NAIZ

Larrun frantses-euskaldun eskola ofizialki inauguratuko dute ostiralean

2020ko irailean abiatu zen Larrun eskola Haur Hezkuntzako ikasleei euskara eta frantsesa irakatsiz. Datorren ikasturtean Lehen Hezkuntza ere hartuko du eta gaztelania irakasten hasiko dira, eskola hirueledun bilakatuz.

Larrun eskolaren proiektuaren aurkezpena, 2019an.
Larrun eskolaren proiektuaren aurkezpena, 2019an. (Gorka RUBIO | FOKU)

Euskal Herriko mugaz gaindiko zentroa den Larrun frantses-euskaldun eskola inauguratuko dute ostiralean Donostian. Ekitaldia iaz egitekoa ziren baina osasun egoera dela eta, atzeratzea erabaki zuten.

Ekitaldira Bidaosako bi aldeetako erakundeetako ordezkariak gerturatuko dira, hala nola, Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria; Jokin Bildarratz Lakuako Hezkuntza sailburua; Eneko Goia Donostiako alkatea; eta Arola Urdangarin Euroeskualdeko zuzendaria. Hasieratik bere babesa eskaini duen Akitania Berria eskualdearen izenean, berriz, Alain Rousset presidentea ere bertan izango da, Jean-Louis Nembrini Hezkuntza aloko presidenteordearekin batera.

Bertaratuek ikastetxea bisitatzeko aukera izango dute eta, ondoren, zuzendaritza taldeak Larrun proiektua aurkeztu du. Inaugurazioaren ostean festa txikia egingo dute.

Larrun école basco-française 2020ko irailean jarri zen martxan, eta Haur Hezkuntza eskaintzen du euskaraz eta frantsesez. 2022-2023 ikasturtean Haur Hezkuntzako maila guztiak eskainiko dituzte (2 urtetik 5 urtera) eta hurrengo ikasturtetik aurrera Lehen Hezkuntza ere eskainiko dute.

«Hezkuntza eta hizkuntza proiektuak HUHEZI Mondragon Unibertsitatearekin batera garatu ditugu, gure ikasleei mundu aldakor honi aurrera egiteko beharrezko tresnak emateko», azaldu dute eskolatik. «Pedagogia berriztatzaileetan oinarritutako ikastetxea sortu dugu, lankidetza, solidaritatea eta ingurumenarekiko begirunea sustatuz», diote.

Frantsesa eta euskara naturaltasunez jasotzeko bi irakasleekin aritzen dira haurrak, bakoitza bere hizkuntzan mintzatzen dena. Txandaka aritzen dira, egun bakoitzeko hizkuntza bat.

Momentuz eskola elebiduna da, Haur Hezkuntzan frantsesa eta euskara besterik ez direlako irakasten, baina Lehen Hezkuntza txertatzen dutenean hirueledun bilakatuko da, gaztelania ere irakatsiko baitute. Helburua da eskolatzea amaitzerakoan ikasleek BachiBac diploma bikoitza eskuratzea (Batxilergoa eta Baccalauréat tituluen konbinazioa), goi mailako hezkuntza zein hizkuntzatan egin nahi duten aukeratu dezaten.