NAIZ

22. Korrikaren ibilbidea ezagutarazi du AEK-k

Euskararen aldeko ekimen erraldoia martxoaren 31n irtengo da Amurriotik eta, hamaika egunez Euskal Herri osoa igaro ostean, Donostian amaituko da, apirilaren 10ean. Ibilbidea gailu adimendunetarako ‘Korrika’ aplikazioan kontsulta daiteke. Otsailaren 1ean irekiko da kilometroak erreserbatzeko aukera.

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren kilometroa, Erandion, 2019ko apirilaren 10ean.
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren kilometroa, Erandion, 2019ko apirilaren 10ean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Ohiturari jarraituz, aurreko Korrika amaitu zen herrialde berean hasiko da aurtengoa: Araban, hain zuzen. Amurrio izan da ekintzari irteera emateko AEK-k aukeratutako herria, azaroan iragarri zutenez. Bertatik abiatuko da mezu sekretua daraman lekukoa martxoaren 31n, 16.30ean. Gaur jakinarazi dituzte ibilbide osoaren xehetasunak.

Amurriotik abiatu ondoren, lehenengo arratsalde-iluntze horretan Aiara eta Enkarterrin ibiliko da, eta apirileko lehenengo egunekin batera sartuko da Hego Uribera, Arrankudiagan barna.

Apirilaren 1eko gau osoa Bizkaian emango du Korrikak, Hego Uriben bertan eta Durangaldean, Gipuzkoara sartzeko ondoren, Eibarretik. Hortik Debagoienera (Bergara, Arrasate, Leintz-Gatzaga) eta, buelta Arabara, Legution barrena, arratsaldeko 17.00etan edizio honek egingo duen lehenengo hiriburua zeharkatzeko: Gasteiz.

Lasterkaldiak Lautadan emango ditu apirilaren 1eko azken orduak, Eginotik Ziordirako bidetik Sakanan sartzeko. Larunbata izango da dagoeneko, apirilaren 2a. Korrikalariek Nafarroan emango dute asteburu osoa, Sakanatik Iruñerrira, eta Iruñea hiriburutik Elortzibarrera. Hortik Izarbeibarra, Tafallaldera eta, eguna amaitzeko (igandea izango da jadanik), Erriberara.

Ekuadorra, Donibane Garazi eta Maule aldean

Apirilaren 3ko azken orduak Zangozaldean eman ostean, Pirinioetako orena izango da. Mendi eta haranetan ibiliko da lasterketa erraldoia, apirilaren 4ko 17.00etan edizio honek zapalduko duen hirugarren hiriburuan sartzeko: Donibane Garazi. Ez da bakarra izango; izan ere,  21.30ean Maulera ailegatzea aurreikusi du AEK-k. 22. Korrika erdia eginda egongo da ordurako.

Apirilaren 5eko lehenengo orduak Zuberoan emango ditu lekukoak, hortik berriro Nafarroa Beherera bueltatu, eta Baigorritik Erratzurako bidetik Nafarroa Garaiko hurrengo etapa egiteko. Baztan, Ultzama, Larraun, berriro Sakana eta Lizarraldeko biztanleek ikusiko dituzte korrikalariak pasatzen egun horretan.

Apirilaren 6arekin batera helduko zaigu Arabako hurrengo etapa. Mugatik Kanpezurako bidean barrena, eta Mendialdean ibiliko da lekukoa, eskuz esku. Hortik Trebiñu, Añana eta Gorbeialdera, azkenik Bizkaira sartzeko Arratiatik, 22. edizio honetan bigarren aldiz. Ondoren, bi egun emango ditu Bizkaian Korrikak: Arratiatik Usansolora, eta Txorierritik Bilbora, hurrengo hiriburura. Apirilaren 6an, iluntzeko 19.30 izango dira dagoeneko. Ezkerraldea eta Meatzaldetik ibiliko dira korrikalariak 7ko ordu txikietan, eta goizaldea Uribe Kostan pasako dute. Hortik Uribe Butroe, Busturialdea eta Lea-Artibaira, eguna azkenik Mutrikun amaitzen ikusteko.

Nafarroako azken etapa eta amaiera Donostian

Korrikak apirilaren 8 osoa Gipuzkoan emango du: Deba, Urola (Zestoa), Urola Kosta, Buruntzaldea, Tolosaldea, berriro Urola, Goierri eta berriro Tolosaldea, eguna bertan amaitzeko. Larunbatarekin batera ekingo diote korrikalariek Nafarroako azken etapari: Leitzaldea, Malerreka eta Bortzirietan, Lapurdira sartzeko geroago Ibardinen barrena. Apirilaren 9a Lapurdiren txanda izango da, eta lekukoa 17.30ean ailegatuko da Baiona hiriburura.

Euskal Herriko herrialde guztiak ukituak izango ditu ekimenak ordurako, baina azken eguneko txanpa faltako zaio oraindik, apirilaren 10ekoa: hegoaldera joko du lehenik, eta berriro sartuko da Gipuzkoara Irundik. Bidasoa atzean utzita, Oarsoaldea zeharkatuko dute, Hernanialdea atzean utzi eta, azkenik, Añorgatik sartuko da Korrika Donostiara, goizeko 7.30ak aldera. Mezuaren irakurketa eta amaierako jai handiaren hasiera eguerdiko 12.30erako aurreikusita dago, Donostiako Bulebarren.

Gailu adimendunetarako aplikazioa eta kilometroa gordetzeko aukera

AEK-k jakinarazi duenez, ibilbidearen xehetasunak (ordutegiak, esaterako) eta ekimenaren beraren unean uneko egoera kontsultatu ahalko da gailu adimendunetarako ‘Korrika’ aplikazioaren bidez. Aurten, programak hainbat berrikuntza dakartza: bilatzaile hobetua eta estaldura arazoak ekiditeko sistema berria, kasu. Aplikazioa eskuragarri dago dagoeneko Android eta IOS sistema eragileen dendetan. Osagarri moduan, ibilbide osoa herrika eta eskualdeka ere badago ikusgai www.korrika.eus webgunean.

Korrikaren 22. edizioak ‘HitzEkin’ leloa izango du. «Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak», nabarmendu zuten aurkezpenean.

Kilometroak erreserbatzeko aukera otsailaren 1ean zabalduko da. Interesa dutenek Korrikaren bulegoekin harremanetan jartzea besterik ez dute, kilometro zehatza gorde eta AEKren euskaltegien aldeko diru ekarpena egiteko.