NAIZ

Renata Voracova tenislari txekiarrari ere bisa ukatu dio Australiako Gobernuak

Australiako Gobernuak bisa ukatu dio Txekiar Errepublikako Renata Voracova tenislariari. Abenduan sartu zen Australiara mediku-salbuespen batekin, Tennis Australiak onartua, duela gutxi pasatu baitzuen covid-19aren gaitza. Agintari australiarrek adierazi dute ez dela nahikoa herrialdera sartzeko. 

Renata Voracova Roland Garroseko partida batean.
Renata Voracova Roland Garroseko partida batean. (Miguel MEDINA | AFP)

Novak Djokovicen polemika egunetik egunera hazten doan bitartean, Australiako Gobernuak bisa ukatu dio beste tenislari bati, Txekiar Errepublikako Renata Voracova-ri, alegia. 

Txekiarra, salbuespen-mediku baten bitartez, Australiara sartu zen abenduan, duela gutxi pasatu baitzuen covid-19aren gaitza. Partida bat ere jokatu zuen Australiako Irekia prestatu asmoz. 

Agintari australiarrek, ordea, ostegun honetan atxilotu zuten tenislaria, zeukan mediku-salbuespena herrialdean sartzeko baimena lortzeko nahikoa ez zela argudiatuta. Hala, Novak Djokovic dagoen hotel berdinera eraman zuten. Oraindik ikusteke dago ea txekiarrak helegitea jartzen duen edo ez. Djokovicen gaineko azken erabakia astelehenean hartuko du auzitegi batek.

Koronabirusaren pandemia kontrolatu asmoz, neurri gogorrak hartu ditu Australiako Gobernuak. Txertoa nahitaezkoa da Australian sartzeko, baina aldi baterako salbuespenak daude «egoera mediko larria» dutenentzat, aurreko sei hilabeteetan covid-19 gaitza izan ondotik txertoa jaso ezin dutenentzat edo botikaren aurkako erreakzioa izan dutenentzat, besteak beste.

Djokovici bisa baliogabetzeak tentsio diplomatikoak sortu ditu Australiaren eta Serbiaren artean, bertako presidenteak kirolariaren aurkako jazarpena salatzen duen bitartean, herrialde ozeanikoak mugako legeak aplikatzerakoan salbuespenik ez egitea defendatzen du.

Natalia Vikhlyantseva tenislari errusiarrak ere ezin izango du Australiako Irekia jokatu, Gobernuak ez baitu baliotzat jotzen Sputnik V txerto errusiarra.