazten doan arren eta pandemiaren egoeraren ondorengo murrizketak berriro ezarri badira ere, giro polita espero da Ipuruan. Izan ere, denboraldiko sarrera onena izan daiteke, 4.000 bazkide, armaginen erantzunaren arabera. Interneten bidez eta lehiatilan 700 sarrera inguru saldu dira dagoeneko.

Klubak azaldu duenez, ez dira sarrera gehiago salduko Ipuruako edukiaren %75koaren muga ez gainditzeko, bazkideen eserlekuekin, dagoeneko saldutako sarrerekin eta konpromisoetarako sarrererekin edukiera ia osoa betetzen da.