Urteko partidarik berezienarekin emango dio hasiera Reale Arenak bigarren itzuliari

Realak eta Athleticek 2022ko lehen derbia jokatuko dute igande honetan (12.00). Natalia Arroyok deialdian sartu du Synne Jensen jokalari iritsi berria. Eibarrek Rayo aurkari zuzena bisitatuko du (11.00).

Realak irabazi zuen lehen itzuliko derbia, San Mamesen jokatutako lehenbizikoa. Irudian, Azkona eta Maddi.
Realak irabazi zuen lehen itzuliko derbia, San Mamesen jokatutako lehenbizikoa. Irudian, Azkona eta Maddi. (Aritz Loiola | Foku)

Reale Arenak ateak zabalduko ditu igande eguerdian (12.00, ETB1) urteko partidarik bereziena hartzeko. Lehen Mailako derbi ugarirekin disfrutatu dezakete zale euskaldunek baina inork ez du pizten Realak eta Athleticek elkarren aurka jokatzen duteneko ikusmina. Are gehiago talde biak egiten ari diren denboraldi dotorea ikusita.

Bigarren itzuliari ekingo diote txuri-urdinek eta zuri-gorriek Reale Arenako partidarekin, euren helburu argi eta anbizio handiko asmoei bultzada garrantzitsu bat emateko intentzioarekin. Inoizko lehen itzuli onena egin ondoren, donostiarrek bigarren postua mantendu nahi dute, historian lehen aldiz Txapeldunen Liga jokatzeko txartela eskuratzeko. Bizkaitarren ibilbidea gorabeheratsuagoa izan da azken hilabete hauetan baina Iraia Iturregik adierazi duenez, «taldea prest ikusten dut sentsazioak eta zenbakiak hobetzeko eta argi dago lehen itzuliko zenbakiak hobetzen baditugu, goian egongo garela».

Epe luzeko erronka ez da erreza. Ezta lehen urratsa ere, 15 jardunalditan 12 garaipen lortu duen aurkaria bisitatzen baitu Athleticek. «Ezin dugu hitz egin ez boladaz, ez zorte onez, baizik eta izugarrizko lana egiten ari direla –azpimarratu du entrenatzaile bizkaitarrak–. Meritua dauka, ikusita zenbat jokalari berrirekin hasi zuten denboraldia». Argi dauka «partida oso gogorra izango» dela. «San Mamesen ikusi genuen partida parekatuta egon zela eta xehetasun batengatik joan zirela hiru puntuak Donostiara. Biharko gauza bera espero dut, partida oso parekatuta egongo da, batez ere fin ibili beharko gara areatan eta xehetasunak zaintzen». Faborito bat «egotekotan, argi dago beraiek izango liratekeela» onartu du Iturregik baina, bere ustetan, «partida hauek desberdinak eta bereziak izaten dira eta oso parekatuta egoten dira. Aposturik egitekotan oso zaila da esatea zer gertatuko den».

Bere taldea derbira hamaika puntuko aldearekin helduko den arren –Athleticek partida bat gutxiago jokatuta– antzekoa da Natalia Arroyoren diskurtsoa. «Derbietan gidoitik kanpo dauden gauzak gertatzen dira askotan. Eta gainera Athleticen kontra adi egon behar zara kontu askotan –esan du entrentzaile txuri-urdinak–. Oso talde bertikala da, erasoan abiadura desberdinak izan ditzakeena, baloia lapurtu eta trantsizio arriskutsuak egin ditzakeena, lan handiko eta begirada sakoneko zelai-erdia duena…».

Guzti horren aurrean, Arroyok bere taldea lehen itzulian ondo egindako hainbeste xehetasun errepikatzeko gai izan beharko dela uste du. «San Mamesen nola defendatu genuen gola sartu ondoren partida zailagoa jarri zenean, baloia daukagunean Alavesen kontra erakutsi genuen buru-argitasuna, Unben lehiatzeko izan genuen gaitasuna…». Eta, orokorrean, «baloiarekin ondo egon, intentsitatea eduki buruz buruko lehietan, beren trantsizioekin oso adi egon, etorriko diren zaleekin konektatu eta larregi ez begiratu Reale Arenan jokatzeak sor dezakeen inpresioari».

Helburua, noski, garaipena da. Batez ere sailkapenean urrun ez dagoen aurkari baten kontra. «Goian egoteko borroka horretan talde asko egongo gara. Desabantaila handiagoa dutenek, guk izan dugun bolada hartzea nahi izango dute eta garrantzitsua da puntuak eskuratu eta alde horiek mantendu edo handitzea. Athleticen lehen itzulia oso ona izan da eta derbi bar izateaz gain, sailkapenaren erronka dago ere: guk eskuratzen baditugu hiru puntuak, beraiek ez dituzte lortuko eta borroka horretatik kanporatu nahi dugun aurkari bat urrunduko dugu».

Arroyok Synne Jensen iritsi berria sartu du deialdian, «partidak erabakitzeko aukera gehiago emango digun» aurrelaria. Kanpoan gelditu dira, berriz, Tejada, Emma Ramirez eta, koronabirusa gainditu ondoren, Mirari eta Claudia, sendatuta egon arren, zuhurtziaz jokatzea nahiago dutelako txuriurdinek.

Athleticen aldetik, Yulema Corresek ezin izango du jokatu orkatila bihurritu ondoren eta derbia etxetik jarraitu beharko dute Naroa Uriarte eta Leyre Monente ere, hauek ere min hartuta. 

Rayo Vallecano-Eibar

Hil ala biziko partida jokatuko du, bestetik, Eibarrek Vallecasen (11.00). Azken zazpi partidetan sei porrot jaso ondoren, egoera larrian daude armaginak, are gehiago Vila-realek larunbat goizean Alaves gainditu ondoren. Bi puntuko koltxoia besterik ez dauka Eibarrek eta Vila-realek Espainiako Federazioak kendutako puntuak berreskuratzen baditu, aldea txikiagotuko da.

Bere taldeak oporrak «eskertu» dituela uste du Ana Junyentek, azken hilabeteak «gogorrak» izan baitira, «lana eta sentsazioak» onak izan diren arren. Biharko norgehiagokaren «garrantzia» onartu du eta baita erronkaren zailtasuna ere, Rayoren ibilbidea armaginena baino kaskarragoa bada ere.

«Barne arazoak dituzte baina oso jokalari onak dira eta behin baino gehiago erakutsi dute egoera zail horiek gainditzeko gaitasuna dutela. Talde ona da eta bere zelaian are zailagoa da. Asko borrokatu beharko dugu eta sufritzen jakin beharko dugu emaitza on bat ekartzeko», esan du.

Lesioek deialditik kanpo utzi dituzte Noelia, Morera eta Alejandra Bernabe.